
Titularra testuingurutik ateratakoa dela esango dute askok. Edo, ingelesez esaten den bezala, clickbait hutsa dela. Beraz, ezer baino lehen, argitzeko: hitzez hitz gazteleratik itzulita dago. Trumpen politikak eta estrategiak Europa “esna dadin” gako izan daitezkeela adierazi nahi du esaldiaren egileak, eta kontinente zaharrari gaitasun propioak eta independentzia garatzeko beharraz jabetzeko baliagarria izan ahal zaiola. Juan Verde AEBko presidente ohi Joe Bidenen aholkularitza kontseiluko kide izandakoaren aipua da, Elkargik antolaturiko 35. Enpresa Topaketan eginikoa.
Elkarrekiko berme sozietateak Quo vadis Europa? lelopean paradigma geopolitikoaren baitan Europak jokatu beharreko paperean jarri zuen fokua atzo Donostiako Kursaal Jauregian eginiko jardunaldian. Anfitrioi izanik, Lander Arteche eta Zenón Vazquez Elkargiko presidente eta zuzendari nagusiak entitatean jarri zuten fokua ekitaldi hasieran, eta horren ostean hiru parte izan zituen topaketak: lehena, Alicia Pertusa BBVAko Madrilgo zuzendari-gerentea eta Alex Rayón Brain and Code Techeko sortzailearekin solasaldia, eraldaketa teknologikoari buruzkoa; bigarrena, Jacques Delors institutuko presidente Enrico Lettari eginiko elkarrizketa —bideo bitartezkoa—, Zenón Vazquezen eskutik; eta hirugarrena, Espainiako Kanpo Arazoetako ministro ohi Jose Manuel García-Margallo eta Josep Borrellekin, eta Juan Verde berarekin, Europak jokatu behar duen partidan zentratua. Den-dena, Elkargiko Komunikazio zuzendari Urko Odriozolak aurkeztua.
Aktualitate ekonomikoa ikusita, ziurgabetasunaren eta Trumpen erabaki gorabeheratsuen aurrean eman beharreko erantzunak prestatzea ezinbestekoa dirudi. Horixe egiten saiatu ziren parte-hartzaileak: ideiak ematen. Hona hemen hitz egindakoa lau gakotan.
1. Desmendebaldetzea eta orden mundiala "pikutara"
Testuinguruaren diagnostikoa nahiko partekatua da. 1945eko orden mundiala hankaz gora jarri da, batez ere azken 60 egunetan, eta horrekin, oinarri ziren "giza eskubideei errespetua, legeari errespetua eta ekonomia irekia", García-Margalloren hitzetan.

Aldi berean, munduaren desmendebaldetze prozesu baten lekuko izaten ari gara. Txinak harturiko indarra da horretan eragiten duen faktoreetako bat. Asiako erraldoiak 40 urteko bidean lorturikoa azpimarratu du Borrellek, munduko BPGaren %1 izatetik AEB berdintzera igaro baita, eta bere eragin-eremua zabaltzen joan baita, Afrikara, esaterako. "Ezin da ahaztu, noski, partidu bakarreko sistemarekin lortu duela". Halaber, Ipar Amerikako herrialdeak horretan zerikusi handia izan dutela dio. "Txina egun da dena AEBk eginiko kapital txertatzeagatik, eta transferentzia teknologikoagatik, azken hori beti nahita egin ez badu ere".
Josep Borrell: "Desmendebaldetzea ez da ekonomiko eta demografikoa bakarrik. Lehia izango da bizitza antolatzeko balioei buruzkoa"
Txinaz gain, Verdek mahaigaineratutakoaren arabera, BRICS delako herrialdeak —Brasil, Errusia, India, Txina eta Hego Afrika— munduko populazioaren %50 eta BPGaren %38 osatzen dute orotara. Are, moneta propioa sortzeko proposamena ere mahaigaineratu dute, eta instituzio alternatiboak sortzekoa. "Desmendebaldetze hori ez da ekonomiko eta demografikoa bakarrik. Lehia izango da bizitza antolatzeko balioei buruzkoa", esan du Borrellek.
García-Margalloren hitzetan, hiru polo nagusi izango dituen mundu baterantz goaz: Errusia, Txina eta AEB. Eta bakoitzak bere eragin eremua izan dezake. Europa non geratuko den ikusteko dago. "Baina mahaian egotea lortu behar du. Mahaian ez bazaude, menuaren parte zara".
2. Europaren lehiakortasuna behera
Hori gertatu da, gainera, Europak mundu mailako lehiakortasuna galdu duen egoera baten. Eta ez du zerikusia soilik bere lehiakortasuna Errusiaren gasarekiko, Txinan egiten zuen ekoizpenarekiko eta AEBri erosten zien armekiko oso dependiente egin izanarekin. Baita ere, oro har, munduko populazioaren %25 izatetik %5 izatera igaro delako, automobilgintza eta farmazeutikaren sektore zaharretan "ainguratuta" jarraitzen duelako edota 200.000 milioi euroko kapitalizaziotik gorako enpresarik sortu ez delako azken 50 urteetan, García-Margallok azaldutakoaren arabera.
Lettaren ustez, zerikusia du Europak benetako merkatu bakarra lortu ez izanarekin. "Uste dugu gure ekonomian batasuna dagoela; ez da hala. 27 merkatutan gaude banatuta", adierazi du Italiako lehen ministro ohiak, Europaren etorkizuneko bideorria lantzeaz arduratu dena Mario Draghirekin batera. Telekomunikazio, energia eta halako beste sistemetan dagoen zatiketaz ari da.
Hori gutxi balitz, Trumpen politikek Europa are gehiago zatitzera eraman nahi dute, besteak beste. "Muga-zergen erabilerarekin desoreka komertzialak zuzendu nahi ditu. Merkantziez ari da, eta ez zerbitzuez. Kanpainan agindu bezala zergak herritarrei jaisteko, kanpo-zergak handitu nahi ditu. Eta gainera, xantaia tresna ere bada", dio Borrellek.
3. Kontinente zaharrak ezinbesteko du aurrea hartzea
Borrellen ustez, Europa da mundu mailan hiru faktore hobekien bateratzen dituen eremua. Hiru elementu horiek dira "askatasun politikoa", "gizarte kohesioa" eta "ekonomia garapena", azken horretan egun une onena bizi ez badu ere.

Kontua da, hala izaten jarraituko du? "Ez, ez badugu horretarako esfortzurik egiten", azpimarratu du Europar Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkari izandakoak. Krisialdietatik indartsuago aterako delaren ustea alde batera utzi, eta behingoz "aurrea hartzea" ezinbestekotzat jo du Borrellek. "Aurre egitea", dio García Margallok, eta ez Trumpi bakarrik, baita Putini ere, Ukrainako gerra lehen lerrora ekarrita.
Enrico Letta: "Uste dugu gure ekonomian batasuna dagoela; ez da hala. 27 merkatutan gaude banatuta"
Halaber, merkatu berrien esplorazioa ezinbestekotzat jo du Borrellek, Verdek kritikatu ostean Espainiak Txinarekiko egingiko kondiziorik gabeko hurbiltzeak kezka sortzen diola. "AEB mundu mailako merkataritzaren %13 da, eta gainontzeko %87 beste tokietan dago. Alternatiba komertzialak bilatu behar dira".
4. Integrazioa eta segurtasuna
Lettak dioenez, batasuna ez da nahikoa; "integrazioa" aldarrikatzen du telekomunikazioetan, energian edota finantza merkatuetan, lehiatzeko faktore gisa. "Ez izan beldurrik herrialde bezala identitatea galtzeko", nabarmendu zuen. Halaber, Europak "bere segurtasunaren kargu egin" behar du, horrek "autonomia" emango diolako. Segurtasunaz ari denean, bere ikuspegi osoaz ari dela nabarmendu zuen Lettak. Alegia, armagintza eta defentsa sektoreaz, baina baita sektore finantzario indartsua, lehiakorra, eta oro har independente izateaz ari da batez ere.
Borrell, Lettarekin bat etorrita ere, defentsarako egitura baten beharra mahaigaineratzen du, datuek erakusten baitute Gerra Hotza amaitu zenetik Europa desarmatzen joan dela. "Badira zenbait dependentzia ezin ditugunak onartu", ohartarazi du Borrellek.
Krisialdietatik indartsuago aterako delaren ustea alde batera utzi, eta behingoz "aurrea hartzea" ezinbestekotzat jo du Borrellek. "Aurre egitea", dio García Margallok
Eta horretan guztian, kapital publikoa ez da nahikoa. “AEBk lortu du azken 10 urteetan laukoiztea kapital pribatuaren inbertsioak”. Lehia horretan kontinente zaharrak ere egon behar du.