Nekazarien protesten oihartzunak segida izan du aste honetan. Aurreko astean Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako errepideak eta kaleak hartu bazituzten, Gipuzkoak lekukoa hartu du oraingoan. WhatsApp bidez antolatu eta Donostiara eraman dute protesta, “itota daudela” salatzeko. Deialdiarekin ez dute bat egin ENBA eta EHNE sindikatuek, eta martxotik aurrera mobilizazioen egutegi propioa iragarri dute. Zabalak dira oso nekazarien aldarrikapenak. Alde batetik, produktuak prezio duinean saldu ahal izatea eta bestetik, dirulaguntzak jasotzeko burokrazia arintzea. Klima larrialdiaren zama eta nazioarteko lehia ere izan dute hizpide. Gipuzkoako nekazariek “gizartea osatzen duen parte bakoitzari” dei egin zioten, baina erakunde publikoak izan ziren euren kritiken jomuga nagusia, lan administratiboa eta tramiteak lausotzeko eta ekoizpen kostua legea betearazteko.
Europa izan zen sutsuen kritikatu zuten erakundea. Bruselan adosten da Europako Nekazal Politika Bateratua eta klima larrialdiari aurre egiteko 2030 agenda. Baina bada Europako Batasunari leporatzen dioten beste kontu bat: nazioarteko merkataritza librerako hitzarmenen negoziazioa. Hala, Marokorekin eta Mercosur osatzen duten herrialdeekin baditu Europak akordioak eta negoziazio bidean daude Japonia, Zeelanda Berria, Mexiko edo Txilerekin besteak beste. Hitzarmen hauen bitartez Europak merkataritza gune horietako nekazal produktuak inportatzen ditu baldintza faboragarrietan. Nekazariek hitzarmen horietan “ispilu klausulak” ezartzea eskatzen dute, hango nekazal produktuei Europakoei eskatzen zaizkien betebehar guztiak eskatzeko.
Alor ugari negoziatzen dira nazioarteko merkataritza akordioetan eta alderdi bakoitzak bere eskakizunak jartzen ditu mahai gainean. Marokoko tomateari atea ixteak, esaterako, bertako uretan arrantza egiten ez uztea ekar lezake
Ez da lehen aldia gizarte mugimenduek nazioarteko merkataritza hitzarmenak ezbaian jartzen dituztela, Europako araudiari izkin egiten duten produktuak sartzen uzten dielako edo subiranotasunaren kontrakoak direlako, besteak beste. Kontua da alor ugari negoziatzen direla halako akordioetan eta alderdi bakoitzak bere eskakizunak jartzen dituela mahai gainean. Marokoko tomateari atea ixteak, esaterako, bertako uretan arrantza egiten ez uztea ekar lezake. Merkataritza hitzarmenen ondorioa baino ez denak agerian uzten ditu, besteak beste, globalizazioaren albo kalteak.
Teknofeudalismoa, kapitalismoaren hiltzaile?
Europako hauteskundeen atarian heldu dira nekazarien mobilizazioak, eta badira etekinik atera nahi izan duen alderdirik. Klima aldaketaren negazionismoa egiteko baliatu nahi izan ditu ultraeskuinak nekazarien protestak. Globalizazioaren kontra egiteko, ere bai. Estrategia ez da berria. Donald Trump, Jair Bolsonaro eta Javier Mileik AEBn, Brasilen eta Argentinan erabilitako gidoia itsu itsuan jarraitu nahi du eskuin muturrak Europan. Globalizazioaren eskema neoliberala jarraituta, lantegiak produkzio kostu baxuagoa zuten herrialdeetara eraman zituzten AEBko hainbat enpresek, bertako gune industrialak basamortu bihurtuz. Samin horretaz baliatu zen Trump Etxe Zurira heltzeko eta, presidente zela, nazioarteko merkataritzarako hitzarmenak ezbaian jarri zituen. Globalizazioaren urrezko garaiaren bukaeraren hasiera baino ez zen izan. Urte gutxi batzuk beranduago, Covid-19ak agerian utzi zuen ustez modu ezin hobean ziharduen globalizazioaren makinariak musuko eta medikamenturik gabe utzi zuen Europa, subiranotasunaren auzia lehen lerroa ekarriz.
Covid-19ak agerian utzi zuen ustez modu ezin hobean ziharduen globalizazioaren makinariak musuko eta medikamenturik gabe utzi zuen Europa, subiranotasunaren auzia lehen lerroa ekarriz
Globalizazioak mundu mailako ekonomia sistema eraldatu zuen. Oraingoan, ordea, tamaina horretako beste eradalketa baten aurrean gaude, kapitalismotik teknofeudalismora eramango gaituena. Horrela uste du, behintzat Yanis Varoufakis Atenaseko Unibertsitateko ekonomia katedraduna eta Greziako ekonomia ministroa izandakoak. Aste honetan aurkeztu du Technofeudalism: What killed capitalism, bere azken liburuaren gaztelaniazko bertsioa. Varoufakisen ustez, GAFA bezala ezagutzen diren teknologiaren erraldoiak (Google, Apple, Facebook eta Amazon) munduaren jabe bihurtu dira. Aitzineko feudoetan bezala, jauntxo berrientzako doan egiten dugu lan, argazkiak, iruzkinak eta iritziak publikatuz sistemaren makinaria elikatuz. Kapitalismo tradizionalaren ekoizpen-baliabideetan ez bezala, egungo kapitala hodeian dago eta ez du gauzarik ekoizten. Gizakion jokabidea eraldatzeko gailuez osatuta dago, Amazonen Alexa edo Googlen laguntzailea, esaterako. Ez dugu ohikoa ekonomia liburuen berri ematen EnpresaBIDEAn, baina deigarria iruditu zait aste honetako nobedadea.
Erraldoi teknologikoek egiten duten datuen erabilerari adimen artifizialaren inguruko eztabaida gehitu zaio azken hilabeteotan. Europako Batasunak Meta (Facebook), Google eta Amazoni 3.440 milioitik gorako isunak ezarri dizkie azken lau urteotan, eta erabiltzaileen datuak Europatik ateratzea debekatu dio Microsofti. Baliteke Varoufakisen liburuak zientzia-fikziotik asko izatea baina Black Mirror serie distopikotik, ere, asko badu. Apple etxearen akzioen kotizazioak iaz jo zuen goia. Egun pixka bat merkeago badaude ere, maximoetatik oso gertu daude. Enpresaren kapitalizazioa Espainiako estatuko BPGaren halako bi da. Nagusitasun teknologikoari ekonomikoa ere gehitu behar zaio.
Arau fiskal berriak datoz
Yanis Varoufakis ez dugu ezaguna liburuak idazteagatik soilik. 2015ko udaberrian Europako Batzordeari aurre egiteagatik bihurtu zen informazio ekonomikoaren protagonista. Grezia izan zen 2008ko finantza krisiaren ondotik etorri zen zor publikoaren krisia gogorren nozitu zuen herrialdea. Greziako ekonomia ministroa zen Varoufakis garai horretan eta tinko eutsi zien Europako Batzordea, Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Banku Zentrala osatzen zuten troikari. Kaudimen gabezi egoeratik ateratzeko Troikak eskaini zion erreskatearen baldintza gogorrak onartu ez eta erreferenduma deitu zuen Alexis Tsiprasen gobernuak. Herriak gobernuaren apustua babestu bazuen ere, Tsiprasek men egin behar izan zion Troikaren jarrera zorrotzari. Austeritatearen (austerizidioaren) garaiak izan ziren, prekarietate eta sufrimendu handia ekarri zutenak. Ematen du Europako agintariek lezioa ikasi zutela eta pandemiaren krisiari bestelako neurriekin erantzun zioten, inoizko politika hedakorrenak abiatuz.
Estatuen aurrekontuak murrizten zuten gastu-araua ere stand by egoeran utzi zuen Bruselak, orain arte. Negoziazio luzeen ostean estatuek adostu dute arau berrietarako oinarria
Next Generation funtsak horren adibide dira. Estatuen aurrekontuak murrizten zuten gastu-araua ere stand by egoeran utzi zuen Bruselak, orain arte. Negoziazio luzeen ostean estatuek adostu dute arau berrietarako oinarria. Larunbatean, otsailak 10ean, heldu ziren akordiora Europako parlamentua eta Batzordea. Egiturazko gastu publikoa diru sarrerak baino txikiagoa izatea du helburu proposamen berriak. Ez dute, baina, lan erraza izango. Zor publikoa murriztuta, trantsizio berdea eta digitalari ekiteko behar beste gastu burutzea da helburua. Zor publiko altua duten estatuek, BPGren %60koa baino gehiago, maila horretara bueltatzeko lau urterako planak aurkeztu beharko dituzte, aurrera emango dituzten erreformak bilduz. Frantzia edo Espainia bezalako estatuak, hortaz, Europaren begiradapean aritu beharko dira, neurrira egindako plangintzak betez. Espainiako gobernuak 2024ean defizitaren %3ko iragarpena egina du. Aste honetan, aldiz, ekonomialarien kontseiluak estimazio hori zuzendu dut, defizita %3,4ra igota. Hala balitz, nekez gaindituko luke Espainiak arau fiskalaren galbahea.
Europa atzeralditik gertu
Ekonomiaren bilakaera eta, hortaz, zergen diru bilketa, gako izango dira zor publikoa eta defizita murrizteko. Asteazkenean eman zituen Eurostatek hazkunde ekonomikoaren datuak. Ikusmina zegoen eurogunea atzeraldian sartuko ote zen. Ozta ozta bada ere, ekidin du. Azken hiruhilekoan ekonomia ez aurrera ez atzera eginda ibili zen, %0ko hazkundea izanik. Aurreko urteko datuekin alderatuta, ekonomiak %0,3 egin zuen gora eurogunean. Europako Batasuneko datuei erreparatuta (euroa darabilten estatuek baino ez dute osatzen eurogunea) datua zertxobait hobea da: azken hiruhilekoan %0,1 egin zuen gora. 2023ko batez besteko hazkundearen berri ere eman du Eurostatek, %0,5ekoa, aurreko urteetan baino nabarmen baxuagoa.
Asteazkenean eman zituen Eurostatek hazkunde ekonomikoaren datuak. Ikusmina zegoen eurogunea atzeraldian sartuko ote zen. Ozta ozta bada ere, ekidin du
Euskal Herriari dagokionez, ogasunen diru bilketaren berri izan dugu. Nafarroako ogasunak 4.975,2 milioi euro bildu zuen, aurreko urtekoa baino zertxobait gutxiago. 2024ri dagokionez, bilketak %5,6 gora egitea aurreikusten du Nafarroako Gobernuak, BPGren aurreikuspena (%1,3) eta inflazioarena (% 3,4) baino altuagoa. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionez, hiru ogasunen bilketa 18.212 milioi eurokoa izan zen 2023an, aurreko urtean baino %6,3 gehiago.
Astelehenean bildu zen Herri Dirubideen Euskal Kontseilua, Pedro Azpiazu sailburua buru zuela. Politikari bilbotarraren azken kontseilua izan zen legebiltzarrerako hauteskundeen ostean ez duelako politikaren lehen lerroan jarraituko. 2024an aurreko urteko hazkundearen parekoa espero du sailburuak, eta hori diru bilketaren estimazioetan ere igarri egiten da. Izan ere, aurten sarrerek %4,3 gora egitea aurreikusten du. Prebisio baikor horien atzean inflazioari aurre egiteko hartutako zergen inguruko neurrien bukaera dator, hein handi batean, eta baita zerga berrien eragina ere. Prezioek jaitsieren bidea hartu dutela ematen badu ere, oraindik kezka iturri dira. Izan ere, urtarrilean beherazko joera eten egin da. Banku eta enpresa energetikoei ezarritako tributu berezia bi urterako onartu bazen ere, ez dago argi gobernuak luzatuko duen. Estatu mailako finantza erakunde nagusiekin bildu da Carlos Cuerpo Ekonomia ministroa aste honetan, eta zergaren etengabeko azterketa egiten ari direla esan du, etorkizunean luzatzeko aukeraren inguruan informazio berririk eman gabe. Podemos alderdiak bankuen zerga mozkinaren %50era igotzeko proposamena, aldiz, errotik baztertu zuen ekonomia ministroak.
Etxebizitzaren auzia, finantza kluster berria eta Talgoren erosketa
Eusko legebiltzarrerako hauteskundeak hurbildu ahala, zergen erreformaren gaiak indarra hartzen du. Azpiazu sailburuak aurten egingo dela uste du, “presarik ez dagoela” nabarmenduz. Iñaki Arriola etxebizitzarako sailburu sozialistak zerga erreformak etxebizitzaren fiskalitateari heldu behar diola nabarmendu zuen aurreko astean. Herritarren kezka nagusietako bat da etxebizitzarena eta politikariek oso ondo dakite. Hauteskunde giroa borborka dabilela, Pedro Sanchezen gobernuak etxebizitza erosi nahi duten gazteei hipotekaren %20 bermatzeko 2.500 milioi euroko abal programa onartu zuen asteazkenean, ICO Krediturako Institutu Ofizialaren bitartez. Ez dago argi zein prezio bitarteko etxebizitzak aintzat hartuko dituen programak, neurriaren letra txikia oraindik ez delako ezagutzen. Ikusteko dago neurri berriak nola eragingo duen oso tentsionatuta dabilen higiezinen merkatuan.
Eusko Jaurlaritzak zuzentzen duen Etxebizitzaren Euskal Behatokiak iraila bitarteko datuak aurkeztu zituen asteazkenean. 2023ko hirugarren hiruhilekoan etxebizitzen prezioak %3,8 egin zuen gora batez beste Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Igoerarik handiena eraiki berri diren etxebizitzetan eman zen, %8,7koa. Ondorioak nabariak dira, urtebete baino denbora laburragoan 3.700 salerosketa gutxiago egin dira. Duela urtebete onartu zuen diputatuen kongresuak etxebizitza lege berria, eta bere eragina neurtzeko goiz bada ere, ez du ematen prezioak menderatzeko balio izan duenik. Euriborraren prezio altuak ere zaildu egin die etxebizitza erosi nahi dutenei finantzaketa lortzea. Iñigo Urkullu lehendakariak bozken data oraindik argitu ez badu ere, hauteskunde usaina dario euskal politikari. Zalantzarik ez izan etxebizitzaren afera bolo bolo ibiliko dela.
2023ko hirugarren hiruhilekoan etxebizitzen prezioak %3,8 egin zuen gora batez beste Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Igoerarik handiena eraiki berri diren etxebizitzetan eman zen, %8,7koa
Astelehenekoa ez zen izan Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak egin zuen agerraldi bakarra. Asteazkenean BasqueFIK finantza eta inbertsio kluster berriaren aurkezpenean parte hartu zuen Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera. Euskal Autonomia Erkidegoko finantza erakunde nagusiek hartzen dute parte kluster berrian eta enpresen errotzea bermatzeko neurrien inguruko hausnarketa sustatzea du helburu. Egoitza (eta jabetza kasu askotan) Euskal Herritik urrundu duten enpresen adibide ugari izan dugu azken urteotan.
Aste honetan, baina, Arabara bueltatu daitekeen konpainia baten berri izan dugu, trenak ekoizten dituen Talgo enpresa. Hungariako Magyar Vagon korporazioak Talgo erosteko asmoa adierazi du, 630 milioitik gorako eskaintza eginda, eta Vocento taldeak jakinarazi duenez, baliteke egoitza Arabara ekartzea. Euskal jatorria du Talgo (Tren Articulado Ligero Goicoechea-Oriol) enpresak. 1942an sortu zen Alejandro Goikoetxea ingeniaria eta Jose Luis Oriol Uriguen enpresaburuaren eskutik. Oroitzapen mingotsa dakarkio, baina, hainbateri Goikoetxearen izenak. Gerra zibilean Eusko Jaurlaritzak Bilborako defentsarako proiektua enkargatu zion. Hilabete batzuk beranduago frankisten aldera pasatu zen, Jaurlaritzari traizio eginez eta Bilboko defentsa agerian utziz.