Abian jarri da, bosgarren aldiz, Euskadi Bono Denda kanpaina

Hamar euroko bonuak erabiltzeko parada izango dute herritarrek, 30 euroko edo gehiagoko erosketak egitean, zerbitzu zein saltokietan

Bono Denda egitasmoan parte hartzen duen denda bat | Argazkia: Europa Press Bono Denda egitasmoan parte hartzen duen denda bat | Argazkia: Europa Press

Martxan da Euskadi Bono Denda programaren edizio berria. Deialdi honen helburua da hiri zein herrietako saltokietan merkataritza jarduerak sustatzea. Bosgarren deialdia izango da aurtengoa, eta 3,5 milioi euro bideratuko dira programara.

Egitasmoaren bitartez, hamar euroko deskontu bonua ematen zaio 30 euro edo gehiago gastatzen dituen orori, beti ere programan parte hartzen duen saltoki batean egitean erosketa. Onuradun bakoitzak, gehienez, hiru bonu erabili ahal izango ditu.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatutako programa honetan parte hartu ahal izango dute merkataritzaren arloko autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek kudeatutako denda eta zerbitzuek. Zenbait sektoretakoak izan daitezke horiek: ehungintza, oinetakoak, drogeria eta burdindegia, liburu-establezimenduak, papergintza, etxeko-ekipamendua eta dekoraziokoa, ile-apaindegiak, garbitegiak, tindategiak, argazki-zerbitzuak eta markogintza-zerbitzuak.

Urriaren 24tik 30era bitartean izango dute aukera establezimenduek programan parte hartzeko; azaroaren 12rako amaituko da eskabide horiek baliozkotzeko prozesua. Herritarren kasuan, bonuak eskuratu eta erabiltzeko epea izango dute azaroaren 15etik abenduaren 5era bitartean.

Azkeneko edizioan, orotara 480.000 bonu trukatu ziren, alegia, 4,9 milioi euro, eta 5.200 establezimendu baino gehiagok hartu zuten parte. Horietako 67.000 bonu trukatu ziren Araban, 164.000 Gipuzkoan, eta 248.000 Bizkaian. Lehen lau edizioetan guztira 28 milioi euro bideratu ditu jaurlaritzak, hau da, 2,8 milioi bonu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK