• EKONOMIA
  • Euskadik 1.089 milioi jaso ditu orain arte Europako funtsetatik

Euskadik 1.089 milioi jaso ditu orain arte Europako funtsetatik

Ekonomia eta Ogasun sailburuak prozesuak "azkartzea" eskatu du funtsak "garaiz eta behar bezala" irits daitezen

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua Legebiltzarrean | Argazkia: Eusko Legebiltzarra
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua Legebiltzarrean | Argazkia: Eusko Legebiltzarra
2022eko ekainaren 24a
Eg. 2022eko ekainaren 24a

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak jakinarazi duenez, Euskadik 1.089 milioi jaso ditu Europako Berreskuratze eta Erresilientziarako Mekanismotik. Horietatik 856 milioi Eusko Jaurlaritzak kudeatzen ditu, 143 milioi Espainiako Gobernuak eta 90 milioi euskal toki-erakundeek.

"Dirua berandu dator eta hori oso kezkagarria da. Eusko Jaurlaritza eskari berriak egiten ari da abian jarritako prozesuak bizkortzeko, funtsak Euskadiko gizarte- eta produkzio-sarera garaiz eta behar bezala iristeko ", defendatu du sailburuak.

Azpiazuk agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordean, Europako Berreskuratze, eta Erresilientziarako Funtsen egoeraren berri eman eta horrek Euskadin duen eragina azaltzeko. Europatik ahalik eta baliabide gehien erakartzen saiatzea “beharrezkoa” dela azaldu du.

2022ko bigarren seihilekoa "Europako funtsak ezartzeko giltzarria" dela esan ondoren, sailburuak gogorarazi du 2023 amaitzerako esleituta egon behar dutela diru-laguntzen tarteko lehen 70.000 milioiek eta nabarmendu du "asko dagoela egiteko” eta “denbora aurrera doala". Europako Berreskuratze eta Erresilientziarako Funtsen tramitazioa “presazkotzat” hartu behar da, “epeak erdira murriztu ahal izateko", errepikatu du.