Autogobernu ekonomikoa defendatu eta indartzea, Jaurlaritzaren konpromiso politikoen bideragarritasun ekonomikoa bermatzea, eta finantza politika garapen ekonomikorako eta errotzeko tresna gisa erabiltzea izango dira Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailaren jarduera nagusiak. Hala zehaztu du gaur Noel d’Anjou sailburuak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian.
Europako Batasunaren esparruan autogobernu ekonomikoa eta finantzarioa indartzen ahaleginduko da d’Anjou buru duen saila. Bi sailburuordetza izango ditu: Ogasuna, eta Finantza Politika eta Aurrekontuak (Kontrol Ekonomikoko Bulegoarekin batera), eta Gai Ekonomikoetarako eta Finantzaketarako Batzordea, zeinetan sailburua bera izango den batzordearen buru.
Finantza Politika eta Aurrekontuetako Sailburuordetza arduratuko da EAEko aurrekontuak egiteaz, eta lege proiektua urriaren 29ko Gobernu Kontseiluan onartzea aurreikusten du.
d’Anjouk jakinarazi du “arreta berezia” eskainiko diola euskal enpresen hazkunde ekonomikoa eta errotzea indartuko duten tresnak garatzeari, batik bat, Finantzen Euskal Institutuaren bidez. Finkatuz funtsaren erabilera bultzatu eta BasqueFIK klusterrari laguntza emango diola ere azaldu du sailburuak: “Uneak finantza-tresna berriak aktibatzea eskatzen du: eskura dauden baliabideen zati bat industria-proiektu berrien sorrerara bideratzea, etorkizuneko enpresa-ekimenen hazkundea babestea eta Euskadin liderrak diren enpresak errotzea”.
Halaber, d’Anjouk aditzera eman du garrantzi handikoak izango direla foru aldundiekin, udalekin, Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta, aldi berean, Europako erakundeekin garatu beharreko harremanak. “Erabaki ekonomiko finantzarioak hartzen diren nazioarteko erakundeetan gure presentzia lortu eta areagotzeko lan egingo dugu”, aurreratu du