Euskal Herriko azken hogei urteetako ekonomiaren gaineko azterketa sakona egin du Gaindegiak, eta horren gaineko txostena aurkeztu zuten atzo Donostiako Tabakaleran egindako agerraldian. Hogei urte bete ditu Euskal Herriko garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako behategiak eta azterlanaren xehetasunak eman zituzten atzoko ekitaldian.
"Estatistiketara jo orduko, zifrek erakusten dute herrialdeko ekonomia prest dagoela euskal gizartearen jomugetarako euskarri izateko", azpimarratu zuen Iñaki Dorronsoro Plazaolak, Gaindegiako presidenteak. Bere hitzetan, "beste gauza bat da, agerikoa den horretatik eztabaidatu behar ote den nola eratu den ekonomia hori, eta nola banatzen den, baina hasteko gure ekonomiak badauka herrialdeari eusteko adina bere baliabideekin, bigarren aktore solidarioen mende ibili beharrik gabe, eta elkartasuna sortzeko gauza da, hori bai, beste komunitate batzuentzat, Europako beste errealitate batzuekin konparatzen bagara".
Iñigo Dorronsoro: "Estatistiketara jo orduko, zifrek erakusten dute herrialdeko ekonomia prest dagoela euskal gizartearen jomugetarako euskarri izateko"
Dorronsorerekin batera izan ziren atzo Anjeles Iztueta Azkue behategiko zuzendaritzako kidea eta Xabier Oleaga idazkaria. Iztuetak txostenaren eduki orokorra azaldu zuen, lau ataletan banatuta dagoena: demografia, ekonomia, gizartea, eta ingurua.
1. Adineko taldeen dentsitate handia
“Euskal Herriaren populazioa hiru milioi biztanleren azpitik zegoen orain hogei urte, eta gaur egun aise gainditzen du muga hori", jakinarazi zuen Iztuetak. Azterlanaren arabera, %9,5 handitu da biztanleria, eta egun 3.200.000 biztanle baino gehiago ditu. Immigrazioa izan da hazkunde horren arrazoia, izan ere, jaiotze tasa nabarmen apaltzen ari da eta heriotzena handitzen.
2007tik 2022ra, haur kopurua murriztu egin da, eta lan-adineko populazioak goia jo zuen 2012an. Zahartze prozesua oso nabarmena da, eta bizi itxaropen altuak, emakumeenak batez ere, adineko taldeetan dentsitate handia sortu du.
Euskal Herriko jaiotza-tasa 2000. urtean mila biztanleko 8,7 izan zen, baina 2022rako 6,6raino jaitsi da. Europako beste eskualde batzuekin alderatuz, jaiotza-tasa baxua da, Bruselako 12,1, Islandiako 11,7 eta Ile de France-ko 13,2 tasen aldean, adibidez.
2. BPGa loditzen
Euskal Herriko Barne Produktu Gordina “ia bikoiztu” egin dela azaldu zuen behategiko kideak. "2000. urtean, gure BPGa 57.629 milioi eurokoa zen, eta 2022an 112.811 eurora igo da, tartean igaro dira 2008ko krisia eta 2020-2021eko osasun krisia”.
Biztanleko BPGari dagokionez, 35.309 eurokoa zen 2022an, Europako Batasuneko eskualde altuenetatik oso urrun. Hots, Hovedstad erregioan, Danimarkan, 90.400 eurora iristen da zifra eta Bruselan 77.800 eurora. Mende hasieratik 2008ra bitartean, biztanleko BPGa progresiboki hazi zen, harik eta finantza krisia iritsi zen arte. Krisiak uzkurtzea ekarri zuen, %3,8koa 2009an, eta pandemia garaian ere txikitu egin zen, nahiz eta 2021ean berriro ere hazkundean sartu.
3. Industria behera, zerbitzuak gora eta “euskal ekonomiaren alderdi kritiko bat”
Gauza jakina da industria pisua galtzen ari dela gurean, eta datuek hala berresten dute. Euskal Herria industria herria bada ere, sektoreak BPGan duen zama arintzen ari da eta egun %26,12koa da; zerbitzuena berriz areagotzen ari da eta %65,33 da gaur-gaurkoz. Era berean, 2000tik 2021era, Europako hainbat eskualdek industriaren balio erantsian aldaketa handiak izan dituztela dio txostenak, batzuetan jaitsiera handiak eta beste batzuetan hazkunde azkarrak. Euskal Herrian %45,2ko hazkundea izan du industriak, hau da, eskualde industrializatuek izan duten goranzko joera apal antzekoa.
Industriak BPGan duen zama arintzen ari da eta egun %26,12koa da; zerbitzuena, berriz, areagotzen ari da eta (%65,33)
Eurotan emandako hileroko produktibitateak “euskal ekonomiaren alderdi kritiko bat” erakusten duela ondorioztatu Gaindegiaren ikerketak. Europako Batasuneko batezbestekoaren azpitik da Euskal Herria, nahiz eta azken hogei urteetan gerturatzen joan den. 75.682 eurokoa da EBko 27 herrialdeetan eta 74.400 eurokoa Euskal Herrian. Belgika, Danimarka edo Luxemburgo bezalako herrialdeetan hilabeteko produktibitatea 80.000 eta 100.000 euro artean dabil.
Bestalde, Euskal Herriko langile bakoitzaren soldata 14.650 euro igo da 2000tik 2022rako tartean. 2022an 40.929 eurokoa izan zen. Lan orduko soldata mende hasieran 15,9 eurokoa zen eta 2021ean 26,25 eurokoa. Zifra hauek EBko herrialdeen batezbestekotik zertxobait bat gora daude, baina EBko eskualdeen erdietatik behera kokatzen da Euskal Herria.
4. Hezkuntzan Irlandaren atzetik
Heziketa arloan ditu “daturik bikainenak” Euskal Herriak. Datuak eskuratzeko, EAEko Eustat, Nafarroako Nastat eta Ipar Euskal Herrirako Frantziako INSEE estatistika erakundeez baliatu da Gaindegia. Hala, goi mailako heziketari dagokionez, hau da, unibertsitate formakuntza, masterrak eta goiz mailako Lanbide Heziketa, Europako bigarren herrialdea litzateke Euskal Herria (%53), soilik Irlandaren atzetik (%55). 2002an, goi mailako heziketaren tasa %33koa zen.
Ikasketatik ez duten pertsonen kopurua nabarmen murriztu da eta bigarren zein hirugarren mailako hezkuntzako tituludunen kopurua handitu.
5. Emakumezko gehiago lanean
Enplegu-tasa %76koa da Euskal Herrian, 15-64 urteko biztanleriarena aintzat hartuta. EBko herrialdeen batezbestekoa baino altuagoa da, baina, kontinenteko hainbat herrialderen oso atzetik da: Islandia (%87), Herbehereak (%85,5) eta Suitza (%84).
Nabarmentzekoa, bestalde, emakumeen enplegarritasunaren igoera. 2002an, gizonezkoen jarduera tasa %79koa zen, eta emakumeena %56koa, ia 22 punturen aldea zegoen. Gaur egun, tarte baldin badago ere, zazpi puntura murriztu da. Emakumeen jarduera tasa %72,3koa da, Europako batez bestekoa (%70,2) baino altuagoa. Euskal Herrian bezala, Europa osoan emakumeen enplegu-tasa tasa orokorraren azpitik dago, Finlandiako Kymenlaakso eskualdean ez ezik.
6. Langabezia-tasa, EBko batezbestekoa baino altuagoa
1999tik 2023ra, Euskal Herriko langabezia tasa orokorra %12,6tik %8,1era jaitsi da, nahiz eta 2013an %16,2ko gehieneko tasara ailegatu zen. Egungo %8ko langabezia-tasa EBko herrialdeena baino handiagoa da, mende hasieratik tartea murrizten joan den arren. EBko 27 herrialdeetan %6an dago batez beste, eta badira 18 estatu zeinetan langabezia-tasa ez den %6ra ailegatzen, besteak beste, Txekian, Polonian, Alemanian, Islandian, Luxenburgon, Suitzan, Hungarian eta Belgikan.
Gazteen langabezia tasa (15-24 urte) %23,6koa da, Espainia, Grezia eta Italiako eskualde altuenen pare. Halaber, emakumeen langabezia tasa %19,4tik %8,9ra jaitsi da, eta gizonezkoena %8,1etik %7,5era, bi generoen arteko aldeak murriztu direlarik.
Gazteen langabezia tasa (15-24 urte) %23,6koa da, Espainia, Grezia eta Italiako eskualde altuenen pare
Pobrezia arrisku handienetik urrun dago Euskal Herrria, baina arrisku txikiena duten eskualdeekin alderatuta badu zer hobetu. 2023an %16,2ko pobrezia arrisku tasa dugu. Europar Batasunaren batez bestekoa %21,3koa da, Espainiak %26,5eko tasa du, eta Finlandiak eta Norvegiak, besteak beste %15,8ko tasa mantentzen dute.
7. “Ia guztiz kanpoko iturrien mende”
Ingurumenari buruzko hainbat datu ere eskaintzen ditu Gaindegiaren txostenak. CO2 isurietan jaitsiera eman da biztanleko 2005etik 2022ra, %12tik %9ra, baina, Euskal Herria da CO2 gehien isurtzen duen munduko lurraldeetako bat, Luxemburgoren, Irlandaren eta Estoniaren atzetik.
Energia kontsumo ertain-altua dutenen artean kokatzen da Euskal Herria. Kopuru maximoak dituzten estatuetatik urrun dago, baina hala ere, kontsumo altuko herrialdeen artean kokatzen da. Europako Batasuneko herrialde gehienetan ez bezala, petrolio ugari kontsumitzen da hemen. Energia iturrietatik petrolio kontsumitu da gehien (%43) 2022an. 2011n, %40 kontsumitzen zen. Europako Batasuneko herrialdeetan aurkako joera ikus daiteke, energia iturrietatik %39 baitzen petrolioa orain hamar urte eta 2020an, %34 zen.
Energia kontsumo ertain-altua dutenen artean kokatzen da Euskal Herria. Kopuru maximoak dituzten estatuetatik urrun dago, baina hala ere, kontsumo altuko herrialdeen artean kokatzen da
Beraz, Gaindegiak azpimarratu du “ia guztiz kanpoko iturrien mende” dagoela Euskal Herrian. Petrolioa eta gero, energia elektrikoa kontsumitzen da gehien (%24) eta gas naturala ondoren (%22). Hori bai, petrolioaz gain, kontsumitzen diren energia iturrietan gorakada izan duten bakarrak energia iturri berriztagarriak izan dira, %6tik %8ra igo direlarik.