
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko emakumeek martxan jarri dute Herri Ekimen Legegilea (HEL) pentsio-osagarria bermatzeko helburuarekin. Atzo arratsaldean bildu ziren Bilborocken, eta azaldu zutenez, kotizazio gabeko pentsioa jasotzen duten hiru pertsonetatik bi dira emakumezkoak. Pentsio horien zenbatekoa, 2024ko azaroko datuen arabera, 518 eurokoa da, 14 ordainsaritan.
Gauzak horrela, 5.300 emakume dira, gutxi gorabehera, kotizazio gabeko pentsio hori jasotzen dutenak, zeinak “nekez irits daitezkeen hilaren amaierara”. Pentsiodunen mugimenduko kideek adierazi zuten “bidegabekeria historikoaren” ondorio dela, emakumeei zaintza-lanak esleitu izan zaizkielako. Lan horiek ez dira lan gisa aitortuak izan, ez eta ordainduak ere: “zaintza-lanetan aritzearen ondorioz, emakume horiek ez dira lan-munduan sartu; sartu direnak denbora laburrez aritu dira, eta, hortaz, ez dute kotizaziopeko pentsioa jasotzeko eskubiderik”.
Pentsiodunen mugimenduko kideek gaineratu zuten eskatutako pentsio-osagarria eskuratzeak genero arrakala murrizten lagunduko duela. Haien kalkuluen arabera, neurriak 66.000 pentsiodunengan izango luke eragina, eta “bermatuko luke gutxieneko diru-sarrerak edukitzea bizi-baldintza duinak izateko”.