Artea askotarikoa, sortzailea eta koloretsua izan liteke, forma ugaritan adierazten dena, eta plataforma ezberdinetatik kontsumitzeko aukera eskaintzen duena. Artearen erakusleihorik ezagunenak museoak dira, bertara joan eta artelan bat behatu eta interpretatzeko aukera eskaintzen baitute. Hain zuzen ere, duela 40 urte pasatxotik ospatzen da gaurko egunez, maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Eguna, kultura, ekonomia, zein sortzen duten balio sozialaren garrantziaz kontzientzia zabaltzeko eguna.
Urteak igaro ahala, gero eta museo gehiagok hartzen dute parte ospakizun honetan: 2022an nazioarteko 158 herrialdetako 37.000 museo izan ziren ekitaldiarekin bat egin zutenak, ICOM mundu mailako museo ugari batzen dituen erakundeak jakinarazitakoaren arabera. Museoak, jasangarritasuna eta ongizatea da Nazioarteko Museoen Eguneko 2023ko leloa, eta museo guztiek etorkizun iraunkorra sortzeko zeregin garrantzitsua dutela adierazi nahi du, horretarako hezkuntza programak, erakusketak, jarduera ezberdinak eta ikerketa baliatuz. Euskal museoak ere animatu dira gaurko eguna ospatzera, eta jarduera bereziak antolatu dituzte asteburu osorako, batzuek sarrera doakoa izango dute, gainera. Modu horretan, bat egin nahi izan dute museoek duten garrantziaren aldarriarekin. Baina, zenbatekoa da egiaz museoek gizartean duten eragina?
“Urteek aurrera egiten duten heinean, gero eta handiagoa da museoek gizarteari egiten dioten ekarpena”, halaxe diote Bilboko Guggenheim museoko arduradunek. Eta hori ikusteko datuak begiratu besterik ez dago: 1997an ireki zenetik, 25.035.060 bisitari jaso ditu guztira Museoak, horietatik 1.289.147 2022an, Guggenheimen 25.urteurrenean. Iazko udan, gainera, inoizko bisitari gehien izan ziren bertan, egunean 7.000 bisitaritik gorako hamar egun egon baitziren.
Mikel Chillida: “Jada inor gutxik jartzen du zalantzan euskal museoek bertako gizartean duten eragina, bisitarien kopuruari eta inpaktu ekonomikoari erreparatu besterik ez dago”
Halaber, 6.516 milioi euroko gastu zuzena izan zuen Euskal Autonomia Erkidegoan Museoaren jarduerari lotuta, 5.884 milioi euroko eragina Barne Produktu Gordinean (BPG), eta 911 milioi euroko sarrera fiskal gehigarria Ogasunarentzat.
55.000 bisitari inguru izan ziren, berriz, Chillida Lekun izan zirenak, 2021ean baino %25 gehiago. Horien erdiak atzerritarrak izan zirela azaldu du Mikel Chillida Museoko Garapen Arduradunak, “nazioartean ere estimatzen dituztelako euskal museoak”.
“Duela urte batzuk gizartean museoek zuten eragina oso argi ez bazegoen ere, jada inor gutxik jartzen du zalantzan euskal museoek bertako gizartean duten eragina, bisitarien kopuruari eta inpaktu ekonomikoari erreparatu besterik ez dago”, gaineratu du Chillidak.
Egiazko balio soziala
Bisitarien kopurua eta inpaktu ekonomikoa baino ez dituzte ezagutarazi bi museoek, baina badakite gizartean duten inpaktua hori baino handiagoa dela: “Museoak askotan enpresak balira bezala ikusten ditugu, bisitari kopurua, aurrekontua eta ekonomian duen eraginari soilik erreparatuta. Egiaz, hori baino balio sozial handiagoa sorrarazten dute”, azaldu du Leire San-Jose ECRI ikerketa taldeko kideak eta EHUko irakasleak. Hori horrela, egiazko balio soziala jakiteko neurketa berri bat nola egin irakatsi diete zortzi euskal museori, zenbait ikastaroren bidez.
Leire San-Jose: “Museoak askotan enpresak balira bezala ikusten ditugu, bisitari kopurua, aurrekontua eta ekonomian duen eraginari soilik erreparatuta. Egiaz, hori baino balio sozial handiagoa sorrarazten dute”
Baina nola egiten da neurketa hori? San-Josek dioenez, Stakeholderrei galdetuta. Stakeholder ingelesezko adiera enpresa jakin baten ekintzek nolabait eragiten dioten gizabanako edo erakundeari dagokio, hau da, alderdi interesatua izango litzateke. Museoak zer nolako balioa sorrarazten dion galdetzen zaio stakeholderrari. “Alde ekonomikoak balio bat sortzen du, baina, transakzio ekonomikorik ez dagoenetan ere, askotan sortu egiten da balioa. Esaterako, museoaren inguruko taberna eta hotelei eragina sortzen die museoak berak, edota jasangarritasun helburuekin ere bat etortzen da, museoa ondare bat babesten ari delako, nahiz eta horregatik dirurik irabazi ez. Horiengatik museoak ez du kobratzen, baina balio soziala sortzen dihardu”, azaldu du San-Josek. Informazio hori stakeholderren erantzunei esker jakiten dela gaineratu du, izan bezeroenak, langileenak, hornitzaileenak, edota finantzaketaz arduratzen direnenak.
Baina sistema ez da hor geratzen, emaitza horiek monetizatu egiten dituzte. “Monetizatzeak ez du esan nahi museoek dirua irabazten dutenik, baina unitate monetarioetan, euroetan, adierazten dugu egiaz zenbateko balioa sortzen duten ikusarazteko. Datu hori ez da inon ageri, baina garrantzitsua da museoen egiazko balio soziala gizarteari adieraztea. Horregatik eraman dugu aurrera teknika hori”. Hala, posible litzateke bisitari gutxi jaso dituen museo batek ere balio sozial ikaragarria sortu izana oso garrantzitsuak diren ondareak zaintzen egon izanagatik.
Ondorioak paperean gordeta
Museoen ikastaroaren ostean, neurketaren ondorioekin liburu bat eratu dute Leire San-Jose berak eta Jose Luis Retolaza Deustuko Unibertsitateko irakasleak, Ekonomia laranjako balio soziala monetizatuz. Euskal museoen kasua izenekoa. “Ez da lan erraza izan, baina bai positiboa, guk irakatsitakoarekin museoek beraiek euren kabuz neurtu dutelako norbere balio soziala, eta ondorioak liburuan txertatu dituztelako”, adierazi dute. San-Josek gaineratu duenez, “behin balio soziala ongi neurtu eta monetizatuta, zenbakiak beste era batera ikusten dira. Argi geratu da euskal museoen egiazko balio soziala oso handia dela”.