Euskal Ogasunen partaidetza maila berria Nazioarteko Foro Fiskaletan

2024ko azaroaren 13an Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren akordio baten bidez, euskal erakundeek aurrerapen handiena lortu zuten izaera fiskaleko nazioarteko foroetan parte-hartzeari dagokionez

Ogasun sailburua, aldundietako Ogasun diputatuekin | Argazkia: Irekia Ogasun sailburua, aldundietako Ogasun diputatuekin | Argazkia: Irekia

1981 eta 2002ko Ekonomia Ituna legeen negoziazioen gai eztabaidagarrienetako bat izan zen euskal erakundeen partaidetza nazioarteko foru fiskaletan. Hain zuzen ere, 2001eko negoziazioetan, gai hori izan zen espainiar estatuaren eta euskal ordezkaritzaren arteko elkarrizketak blokeatzeko arrazoi nagusia, alde bakarreko luzapen sonatuan erakarriz. Gatazka horrek tentsio ugari sortu ditu hamarkadetan zehar. Alde batetik, Madrilen zentralismoa islatu du, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoak —EAE— eta Foru Aldundiek nazioartean ordezkaritza eta aintzatespen handiagoa izateko duen borondatea nabarmendu egin da.

Gai horren garrantzia ukaezina izan da Espainiako estatuaren eta euskal erakundeen arteko harremanen bilakaeran. Euskal erakundeen nazioarteko parte-hartzearen bideragarritasun juridikoari dagokionez, doktrinak, oro har, ez du oztopo handirik aipatu. Hala ere, Madrilen ezezkoa arrazoi politikoetan funtsatu da, batez ere ikuspegi tradizionalean oinarrituta. Horrela, estatuek bakarrik — nazioarteko zuzenbideko subjektu osoak diren aldetik— dute erkidegoaren esparruan jarduteko ahalmena, estatu azpiko erakundeak politika zentrala betetzera mugatuta.

Maastricheko Itunaren 4.2 artikuluak adierazten du Europar Batasunak errespetatu egin behar duela, ez bakarrik estatu kideek Tratatuen aurrean duten berdintasuna, baita haien nazio-nortasuna ere, horien funtsezko egitura politiko eta konstituzionalak barne, eta horien barruan, eskualdeen autonomia

Hala ere, ikuspegi hori kontrajarri egin da duela hamarkada batzuetatik hona, batez ere Maastrichteko Ituna sinatu ondoren. Itun horrek ateak ireki zizkion eskualdeek Europar Batasunean parte hartze handiagoa izateari. Bereziki, tratatu horren 4.2 artikuluak adierazten du Europar Batasunak errespetatu egin behar duela, ez bakarrik estatu kideek Tratatuen aurrean duten berdintasuna, baita haien nazio-nortasuna ere, horien funtsezko egitura politiko eta konstituzionalak barne, eta horien barruan, eskualdeen autonomia. Printzipio hori hurrengo tratatuekin finkatu zen, Amsterdam eta Lisboakoekin alegia. Horrela, eskualdeek Europar esparruan duten parte hartzea ahalbideratzea erraztu zen.

Ondorioz, nahiz eta erresistentziak egon, esparru juridikoa, estatuen mugetatik kanpo, eskualdeek ordezkaritza izateko eskubidea onartuz joan da.

ECOFIN, lehen urratsa

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren akordio historiko bati esker, 2011n euskal administrazioek lehen aldiz parte hartu zuten ECOFINeko —Europar Batasuneko Kontseilua Ekonomia eta Finantza Gaien prestakuntzan— hiru lantaldetan. Espainiako ordezkaritzarekin batera integratu ziren, Ekonomia Itunaren eskumenekin eta fiskalitatearekin lotutako gaiak aztertzen zirenean. Talde horiek D4 zerga-gaiak, D5 jokabide-kodea eta D8 iruzurraren aurkako borroka osatzen zituzten.

Akordioa aurrerapen nabarmena izan arren, doktrinak ez zituen behin betiko lorpen gisa interpretatu, eboluzionatu beharreko prozesu baten lehen urrats gisa baizik. Horregaitik, ECOFINeko goi-mailako taldeetan parte-hartze handiagoa izateko eskaerek ez zuten etenik izan. Izan ere, talde teknikoenetan adostasunik lortu ez duten gaiak lantzen dira bertan.

Akordioa aurrerapen nabarmena izan arren, doktrinak ez zituen behin betiko lorpen gisa interpretatu, eboluzionatu beharreko prozesu baten lehen urrats gisa baizik

Eskaera horiek Europar Batasunetik kanpoko nazioarteko beste foro batzuetara ere zabaldu ziren, hala nola OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko foro jakin batzuetara, gune horiek gero eta garrantzi handiagoa baitute mundu mailako fiskalitatea arautzeko.

Esparru horretan, mundu mailako zerga-bilketa mehatxatuta dago korporazio multinazional handiek beren zerga-karga murrizten dutelako nazioarteko iruzur fiskalen eta estatu batzuetako zerga-praktika kaltegarrien aprobetxamenduaren bidez.

Eskaera horiek Europar Batasunetik kanpoko nazioarteko beste foro batzuetara ere zabaldu ziren, hala nola OCDEko foro jakin batzuetara

Horri erantzunez, OCDEk, nazioarteko hainbat ekimen gidatu ditu, hala nola BEPS proiektua —Base Erosion and Profit Shifting—, zerga-egoera globala eraldatu duena, nazioarteko lankidetza eta hainbat herrialdetako zerga-administrazioen arteko informazio-trukea sustatzeko. Gainera, OCDEko Zerga Gaietarako Batzordearen menpeko FHTP —Forum on Harmful Tax Practices— eta FTA —Forum on Tax Administration— foroek paradisu fiskalak identifikatzen eta mundu mailako zerga-praktikak hobetzeko lan egin dute. Azkenik, gardentasunari eta informazio-trukeari buruzko Foro Globala 171 estatuk osatzen dute. Esparru multilateral gisa jarduten du, eta gardentasun fiskalerako lanak egiten ditu, estatuen arteko berrikuspen informatiboekin eta informazio automatikoko hornidurekin funtzionatuz.

2024ko pauso garrantzitsuak

Testuinguru horretan, euskal administrazioek urteetan eskatu izan dute parte-hartze aktiboa izatea OCDEko foroetan, bere erabakiek zuzeneko eragina baitute euskal zerga-sisteman. Alde batetik, informazioarekin eta gardentasun fiskalarekin lotutako gaiek zuzeneko eragina dute euskal erakundetan, ogasun bereiziak baitira Espainiako ogasun egiturekiko, zerga-autogobernuaren araubide baten esparruan. Bestetik, nazioarteko foro horietan hartzen diren erabakiek eragin nabarmena izan dezakete EAEko zerga-araubidearen bilakaeran, eta zerga-errealitate global berrietara egokitzeko gaitasuna baldintzatu dezakete.

Azken horren adibide da gutxieneko zerga global berriaren sorkuntza. 2021ean, akordio historiko bat lortu zen OCDEren eta G20ren arteko BEPS Marko Inklusiboaren barruko ekonomiaren digitalizaziotik eratorritako erronka fiskalei heltzeko. Akordio horrek muga bat ezarri zion eskumen fiskalari, multinazional handien gaineko %15eko gutxieneko zerga globala sortuz. Akordioa Europar Batasunak gauzatu zuen 2022/2523 Zuzentarauan, enpresa multinazionalen taldeentzako eta Batasuneko talde nazional handientzako gutxieneko zergapetze-maila globala bermatzeari buruzkoan. Azkenik, Espainiara zuzentaraua eraman ondoren, hiru lurralde historikoetako foru-ogasunekin hitzartu zen.

Nazioarteko foro horietan hartzen diren erabakiek eragin nabarmena izan dezakete EAEko zerga-araubidearen bilakaeran, eta zerga-errealitate global berrietara egokitzeko gaitasuna baldintzatu dezakete

2024ko azaroaren 13an Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren akordio baten bidez, euskal erakundeek aurrerapen handiena lortu zuten izaera fiskaleko nazioarteko foroetan parte-hartzeari dagokionez. Akordio horrek, ECOFINen duen partaidetza handitzeaz gain, Espainiak nazioarteko foro fiskaletan duen ordezkaritzan ere parte hartzea ziurtatzen du, besteak beste, FHTP, Global Forum, FTA eta BEPSri buruzko Esparru Inklusiboaren lanetan.

Akordio hori mugarri bat da euskal administrazioen nazioarteko parte-hartzearen bilakaeran, eta bere eskaera historikoen gailurra lortu du, erabaki fiskalen eremu globaletan ordezkaritza eta ikusgarritasun handiagoa izateari dagokionez.

Parte-hartze maila berri horren xehetasun espezifikoak oraindik garatzen ari diren arren, nazioarteko foro fiskaletan integrazio osoagoa lortzeko egindako ahaleginen arrakasta azpimarratu behar da

Parte-hartze maila berri horren xehetasun espezifikoak oraindik garatzen ari diren arren, nazioarteko foro fiskaletan integrazio osoagoa lortzeko egindako ahaleginen arrakasta azpimarratu behar da. Zalantzarik gabe, aurrerapen horrek indartu egiten du zerga-politika globaletan eragiteko gaitasuna, eta ziurtatzen du euskal administrazioen interesak entzungo direla gero eta interkonektatuago dagoen nazioarteko testuinguru batean. Akordio horren garrantzia ez datza lortutako aurrerapenetan bakarrik, baita etorkizuneko negoziazioetarako ezartzen duen aurrekarian ere, Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko lankidetza-eredu bat sendotuz, erreferentzia gisa balio dezakeena nazioarteko beste testuinguru batzuetan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK