Urriaren 17an egingo da Euskarabildua jardunaldia, Donostiako San Telmo Museoan. Aurtengo ekitaldiak Artifiziala ez den teknologia du izena, eta teknologiaren erabilera etikoagoa, iraunkorragoa eta bideragarriagoa aldarrikatuko da. Horretarako, egitarau zabala prestatu dute. Hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dira, eta hainbat adituk hartuko dute parte.
Manuela Battaglini abokatu eta etika digitaleko aholkularia da, eta jardunaldian Internet eta ziberespazioaren gobernantza ekosistemari buruzko hitzaldia eskainiko du; Marta Guerrero Franco Sareak gureak dira liburuaren egileak ere hartuko du parte, Sare kooperatibo eta demokratikoagoak eraikitzeko proposamenak hitzaldiarekin; aurkezpen praktiko bat egingo du Daniel Esteban EducaMadrideko kideak, eta plataformari buruzko xehetasunak erakutsiko ditu; bestalde, Belén Ivars Softcatalàko kideak irabazi asmorik gabeko elkartearen funtzionamendua azalduko du, hots, katalana Interneten eta teknologia berrietan sustatzeko lana nola egiten duten.
Solasaldiez gain, Jon Torner Argiako kazetariak moderatuko du mahai-inguru bat, non euskarazko ahots teknologiari buruz arituko diren Gorka Varela (Vicomtecheko Transferentzia Teknologikoko arduraduna), Jon Sanchez (EHUko Aholab zentroko kidea), Xabier Ezpeleta (Tknikan informatikari eta eraldaketa digitaleko arloko kidea) eta Igor Leturia (Oraiko Hizketa-teknologien arduraduna).
Euskarabildua jardunaldiak 2012an jarri ziren martxan, eta Iametzak, Argiak eta Ametzagaiñak antolatu ohi dituzte. Helburu nagusia euskara eta teknologiari buruz dibulgatzea da. Finean, gune bat sortu nahi da ekimen berritzaileentzako, hausnarketarako, eta euskal gizartean bai euskaran aplikagarriak diren ezagutza eta berrikuntza teknologikoen sustapenerako.
Jardunaldian parte hartzeko izena ematea ezinbestekoa izango da (www.euskarabildua.eus webgunearen bidez egin daiteke, doan). 09:00etatik 14:00etara egingo da ekitaldia, eta streaming bidez jarraitzeko aukera ere egongo da EITBren bitartez.