Hizkuntzalaritzaren ikuspegitik, hizkuntzaren azterketa egin denean, hizkuntza bera aztertu ohi izan da, hala nola, esaldien osagaiak nola lotzen diren. Hala ere, hizkuntzalaritzaren barnean badago hizkuntzalaritza aplikatua deritzon arloa, non aipatutako esparrua eta beste arlo akademiko bat uztartzen diren. Esaterako, hizkuntza eta ekonomia.
Izan ere, ekonomian ere hizkuntzarekiko ikuspegia aldatuz joan da denboran zehar. Duela gutxi arte ekonomia nazio-estatuari edo identitateari loturiko zientzia gisa ikusi izan ohi da. Egun, ordea, Ekonomia Berria delakoarekin hizkuntzak merkantilizazioa jasan du, eta merkatuan balio ekonomiko bat hartu du.
Duela gutxi arte ekonomia nazio-estatuari edo identitateari loturiko zientzia gisa ikusi izan ohi da. Egun, ordea, Ekonomia Berria delakoarekin hizkuntzak merkantilizazioa jasan, du eta merkatuan balio ekonomiko bat hartu du
Jacob Marschak ekonomialari amerikarra iada 1965ean hasia zen ekonomiaren kontzeptua hizkuntzalaritzaren analisian sartzen. Garaiko deskolonizazio prozesuetan, estatu berrietan hizkuntza ofizial bat edo batzuk aukeratzeak zuen eragina aztertu zuen. Hizkuntza baten erabileraren eta jarduera ekonomikoaren arteko loturari dagokionez ere, 2012an Jose Luis García Delgado, Jose Antonio Alonso eta Juan Carlos Jiménez Ekonomia Aplikatuan doktore era katedratikoek gaztelaniaren balio ekonomikoa aztertu zuten mundu mailan, Espainiako BPGaren %15 suposatzen zuela ondorioztatuz.
Gertuago ere, euskara eta ekonomia uztartu izan ditu Jose Maria Zendoiak hainbatetan. 2000an euskararen balio ekonomikoari loturiko hurbilketa egin zuen, adieraziz euskararen BPGa Hego Euskal Herrian %2,5ekoa dela eta euskararekin lotuta 20.000 lanpostu zeudela.
Aldagai ekonomikoak abiapuntu, sektoreetan barrena
Balio erantsi gordina (BEGd), barne produktu gordina (BPG) eta lanpostuak izan ohi dira herrialde bateko ekonomia sektore jakin batek duen eragin ekonomikoa kalkulatzeko aldagai erabilienak. BEGd ekoizpen prozesuan produktu edo zerbitzu bati erantsitako balioa litzateke, beste jarduera ekonomikoei eginiko transakzio ekonomikoak edo tarteko kontsumoak kontuan izan gabe. BPGak adierazten du herrialde baten urteko barne jarduera ekonomiko osoa zenbatekoa izan den; BEGd litzateke aipatutakoari produktuen gaineko zerga garbiak gehitu ondoren lortutako kopurua; azkenik, lanpostua da diru sarrerak sortzen dituen edo soldata edo ordainsari bat jasotzea eragiten duen lan jarduera.
Horiek horrela, hizkuntza batek ekonomian duen eragin ekonomikoa edo balio ekonomikoa zenbatekoa den jakin ahal izateko lau sektore aztertu izan ohi dira aipaturiko aldagaietan: hizkuntzaren industria (hizkuntzaren irakaskuntza, itzulpengintza eta interpretazioa, hizkuntza aholkularitza…), hizkuntzaren kultura eta hedabideen industria (liburu eta musikagintza, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, bertsolaritza -euskaran-...), hezkuntza eta unibertsitate arloko jarduerak (haur eta lehen hezkuntzatik hasi eta unibertsitateko ikasmailetaraino) eta administrazio publikoa (hizkuntzaren sustapenerako herri-administrazioen egitura eta zerbitzuetako enplegua, eta herri administrazioetako kultura arloetako enplegua). Horiekin batera, sektore publiko eta pribatuaren arteko konparaketa eta BEGd lanpostuko ere behatu izan da.
Desberdintasunak enpleguan eta balio erantsi gordinean
Horiek horrela, zeintzuk dira emaitzak euskara, galiziera eta valentziera hartuz gero? Zein berdintasun eta zein alde ikus daitezke? Arestian aipaturiko lau sektoreak hartuta, deigarria da, kasu batzuetan, enpleguaren eta BEGdren ehunekoetan artean dauden desberdintasunak. Hala nola, galizieraren kasuan, kultura eta hedabideen industrian enpleguaren (%26,4) eta BEGdren (%13,86) ehunekoen artean ezberdintasuna nabaria da, enpleguaren ehunekoak BEGdren ehunekoa bikoizten baitu ia; hezkuntza eta unibertsitate arloko jardueran ere %10eko aldea ateratzen dio BEGdren (%78,36) ehunekoak enpleguaren (%68,2) ehunekoari. Era berean, euskararen (EAEn eta Nafarroan) eta valentzieraren kasuan administrazio publikoan BEGdren ehunekoak enpleguaren ehunekoa bikoizten du.
Hizkuntzaren industrian sakonduz, lanpostuei dagokienez, euskaran, EAEn eta baita Nafarroan ere, euskaltegiek eragin handia dute
Hizkuntzaren industrian sakonduz, lanpostuei dagokienez, euskaran, EAEn eta baita Nafarroan ere, euskaltegiek eragin handia dute. Galizieran eta valentzieran, itzulpengintzak garrantzia gehiago du, euskararekin alderatuz. Horietan ere, corpusak eta zabalketak garrantzi handiagoa du euskaran baino. Hizkuntza teknologietan, berriz, euskarak Nafarroan du daturik altuena. Beraz, sektore honetan, euskara beste hizkuntzetatik urruntzen dela esan daiteke. BEGdari dagokionez, joera antzekoa mantentzen da. EAEn, hizkuntza-teknologiek BEGdaren kopuru handia sortzen dute. Valentzieraren kasuan, corpus eta zabalketak BEGd asko sortzen du.
Kultura eta hedabideen industrian, bere osotasunean, enpleguaren ehunekorik handiena duen hizkuntza galiziera da, honen kausa arte eszenikoak izanik, eta zehazki, sorkuntza artistiko eta literario eta arte eszenikoak bera. Lanpostuei dagokienez, galizieran kultura eta komunikabideek beste arloek baino garrantzi handiagoa dute. Horren arrazoia arte eszenikoa ere bada. Beraz, kasu honetan, galiziera euskara eta valentzieratik urrundu egiten da. BEGdari dagokionez ere, joera bera dago.
Hezkuntzaren industrian, valentzierak eta euskarak sortzen dute enplegurik handiena ehunekoetan. Galizieraren kasuan, berriz, datu hori nahiko jaisten da
Hezkuntzaren industrian, valentzierak eta euskarak sortzen dute enplegurik handiena ehunekoetan. Galizieraren kasuan, berriz, datu hori nahiko jaisten da. Hizkuntza guztietan Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan sortzen dira hizkuntzarekiko lanpostu kopururik handienak. Hala ere, lanpostu gehien sortzen euskarak —Nafarroan—sortzen du lanpostu gehien, valentzierak ondoren, eta galizierak eta euskarak —EAEn—, ostean, hurrenez hurren, desberdintasun txikiarekin denak. Bestalde, unibertsitateko hezkuntzak sortzen ditu lanpostu kopuru handienak, hurrena, hizkuntza guztietan, eta, azkenik, bestelako hezkuntza instituzioek. BEGdari dagokionez, joera oso berdintsua da. Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzak sortzen dute balio erantsi gordin gehiena, unibertsitateko hezkuntzak eta bestelako hezkuntza instituzioek jarriki.
Administrazio publikoan, galiziera, enpleguari dagokionez, beste hizkuntzetatik urrundu egiten da. Galizieran, administrazio publikoak %92,5 hartzen du, herri administrazioen eta menpeko erakunde autonomoen kultura arloetako baliabideei erreparatzen badiegu, euskara eta valentziera %43 eta %53 artean mantentzen diren bitartean. Gainera, udalerri mailako egiturek (udalerriak eta aldundiek) garrantzi handia dute. Izan ere, lanpostu guztien %60 bertatik dator. Euskarari dagokionez, EAEn, Eusko Jaurlaritzak guztiaren %60 sortzen du eta udalerri mailan sorrera %40koa da. Nafarroan, berriz, udalerri eta gobernuaren artean berdintsu banatzen da, nahiz eta kulturan udalerriek gobernuek baino garrantzia handiagoa duten. Valentzieraren kasuan ere udalerri eta gobernuaren arteko banaketa berdintsua da. Hala ere, administrazioan udalerriek gobernuek baino garrantzia handiagoa duten. BEGdari dagokionez, ondorio berdintsuak atera daitezke. Hala ere, valentzieraren kasuan hizkuntzaren sustapenak balio erantsi gordin txikiagoa sortzen du ehunekoetan, eta kulturak, berriz, handiagoa. Honela, liburu, artxibategi eta liburutegiek garrantzia galdu eta Institut Valencia de Culturak hartzen du.
Publikoa vs pribatua
Sektore publikoa eta pribatua alderatuz, hiru hizkuntzak hartuta, hizkuntzaren industriaren barnean euskarak sortzen du lanpostu publiko kopururik handiena, zehazki, EAEn. Hala ere, ehunekoak behatuz gero, sortzen diren lanpostu publikoen ehuneko antzekoak hartzen ditu euskarak EAEn eta Nafarroan, eta baita valentzierak ere (%25 inguru). Harritzeko datua, ordea, galizierarena da: lanpostu publikoen %10,2 egozten zaizkio soilik hizkuntzaren industrian.
Enpleguari dagokionez, kultura eta hedabideen industrian, valentzieraren datua nabarmentzen da, 576 lanpostu publiko sortzen ditu, eta ehunekoetan ere beste hizkuntzen gainetik kokatzen da, %17,23n. Harritzekoa da euskararen egoera: lurraldeetan sortzen diren enpleguen kopuru txiki bat, soil-soilik, egozten zaio lanpostu publikoari. Hezkuntza eta unibertsitate arloko jardueran, lanpostu publiko kopururik handiena valentzieran sortzen da, alde handiarekin. Ehunekoetan ere, valentziera da nagusi, hezkuntzan sortzen duen enpleguaren ia osoa, eta enplegu publikoari egozten zaio. Administrazio publikoan, lanpostu kopururik handiena valentzierak sortzen du, 32.583 lanposturekin.
BEGda erreparatuz, sektore publikoan hizkuntzaren industrian euskaran ekoizten da BEGdaren kopururik handiena, desberdintasun handiarekin, gainera. Ehunekoak behatuz, ordea, valentzieran sortzen da sektore publikoan BEGdaren kopururik handiena, %39,65. Kultura eta hedabideen industrian galizieran ekoizten da sektore publikoan BEGdaren kopururik handiena, eta ehunekoak behatuz gero, valentzieran ekoizten da BEGdaren ehunekorik handiena sektore publikoan, %22,62. Hezkuntzaren industrian valentzieran ekoizten da BEGdaren kopururik handiena, sektore publikoan, baita ehunekoak erreparatuz gero ere, %98,25. Azkenik, administrazio publikoan, BEGdaren kopururik handiena euskaran eta EAEn, sortzen da.
Galizieran hizkuntzaren industrian da enpleguek balio erantsi gordin gehien sortzen duena (55,33); kultura eta hedabideen industrian, berriz, euskara EAEn (54,04).
Balio erantsi gordina lanpostuko aldagaian, galizieran hizkuntzaren industrian da enpleguek balio erantsi gordin gehien sortzen duena (55,33); kultura eta hedabideen industrian, berriz, euskara EAEn (54,04). Hezkuntza eta unibertsitate arloko jardueretan galizierako enpleguak (55,18) sortzen du balio erantsi gordin gehiena eta administrazio publikoan euskarak Nafarroan (76,41). Esan liteke, nolabait, mila euro langileko ratiorik altuena duten sektore eta azpi-sektoreek produktibitaterik handiena dutela.
Horretaz gain, EAEren kasuan, hedabideen kasuan, baliteke datu horien atzean bolondres lana ere egotea. Euskal kulturgintzan eta hedabideetan lan asko musu-truk egiten da, eta hori ez da balioan jartzen, eta kuantifikatzen ere. Hori dela eta, baliteke beraz EAEko hedabideetan 99,04 mila euro langileko ratioa egotea; lan asko musu-truk egin delako.
Euskararen eragina ekonomian
Badirudi BEGd eta lanpostuen datuak behatuz, hizkuntza ezberdin eta minortizatuen artean desberdintasunak nabari direla hizkuntzek ekonomian duten eraginari dagokionez. Galiziera, euskara (EAEn eta Nafarroan) eta valentzieraren kasuak aztertuz gero, hizkuntzaren industriaren barnean, euskaran, EAEn eta baita Nafarroan ere, garrantzia handiagoa du honek, euskaltegi pribatuen ondorioz. Kultura eta hedabideen industrian, galizierak du indar handiena, arte eszeniko eta ikus-entzunezkoengatik. Hezkuntzaren industrian hiru hizkuntzek joera antzekoa dute, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzak izanik pisu gehien. Administrazio publikoan berriz, galiziera nagusitzen da beste hizkuntzen aurrean, kultura arloak hizkuntzaren arloak baino pisu handiagoa duelako.
Sektore publiko eta pribatuaren arteko alderaketari dagokionez, euskara beste hizkuntzetatik aldentzen da. Sektore pribatua erdia baino gehiago da EAEn, eta Nafarroan ia ere bai. Honen atzean militantzia, lan boluntarioak sortutako lanpostuak eta BEGd egon litezke (herri komunikabideak, ikastolak, euskaltegi pribatuak, etab.). Nabarmentzekoak dira lanpostuek sortzen duten balio erantsi gordinari dagokionez, EAEn euskarazko komunikabideak sortzen dutena eta Nafarroako adminsitrazio publikoari dagokionez sortzen dutena.
Sektore pribatuak euskaran indar handiagoa du, valentziera eta galizieraren aldean; galizieran eta valentzieran sektore publikoa da nagusi
Beraz, EAEn sektore publikoak indar handia du, baina herri edo gizarte ekimenezko lanpostuak eta BEGda ere ugariak dira. Era berean, sektore pribatuak euskaran indar handiagoa du, valentziera eta galizieraren aldean. Hau Nafarroan eta EAEn gertatzen da, herri edo gizarte ekimena honen kausa izanik (hizkuntzaren atxikimendua, alegia). Bestalde, galizieran eta valentzieran sektore pribatuak ez du nagusitasunik, sektore publikoa nagusi izanik. Galizieran arte eszeniko eta ikus-entzunezkoak sektore pribatukoak dira eta lanpostu eta balio erantsi gordin asko sortzen dute. Euskarak, Nafarroan, eta valentzierari dagokionez, lanpostu eta balio erantsi gordin gutxi sortzen dute haien lurraldean, baina valentzieran dena sektore publikotik datorren bitartean, Nafarroan sektore publiko eta pribatuaren artean antzeko banatzen da.