Euskarazko sorkuntzaren hartzaile kopurua handitzea du helburu 59. Durangoko Azokak

Hartzea ematea DA! lelopean egingo da aurtengo edizioa, abenduaren 5etik 8ra bitartean. Kartela aurkeztu dute gaur Landako Gunean, eta egitaraua osatzen ari dira antolatzaileak

Gaur aurkeztu dute azokaren leloa eta irudia | Argazkia: Durangoko Azoka Gaur aurkeztu dute azokaren leloa eta irudia | Argazkia: Durangoko Azoka

Durangoko Azokaren 59. edizioko irudia eta leloa aurkeztu dute gaur Durangoko Landako gunean. Bertan izan dira Gerediaga elkarteko eta azokaren guneetako arduradunak, baita erakunde, babesle eta kolaboratzaileen ordezkariak ere, hala nola Durangoko Udala, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, BBK Fundazioa, Eroski, Euskaltel Fundazioa, Konfekoop eta EITB.

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakaria pozik agertu da azoka indartsu bat izateagatik, baina aitortu du lanerako beharra dagoela oraindik. "Hasierako ametsak marrazten joan gara urteotan guztiotan, eta begira zelako irudia sortu dugun: koloretsua, anitza, indartsua eta ederra, benetan ere. Iaz esaten genuen bezala, fantasia hutsa. Hala ere, euskarak oraindik badu lan horren beharra, eta Gerediaga elkartetik ekinean jarraitzeko asmoa dugu, euskarak ez baitu trabarik eta epairik behar, guztiok kabitzeko moduko bide zabalak baizik”, adierazi du.

Abenduaren 5etik 8ra egingo da aurten azoka. Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak azaldu du “azoka on bat” antolatzen saiatuko direla, badakitelako “azoka birika bat izaten dela, eta ez birika sinbolikoa soilik”. Era berean, gaineratu du euskal kulturgintzako komunitatea pozten denean Durangoko Azokako antolakuntza ere poztu egiten dela, eta premiak dituenean, eurak ere kezkatu egiten direla.

Hartzea ematea DA! aurtengo leloa. Kultura jasotzea, gizarteari bueltan emateko bide bat dela aipatu du Gaztelurrutiak, eta euskaraz jasotzen den kulturak, euskaraz eta euskara indartsuago batean bizitzen lagunduko digula. Horren harira, kulturazale edo hartzaileen ekarpenari balioa eman nahi izan dio azokak aurten: “jakin badakigu euskarazko sorkuntza oso aberatsa dela, baina ez dauka nahikoa hartzaile bere herrian. Hor dago premia momentu honetan eta Durangoko Azokak horri erantzuteko ahalegina egingo du”, esan du.

Kartel berritzailea eta egitaraua osatzen

Egile biren arteko elkarlana da aurtengo azokaren irudia, Udatxo eta Balu artistek sortu baitute kartela. Sorkuntza prozesu bereziaren emaitza dela azaldu dute, geruza ugariko artelan bat sortu eta pieza hori kartelean integratu dutelarik.

Behin sortzaileek egitaraurako proposamenak bidalita, orain guneetako arduradunak egitaraua osatzen ari dira. Aurten ere Landako Guneko erakusketaz aparte, nobedadeen aurkezpenak, solasaldiak eta tailerrak egongo dira lau egunez.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK