
Eusko Ikaskuntzaren egoitza nagusi berria inauguratu dute gaur, urriaren 22an. Donostiako Bergara kaleko 19. zenbakian daude kokatuta orain arte Miramar Jauregian zeuden bulegoak. Lokal berriak 250 metro karratuko azalera du. Bi solairu ditu, eta bertan egingo dute lan hemendik aurrera hamar pertsonek.
Erakundeak ate irekiak iragarri ditu lokal berria erakusteko. Bihartik larunbatera bitartean, urriaren 23tik 26ra, egingo dira ate irekiak, 16:00etatik 18:00etara (larunbatean goizeko 10:00etatik 13:00etara).
Inaugurazio ekitaldira gerturatu dira instituzioetako ordezkariak eta erakundeetako lehendakari ohiak: Ana Urkiza erakundeko lehendakaria, Eneko Goia Donostiako alkatea, eta Manu Olariaga eta Josemanuel Bujanda Eusko Ikaskuntzaren Gipuzkoako ordezkariak, besteak beste.
Urkizaren esanetan egoitza berriak “aldaketa bat suposatzen du”, ez soilik itxura berriagatik, “baizik eta asmoetan ere agerikoa delako kalera irekitzen garela; irisgarriagoak gara orain”. Goiak gaineratu du “ohorea” eta “jakintza eta pentsamendurako ezinbestekoa” dela Eusko Ikaskuntza Donostiaren erdigunean izatea.