Etxebizitzentzako lurzoru publikoaren erreserba handia sortu nahi du Eusko Jaurlaritzak

Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroaren lehen bilera izan da gaur Bilboko Euskalduna Jauregian, eta lehendakariak gazteentzako bi abal lerro irekiko direla iragarri du, besteak beste

Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroaren lehen bilera| Argazkia: Irekia Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroaren lehen bilera| Argazkia: Irekia

Eusko Jaurlaritzak akordioa sinatuko du EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin, helburu izanik lurzoru publikoaren erreserba handia sortzea. Hala, etxebizitza babestuak eraiki nahi dira, baita azalera handiko etxebizitza zaharkituen banaketa sustatu ere. Lehendakariak adierazi du hitzarmen horrekin udalak ere inplikatu egingo direla “etxebizitzari buruzko soluzio bateratua bilatzen”.

Bestalde, lehendakariak iragarri du ekainerako eskuragarri egongo direla gazteei zuzendutako bi abal lerroa; batetik, maileguaren finantzaketa osatu ahal izateko, eta, bestetik, alokairuen fidantza estaltzeko. Pradalesen esanetan, bi neurri horiek “ez dira nahikoa izango”, baina, hala ere, “soluzioaren parte izango” direla azaldu du.

Bi albisteak Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroaren lehen osoko bilkuran eman dituzte aditzera. Bilboko Euskalduna Jauregian egin da foroaren inaugurazioa, eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak adierazi du taldea osatuta egongo dela erakunde instituzional, sozial eta profesionalak ordezkatzen dituzten 51 ordezkaritzez.

Sailburua foroaren egitekoez aritu da hizketan, eta hiru alor azpimarratu ditu: batetik, lurzoruaren erregulazioa eta sinplifikazio burokratikoa, “etxebizitza babestura bideratutako lurzorua mobilizatzeko”; bestetik, eraikuntza-sektorearen modernizazioa, bai berrikuntza teknologikoa aztertzeko, baita eraginkortasuna, jasangarritasuna eta "kalitatezko enpleguak" sustatzeko ere; azkenik, lankidetza publiko-pribatuaren sustapena, besteak beste, etxebizitza-parke publikoa handitzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK