Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak 17,6 milioi euroko dirulaguntza onartu du nekazaritza eta ardogintza sektorearentzako. Lehenengo neurria joan den asteartean onartu zuen Gobernu Kontseiluak, Arantxa Tapia sailburuaren aginduz, Araban kokatutako DOCA Rioja jatorrizko izeneko mahastien 'uzta berdeko' 2024 laguntzak emateko deialdia egin ondoren. Laguntza horien zenbatekoa 1,8 milioi eurokoa dela adierazi dute Jaurlaritzatik.
Horrez gain, Jaurlaritzak aurtengo ekitaldirako laguntzak zehaztu ditu. Laguntza hori Errioxako Kontseilu Arautzaileak hartutako erabakiaren eraginpean dauden mahastizainei bideratuta dago, izan ere, mahats tintaren ekoizpena %10 murriztea exijitzen diete.
Era berean, merkataritzako funtsa galtzeagatik konpentsazio bat dago, hektareako 1.462,5 eurokoa, gehienez 10 hektarearentzat. Eusko Jaurlaritzak 2,2 milioi euro jarriko ditu horretarako.
Gainera, 2023an bezala, aurten ere, ardoaren borondatezko destilazioa babestuko duela argitu du Jaurlaritzak, 'EAEko Nekazaritza eta Elikagai Industrien Erregistroan' establezimendu aktiboa duten ardogintzako enpresentzat, baldin eta establezimendu aktibo horretan Errioxa DOCAk babestutako ardoa ekoizten badute.