Eusko Jaurlaritzak 260 milioi euro bideratuko ditu industriaren deskarbonizaziora, eraginkortasun energetikora eta autokontsumora. Hala adierazi du gaur, asteazkenean, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak. Zehazki, 100 milioi euro erabiliko dira industriaren eraginkortasun energetikoa indartzeko; gainontzeko 160 milioi euroak, etxeetako zein industriako autokontsumoa sustatzera bideratuko dira.
Jauregiren esanetan, bere departamentuaren helburua da etorkizuneko EAEko industriaren oinarriak finkatzea. Garrantzia eman dio kualitatiboki aurrerapausoak emateari, “enpresek abantaila izan ditzaten eta lehiakorrak izan daitezen, eraldaketa energetiko eta industriala aprobetxatuta”.
Industria,Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun departamentuaren estrategiak hiru mugarri dituela azaldu du sailburuak: “Industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago”. Horretarako, esan du politika publikoak bat etorriko direla trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren legearekin, 2028ko Industria Garapenerako Plan berriarekin, alegia. “Publiko-pribatu” ereduaren garrantzia ere azpimarratu du, “bi alderdiak beharrezkoak direlako” eta “Euskadiren ezaugarria delako”.