Eusko Jaurlaritzak alokairuzko 7.000 etxebizitza publiko merkaturatu nahi ditu

Denis Itxasok aurreratu du Etxebizitzaren Itun Soziala datorren asteazkenean elkartuko dela Lehendakaritzan

Donostiako etxebizitzak | Argazkia: iStock Donostiako etxebizitzak | Argazkia: iStock

Etxebizitzaren arloan dauden arazoei aurre egin nahi dio Eusko Jaurlaritza berriak. Deusto barometroaren arabera, EAEko herritarrentzat etxebizitza da bigarren kezka handiena. Halaber, dagoeneko arazoa ez da hirietara mugatzen soilik, baizik eta hiriek inguruan dituzten herrietara ere. Ildo horretan, merkatu librean dauden etxebizitzak erosi nahi ditu Jaurlaritzak, alokairu sozialera bideratzeko. Hori iragarri du Denis Itxasok, Etxebizitza eta Hiri agendako sailburuak Euskadi Irratiko Faktoria saioan egin dioten elkarrizketan.

Zehazki, 7.000 etxebizitza berri merkaturatu nahi ditu gobernuak legegintzaldi honetan, parke publikoa handitzeko. Itxasok zehaztu duenez, "mekanismo ezberdinen bitartez egingo da, besteak beste, erosketa zuzena eta promotore pribatuekin adostuta". Gaineratu du etxebizitzen arazoa "udalen bihotzean" txertatu behar den gai bat dela, eta gune tentsionatu gisa aipatu ditu Astigarraga eta Errenteria.  

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak aurreratu du Etxebizitzaren Itun Soziala datorren asteazkenean elkartuko dela Lehendakaritzan. Lehendakaria buru izanda, ituna "biziberritu" nahi dute, etxebizitza ez delako soilik botere publikoaren gai bat. Adierazi du paktu horretan 90 sinatzaile inguru daudela, alor ezberdinetako hainbat erakunde. Era berean, helburua 2036rako merkatuan 50.000 alokairuzko etxebizitza jartzea dela nabarmendu du.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoa da Espainiar Estatuan etxebizitza erosteagatik kenkaria aplikatzen duen erkidego bakarrenetakoa. Ildo horretan, Itsasok gogorarazi du aldundiena dela eskumen hori eta ez Jaurlaritzaren eta beraz ez duela aurretiazko iritzirik eman nahi. 

Etxe turistikoen inguruan galdetuta, nabarmendu du aurreko legegintzaldiko turismo sailak etxeko lanak egin zituela, erregistro bat eratuz eta bertan ez direla sartzen udalerriak onartzen ez dituzten etxebizitza turistikoak. Sailburuak azaldu duenez, "eskumenak udalerrienak dira, eta ezagutza zorrotzagoak dituzte. Inspektoreak ere ditugu etxebizitza piratak segitzeko eta isuntzeko eta horrekin guztiarekin oraindik jakin badakigun merkatu beltz bat dagoela".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK