EAEko familien konfiantzak gora egin du, baina ezkortasuna da nagusi oraindik

Enpleguaren dinamismoak eta inflazioaren beherakadak eragin dute EAEko familien konfiantza areagotzea (-4). Dena den, familia gehienek uste dute garai txarra dela erosketak egiteko, eta soilik %0,2k adierazi du datorren urtean etxebizitza bat erosteko asmoa duela

Familiek uste dute inflazioaren aldi okerrena jada igaro dela  | Argazkia: iStock Familiek uste dute inflazioaren aldi okerrena jada igaro dela | Argazkia: iStock

Laboral Kutxak Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen konfiantzaren inguruko hiruhilekoko txostena eman du argitara gaur, eta bertan azaltzen denez, familien konfiantzak gora egin du azkenaldian, nahiz eta oraindik, oro har, ezkortasuna nagusitzen den. Zehazki, familien konfiantza batez beste urtean -4 puntukoa da (0 litzateke neutraltasuna, ez ezkor ez baikor), 2022an, -11 eta 2023an, -9 zelarik. Azken lau urteetako emaitzarik onena da, eta enpleguaren dinamismoari eusteak eta inflazioaren azken hilabeteetako apaltzeak eragin dute susperraldia.

Inguruko estatuekin erkatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko familien konfiantza altuagoa da. Txostenaren arabera, Espainiako Estatuan -14koa da konfiantza maila. Frantzian (-14), Alemanian (-9) eta Europako Batasunean (-12) ere ezkorragoak dira.

EAEko familien konfiantzaren oinarrian langabeziaren esperotako hobekuntza (0) eta aurrezteko gaitasuna (3) daude, bi adierazle horiek orekatzen baitute familiaren ekonomiaren (-6) eta ekonomia orokorraren (-15) gainean duten eszeptizismo handiagoa.

Lau adierazle horiek ez dira ia aldatu aurreko hiruhilekotik, baina urteko bilakaera positiboa izaten ari da. Azken hiruhilekoaren faltan, langabeziaren (1), aurrezkiaren (2), familia-ekonomiaren (-5) eta ekonomia orokorraren (-16) inguruko behin-behineko balioek nabarmen hobetu dituzte 2023ko datuak (-4, -2, -12 eta -21, hurrenez hurren).

Etxebizitzaren eskari eskasa

Familiek uste dute inflazioaren aldi okerrena jada igaro dela eta erosketa handiak egiteko esperantza iazko maila berean da. Dena den, erosteko une txarra dela iritzi diote gehienek, balorazio ezkorra egin baitute honen inguruan (-23).

Etxebizitzaren eskaria ere oso ahula da (familien % 0,2k adierazi du datorren urtean etxebizitza bat erosteko asmoa duela). Halaber, autoa erosteko asmoak hobera egin du (% 5,8), 1,2 puntu egin du gora, eta urteko behin behineko balantzea (% 5,4) 2023koa baino hobea da (% 4,3).

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK