
Ficobak 2024. urteko datuak aurkeztu ditu, eta iazkoa urte “positiboa” izan dela adierazi dute. Orotara, 285 jarduera antolatu ziren (2023. urtean 267). Nabarmen handitu zen ekitaldi sozialen (ikuskizun, ospakizun eta ekitaldi kulturalak) kopurua, 2024an 71 izan baitziren, eta 2023an, aldiz, 59; bestalde, hamabost azoka erregistratu ziren.
Gauzak horrela, bisitarien zifrak ere gora egin zuen, 2023ko 135.000tik 145.000 izatera pasa baitzen, alegia, 10.000 bisitari gehiago. Fakturazioa 2.300.000 eurokoa izan zen, eta azaldu dutenez “lurraldean eragindako efektua” 32,9 milioi euroan zenbatetsi zen.
Prentsa-oharrean Ficoban 2024an egindako zenbait ekitaldi nabarmendu dituzte. Batetik, Rethink Vintage arropa azoka egin zen lehen aldiz, eta urtean bi edizio egingo direla berretsi dute antolatzaileek; Twing Raid elkartasunezko rallya ere berriro ere errepikatuko den ekitaldia da, hain zuzen, bihar abiatuko dira Ficobatik 512 parte-hartzaile Marokora bidean, elikagaiak eta higiene produktuak banatzeko helburuarekin.
Horrez gain, 2025. urtearen hasierak zifra onak utzi ditu Ficoban. Zehazki, Burger Fest jaialdiarekin 30.000 lagun inguru pasa ziren pabiloitik urtarrilaren 30 eta otsailaren 9ra bitartean. Datozen hilabetetan Unireren bigarren edizioa egingo da (martxoaren 18an), “soldadurari eta lotura teknologikoei berariaz eskainitako estatuko azoka profesional bakarra”. Aurrerago, martxoaren 28tik 30era bitartean Ababos itsas azokaren hirugarren edizioa antolatu dute.