Ficobak 1,2 milioi euroko fakturazioa lortu du 2024ko lehen seihilekoan

123 ekitaldi egin dira urtarriletik ekainera arte, eta 106.000 bisitari jaso ditu Irungo erakustazokak

Iazko Mubil Mobility Expoko une bat Ficoban | Argazkia: Mubil Fundazioa Iazko Mubil Mobility Expoko une bat Ficoban | Argazkia: Mubil Fundazioa

Ficobak ekitaldiak antolatzeko erreferente gisa duen posizioa indartu du. Askotariko publikoentzako egitasmo ezberdinak antolatzeko ardura duen azokak 123 ekitaldi egin ditu 2024ko lehen seihilekoan, eta 106.000 bisitari jaso ditu. Urtarriletik ekainera bitarte, 79 bilera, 38 ekitaldi sozial eta zortzi azoka antolatu ditu. Azken honetan, bi azoka propioak izan dira eta sei kanpoko erakundeek antolatutakoak.

Datu ekonomikoei erreparatuz gero, historiako bigarren fakturazio onena lortu duela iragarri du Irungo erakustazokak. Denera 1,2 milioi euroko fakturazioa lortu du 2024ko lehen seihilekoan. Halaber, adierazi du jasangarritasuna izan dela premiazko gaia, eta lurzoru berrituei esker, azoketan bakarrik 1.000 tona emisio aurreztera ere irits daitezkeela.

Orain artekoak eta aurrerakoak

Antolatu diren ekintzen artean, batzuk puntualak izan dira eta beste batzuk etorkizunean berriro egingo direla aurreratu du Ficobak. 2024ko lehen seihilekoan lehen aldiz antolatu diren ekintza nabarmenen artean daude, besteak beste, bigarren eskuko arropa pisuaren arabera saltzeko ekitaldia, Rethink Vintage; errepide bidezko bidaiarien garraioko ETEen kongresu nazionala edota Itzulia Basque Country lasterketaren irteera ofiziala.

Urteroko zitek ere ez dute huts egin. Urteroko hitzordua den Caravantur ekitaldiaren 8. edizioak, esaterako, 9.000 pertsona inguru erakarri zituen. Mubil Mobility Expok ere arrakasta handia izan zuela gaineratu dute.

Bestalde, bigarren seihilekoan ere ez da aspertzeko betarik izango. Oporren bueltan egingo da lehen hitzordua, musika jaialdi ekologikoa izango den Lur Sound festibala, abuztuaren 24ean. Aurrerago etorriko dira, urriaren 2an, Merkalan, EAEko enplegu eta prestakuntza azoka, eta Emakumezkoen Futbolaren Nazioarteko Kongresua, azaroaren 21ean eta 22an. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK