
2025aren lehen egunetan, Katalunian duela bi hamarkada inguru sortutako Filmin plataformaren jabeek, Nazca funtsak, plataforma salgai jarri zutela jakinarazi zuten. 2007. urte inguruan, Kataluniako ekintzaile talde batek garai hartan filmak deskargatzeko webgune gisa ezagutzen zena jarri zuen martxan, El Deseo (Almodovar familia), Cameo edo Vértigo produkzio-etxeen laguntzarekin, besteak beste. 2009. urtean 400 filmeko zerrenda osatu zuten, zinema independentea eta, oro har, kalitatezko zinema ardatz hartuta. Garai hartan oraindik gainditzeko zailak ziren hainbat oztopo, batez ere ekoizle handiek beren tituluak lagatzeko zuten errezeloagatik. Arazo teknikoak ere bazeuden, garai hartako banda-zabalera, esaterako. Negozioaren lehen arduradunetako bat Jaume Ripoll Vaquer (1977) izan zen. Ripoll Cameo ekoiztetxetik etorri zen eta bideoklub kate baten jabea zen. Juan Carlos Tous de la Prada (1961) Cameoren sortzailearekin batera sortu zuen Filmin. Hain zuzen ere, Tousen ekoiztetxea liderra zen garai hartako zinema independentearen banaketan. Fundatzaile taldeko hirugarrena José Antonio de Luna (1970) izan zen, Manga Filmsen (Ripollekin batera) eta Sogecablen aritutakoa. Hasieratik jorratutako estrategietako bat filmen tarifa laua izan zen, hileko kuota baten truke. Ideia hori hutsala kontsidera daiteke orain, baina deskarga prezioa nabarmentzen zen garai haietan ez zen hain ohikoa.
Kataluniako Filmin plataforma erosteko faboritoak Amazon (Primen jabea) eta Telefónica dira
Lan handiko urteak eta merkatu kuota irabazten joan ostean, 2020an, 15.000 filmez osatutako katalogo ikaragarriarekin, Filminek finantza munduaren arreta erakarri zuen. Nazca funtsak, Seaya Ventures enpresarekin batera, Vértigo Films eta Metropolitan Filmexport ekoiztetxeen esku zeuden negozioaren zatia eskuratu zuen, konpainiaren akziodun nagusia bihurtuz, %51 eta %72 arteko partaidetzarekin. Transakzioaren prezioa publiko egin ez bazen ere, Madrilgo funtsak 20 milioi euro inguru ordaindu zituela uste da. Kapitalean geratu ziren hiru sortzaileak, partaidetza minoritarioa zuten El Deseo, Wanda Films eta Avalon ekoiztetxeekin batera. Nazca Capital funtsa Carlos Carbó Fernándezek, Álvaro Rafael Mariátegui Valdés bazkidearekin batera 2001ean martxan jarri zuen konpainia inbertitzailea da. Gaur egun, funts horrek 500 milioi eurotik gorako zenbatekoa kudeatzen du. Bestalde, Seaya Ventures Beatriz González Ordóñezek (Francisco Gonzálezen alaba, BBVAko presidente ohia) 2013an sortutako inbertsio funtsa da, 350 milioi euro inguruko aktiboak dituena. Iaz, Glovon (Delivery Hero) eta Cabifyn zuen partaidetza alde batera utzita, funtsaren kapitalaren herena kanpoko inbertitzaileei saltzea erabaki zuen. Banco Santander izan zen kapital zati horren eroslea.
Hasieran esan dugun bezala, esku aldaketa hartatik bost urtera beste jabetza transferentzia bat dator Filminen, Nazcak jakinarazi baitu erosle bila dabilela konpainiarentzat, eta albiste horrek ezin gaitu asko harritu, bost urteko "heltze-aldiak" nahiko ohikoak baitira private equity munduan. Une honetan, bi funtsek (Nazca eta Seaya) kapitalaren %84 kontrolatzen dute. Kataluniako plataformarekin geratzeko faboritoak Amazon (Primeren titularra) eta Telefónica dira. Filminek argitaratutako azken datuen arabera (2023ko ekitaldia), 23 milioi euro inguruko fakturazioa izan dute, 1,5 milioiko irabaziekin. Kontuan izan behar da 2020an 13,5 milioiko salmentak izan zituztela, eta horrek esan nahi du ordutik %70eko hazkundea izan duela. Ekitaldi hartatik ere emaitzak positiboak izan ditu beti. Halaber, zenbait hedabidek iradoki dute eragiketaren zenbatekoa 50 milioi eurora igo daitekeela.
Filminek 23 milioi euro inguru fakturatzen ditu eta 1,5 milioiko irabaziak sortzen ditu
Ziur aski, plataformaren jarraitzaileek nolabaiteko larritasuna sentitu dute, jabe berriekin katalogoaren filosofia aldatu daitekeela. Gaur egun, Filminen 15.000 filmen bi herenak europarrak dira; horrek nolabaiteko ideia ematen du. Prozesuak zer ematen duen adi jarraituko dugu.
Artikulu hau VIA Empresa hedabiderako idatzi da, eta bertatik itzuli eta egokitu da. Hemen artikuluaren jatorrizko esteka.