Lo egiten ez duen arloa da ekonomiarena. Finantza eta ekonomiarekin lotutako albisteak etengabe suertatzen dira, atsedenik hartzeko betarik utzi gabe. Ez da erraza zurrunbilo horretara salto egitea, are gutxiago ardurak hartzeko bada. Aste honetako Talaian ardura postuak izango dituzten horiei egingo diegu so, albiste iturri izan direlako. Brusela, Madril eta Gasteiz artean saltoka ibiliko gara bestelako albisteak ahaztu barik.
Sailburu berrien erronkak
Atsedena hartzeko sasoia omen da uda. Eusko Jaurlaritzako sailburuen kasuan, ordea, zuzenduko duten sailen osaera eta ildo estrategikoak definitu behar izan dituzte uztaila eta abuztua bitartean. Aste honetan, Eusko Legebiltzarrean izan dira hurrengo lau urtetan garatu nahi dituzten politikak azaltzeko, tartean eduki ekonomikoa duten hiru sailburuak: Mikel Torres lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua eta Noel d´Anjou Ogasun eta Finantza sailburua. Torresek, eskumen ekonomikoak bere gain hartu ondoren, “hazkundearen eta oparotasunaren ekonomiaren” aldeko apustua egin du, baita “zifra makroekonomiko handiak errealitate txikietara, enpresetara eta langileetara” hurbiltzearen aldekoa ere.
Jauregik, bere aldetik, deskarbonizaziora, energia-efizientziara eta autokontsumora bideratutako 260 milioi euroko programa berria martxan jartzeko helburua azaldu zuen. Jarrera kritikoa agertu zuen Jauregi sailburuak, Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitutako energiaren %8,7 baino ez bertan ekoizten dela esanez, Europan “energia berriztagarrien azken muturrean gaudela” aitortuz. Izan ere, Europatik datozen helburuekin bat egiteko energia berriztagarrien ekoizpena laukoiztu beharko lukete erkidegoak hurrengo zortzi urtetan. Ez du erreza izango sailburuak egoera horri buelta ematen azken hilabeteotan parke fotovoltaiko zein eolikoen inguruan herritarren aldetik izandako jarrera ikusita.
Jarrera kritikoa agertu du Jauregi sailburuak, Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitutako energiaren %8,7 soilik ekoizten dela hemen esanez
Noel d´Anjouk ere agerraldia izan du aste honetan legebiltzarrean eta bere hitzek zeresana eman dute, batez ere Ekonomia Itunarekin lotutakoak. Ituna eguneratzea eskatu du zerga guztiak arautzeko. Egun foru ogasunek zerga guztiak biltzen badituzte ere, zuzeneko zergen gainean baino ez dute arautzeko eskumenik. Kontsumoa zergatzen duten BEZ edo zerga bereziak, ordea, Espainiako Gobernuak arautzen ditu, Europako ezarritako ildoen barruan. Badira, horrez gain, Itunetik kanpo dauden tributuak, azken urtea hauetan Pedro Sanchezen gobernuak bankuei eta energia konpainiei ezarritako zerga berezia, esaterako. Foru Ogasunek zerga horiek arautzeko Ekonomia Ituna aldatu beharko litzateke, horretarako, Espainiako Gorteen babesa lortuta. Estatu mailan autonomia erkidegoetako finantzaketari buruzko eztabaidak hautsak harrotu dituela ikusita, ez du ematen Ituna eguneratzea erraza izango duenik.
Funts subiranoen beharra
Itunarena ez zen izan d´Anjouk mahai gainean plazaratu zuen proposamen bakarra. Euskal enpresen errotzea bermatu eta indartzeko tresnak garatzeari arreta berezia eskainiko diola adierazi zuen sailburuak. Horretarako, Finkatuz errotze-funtsaren erabilera bultzatu eta optimizatuko du Ogasun eta Finantza sailak. Dagoeneko CAF, KAIKU edo ITP enpresetan hasitako ibilbideari, parte hartze txikien bidez, berrekin nahi dio, hortaz, sailburuak. Jatorri euskalduna duen Talgo enpresaren kasua ere izan daiteke. Horrela adierazi zuen duela aste gutxi Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak Magyar Vagoenen erosketa eskaintzari ezezkoa eman eta gero. ITPren kasuan bezala, Jaurlaritza prest egongo litzateke parte-hartze txiki batekin laguntzeko.
Enpresen errotzearen afera hizpide izan zuten alderdi nagusiek legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan, eta funts subiranoa bezalako tresnen aldeko apustuak ildo horri eusten dio. Nazioarteko harreman ekonomikoek eta globalizazio ekonomikoa nabarmen aldatu den sasoi honetan, enpresen errotzea bermatu nahi dute munduko eragile ekonomiko gehienek. Mario Draghik, Europako Batzordeak eskatuta, aurreko astean aurkeztu zuen txostenak ildo horretan eragiten du, eta Europako zenbait estatuk estrategikotzat jo daitezkeen sektoreetako enpresetan inbertitzeko funtsak proposatu dituzte. Ozeano Atlantikoaren beste aldean ere, funts subiranoen aldarriak AEBetako hauteskunde kanpaina zipriztindu du. Harris eta Trumpen programetan antzerako tresnak garatzeko hainbat proposamen biltzen dira.
Nazioarteko harreman ekonomikoek eta globalizazio ekonomikoa nabarmen aldatu den sasoi honetan, enpresen errotzea bermatu nahi dute munduko eragile ekonomiko gehienek
EAEren kasuan Finkatuz funtsarekin batera Euskal Finantzen Institutuak garrantzi handia izango du enpresentzako baliabideak lortzeko orduan, eta baita aurten jaio berri den BasqueFIK Euskadiko Finantza Klusterrak ere. Asteazkenean, Deustuko Unibertsitatean burututako jardunaldi batzuetan, finantza eragile nagusiak enpresen finantzaketaz aritu ziren. Bertan, d´Anjou sailburuarekin batera, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea eta Jon Ander de las Fuentes BasqueFIKeko presidentea izan ziren. Erkidegoan finantza tresna “sofistikatuagoak” falta direla aipatu zuen Arriolak enpresen epe luzeko hazkundea bermatzeko, atzerriko funts handiek “jarrera dinamizatzailea” izan badezakete ere, “ondorio negatiboak” ere izan ditzaketelako. Horretarako, ahalik eta arinen inbertsio funtsa eratzea eskatu zuen.
Erreserba Federalak tasak jaitsi
Finantza merkatuek hitzordu nagusia AEBetan zuten aste honetan, Erreserba Federalak (FED) moneta politika aztertzeko bileran. Aurreko astean EBZk tasak puntu laurden jaistea erabaki bazuen, FEDek abiadura azkartu eta puntu erdian jaitsi du diruaren prezioa. AEBetako ekonomiaren sendotasuna eta inflazioa menderatzeko baikortasunak bultzatuta hartu du erabakia. Urte bukaera baino lehenago puntu laurdeneko beste bi jaitsiera adosteko aukera ere nabarmendu zuen Jerome Powellek zuzentzen duen erakundeak. Litekeena da hurrengo urtean ere, beheranzko bideari ekitea, %3,25 edo %3,5ean utzita. Pozik hartu zuten Erreserba Federalaren erabakia merkatuek, eta atzokoa gorakaden burtsa eguna izan zen merkatu nagusietan.
Europara etorrita, Ingalaterrako Bankuak ez dio EBZk eta FEDek hasitako bideari ekin, eta tasak %5ean ixtea adostu du. Abuztuko bileran tasak jaitsi bazituen ere, zuhurtzia nagusi izan zen atzoko bileran, inflazioaren bilakaera zuzendu arte.
Erreserba Federalak abiadura azkartu eta puntu erdian jaitsi du diruaren prezioa. AEBetako ekonomiaren sendotasuna eta inflazioa menderatzeko baikortasunak bultzatuta hartu du erabakia
Eurogunean, aldiz, aurreko astean egin zuen EBZk bilera, eta oihartzun handienak tasak puntu laurdena jaisteko erabakia hartu bazuen ere, oharkabean pasa diren beste ondorio batzuk utzi ditu. Horretaz mintzatu da Luis de Guindos EBZko presidenteordea Madrilen bankuen egoerari buruzko jardunaldi batzuetan. De Guindosek ohartarazi du EBZren bide orria likideziaren murrizketan oinarritzen dela. Hala, 2025eko urtarriletik aurrera banku zentralak zor publikoa erosi eta berrinbertitzeari utziko dio, hilero 40.000 milioi euro merkatutik kenduz. Murrizketa honen balizko ondorioak mahai gainean jarri zituen EBZren presidenteordeak, likidezia gutxiago egoteak bankuen kreditu jarduera moteldu dezakeelako, enpresa eta familien negozio arloetan.
Aurreikuspenen dantza
Ekonomiaren moteltze horren isla dira EBZk plazaratutako ekonomia aurreikuspenak. Inflazioari dagozkionak bere baitan utzi bazituen ere, ekonomia hazkundearenak zertxobait okertu zituen. Aurtengo hazkundea hamarreko batean jaitsi zuen, %0,8an finkatuta. Finantzazio baldintza zorrotzek familien kontsumoa eta enpresen inbertsioa ahuldu dutela uste du. Hurrego urteetarako aurreikuspenak ere murriztu zituen. EBZren ustez euroguneko ekonomia 2025 eta 2026an %1,3 eta %1,5 haztea espero du.
Aurreikuspenak eguneratu dituen erreferentziazko beste erakundea Espainiakoa izan da. Jose Luis Escrivák aurreko astean presidente kargua hartu eta gero etorri da prebisioen eguneraketa, BPGren hazkundea hobetuz. Horrela, 2024ean Espainiako Estatuko ekonomiak %2,8 egingo du gora, %2,2 2025ean eta %1,9 2026an. Azpimarratzekoa da, batez ere, 2024rako datua, bost hamarren hobetu baitu aurreikuspena. Escrivá Gobernutik Espainiako Bankura pasa izanak mesfidantza piztu bazuen ere, aurreikuspenen jauzi nabarmena estatistika hutsarekin lotuta dago. Izan ere INEk BPGren kalkulua eguneratu berri du, kontabilitate doikuntzak argudiatuta, eta horrek azaltzen du, hein handi batean, bost hamarrenen jauzia.
2024ean Espainiako Estatuko ekonomiak %2,8 egingo du gora, %2,2 2025ean eta %1,9 2026an. Azpimarratzekoa da, batez ere, 2024rako datua, bost hamarren hobetu baitute aurreikuspena
Espainiako Bankuko lehendakaritzara heldu berria da Escrivá, eta ikusteko dago gobernuarekiko independentzia mantenduko duen. Aurrekontu proposamena aurkeztu berri du Sanchezen gobernuak, eta, ohi bezala, Espainiako Bankuak kontuen bideragarritasunari buruzko iritzia plazaratu beharko du.
Aurrekontuena ez da izango Escrivák zuzentzen duen erakundeak jorratu beharreko gai bakarra. BBVAk Sabadell erosteko eskaintza ere aztertu beharko du. Balore Merkatuaren Batzordea (CNMV) eta Merkatuen eta Konkurrentziaren Batzordeak (CNMC) ere zeresan garrantzitsua izango dute erabaki horretan. Atzo egin zuen Cani Fernández CNMCko presidenteak agerraldia Espainiako Kongresuan, eta prozesuak luze joko duela esan zuen. BBVAk eskaintza maiatzean aurkeztu zuen, eta batzordeak hilabeteko epea badu ere, nahi beste luzatu daiteke informazio gehigarria behar izanez gero. Hala ari da gertatzen batzordeak Sabadelli informazio gehigarria eskatu baitio. Fernándezek “pazientzia eta teknikoen lanarekiko errespetua” aldarrikatu zuen, “zorroztasun tekniko osoarekin” helduko diotelako aferari.
Unicreditek aurreko astean Commerzbanken %9 eskuratu eta gero, aste honetan EBZri eskatu dio Alemaniako bankuan duen parte-hartzea %29,9ra handitzeko baimena
Baina, BBVA eta Sabadellena ez da une honetan dagoen balizko bat egite bakarra. Egun hauetan bolo-bolo ibili da Italiako Unicreditek Alemaniako Commerzbank erosteko aukera. Andrea Orcelek zuzentzen duen finantza erakunde italiarrak aurreko astean Commerzbanken %9 eskuratu eta gero, aste honetan EBZri eskatu dio Commerzbanken duen parte-hartzea %29,9ra handitzeko baimena. Alarma guztiak piztu ditu eskari horrek, erosketa eskaintza baterako lehen urratsa izan ohi delako. Europako legediak agindu bezala, enpresa baten kapitalaren %30 eskuratzen duenak derrigorrezko erosketa eskaintza egin behar du.
Unicreditek, momentuz, %30eko langa ez gainditzea erabaki ez badu ere, balizko bat egite bati ekiteko egoera ezin hobean geldituko litzatekeelako. EBZk behin eta berriz adierazi du euroguneko finantza erakundeak txikiegiak direla nazioarteko erronkei aurre egiteko, eta fusioen alde egin du, batez ere estatu ezberdinen artekoak badira. Unicredit eta Commerzbanken arteko eragiketak, hortaz, erraz lortu luke Lagardek zuzentzen duen erakundearen babesa.
Ribera, Europako Batzordeko presidenteorde
Eskuinera lerrokatutako Europako Batzordean postu garrantzitsua eskuratu du Teresa Ribera sozialistak. Trantsizio Ekologikorako eta konkurrentziarako komisarioa izateaz gain, presidenteordea ere izango da. Riberak bere adorea argi azaldu zuen duela urte gutxi pentsaezina zen argindarraren merkatu bateratuan salbuespen iberiarra lortu zuenean, Europako hainbat estaturi aurre eginez. Hazkundea eta produktibitatea ardatz izango duen batzorde berrian, ezker kutsuko politikak aurrera eramatea zaila izango du Riberak, baina garrantzia handiko postua izanda, eragin nabarmena lortu dezake. Margrethe Vestagar daniarrari hartuko dio lekukoa. Vestagarren agintaldiak monopolioen kontrako borroka izan du ardatz, eta horren isla dira Apple eta Google bezalako erraldoiei irabazitako auziak. Aste honetan ezagutu dugu Europako Auzitegiak Google korporazioari ezarritako 2.400 milioi euroko isuna.