Hamabi urtetik beherakoentzat doakoa izango da garraio publikoa EAEn

Garraio publikorako %50eko deskontua sei hilabetez luzatuko da Hego Euskal Herrian

Adingabe onuradunek txartel berezia izan beharko dute| Argazkia: iStock Adingabe onuradunek txartel berezia izan beharko dute| Argazkia: iStock

Euskadiko Garraio Agintaritzak (EGA) osoko bilkuraren ezohiko bilera egin zuen atzo. Espainiako Ministro Kontseiluak garraio publikorako hartutako erabakia aztertu zuten, hots, garraio publikoko %50eko deskontuak beste sei hilabetez mantentzea; bestetik, EAEn hamabi urtetik beherako adingabeek garraioa dohainik izatea ere proposatu zen. Nafarroan ere %50eko deskontua bermatuko da, gutxienez, 2025eko ekainaren 30era arte.

Hala, laguntza ekonomikoa bermatuko da herritarrek garraio publikoa merkeago ordain dezaten, 2022ko irailean martxan jarri zen neurria mantenduta. Espainiako gobernu zentralak hartuko du bere gain deskontuaren %30 Hego Euskal Herrian, “baldin eta toki-administrazioek gainerako %20 ordaintzen badute”. EAEren kasuan, Eusko Jaurlaritzak %10 ordaintzen du, eta gainerako %10 probintzia- edo udal-administrazioek kudeatzen dute; Nafarroako Gobernuak %20 ordaintzen jarraituko du.

Hamabi urteko adin gutxikoen garraio kostuen doakotasunari dagokionez, Susana García Chueca EAEko Mugikortasun Jasangarriko sailburuak “neurria ezartzeko betebeharra defendatu” zuen. Gaur egun, sei urtetik beherako haurrek soilik dute garraioa dohainik (Gasteizko Tuvisaren kasuan soilik luzatzen da doakotasuna hamabi urtera arte).

Garraio operadoreak, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuenez, “eskubide hori zabaltzearen alde agertu dira”, eta, hortaz, datozen egunetan eztabaidatuko da neurria martxan jarri dadin. Erabakiak EAEko 130.000 ume ingururengan izango luke eragina, Eustat Euskal Estatistika Erakundearen datuen arabera.

“Doakotasunaz gozatzeko, adingabeek txartel pertsonalizatua izan beharko dute” adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak. Neurria abian jartzean (azaldu zutenez, urtarrilaren 7tik aurrera), sei eta hamabi urte bitartekoen arduradunak arreta bulegoetara gerturatu beharko dira txartela eskuratzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK