Gizona, boomer belaunaldikoa (1946-1964), 12 ordu baino gehiagoko eguneroko lanaldia, whatsappak ezorduetan edo asteburuan bidaltzeko beharra eta medikuntza, abokatutza, teknologia, informatika eta gehiegizko lana loriatzen duten sinesmenekin lotutako lanbidea. Horixe da pertsona workaholic baten prototipo nagusia, hau da, lanarekiko mendekotasuna duen langile batena. Ehuneko horrek gora egin du Euskal Herriko bulegoetan azken hamarkadetan, eta profesionalen %10ek aitortu du lan-eremuarekiko "pasio obsesiboa" duela. Adikzio hori psikologikoki ikertu da, eta buruhauste bat baino gehiago dakarkie erakundeetako gainerako langileei. Eta horren guztiaren gakoa: nola aurre egin workaholic bati (eta ondoriorik ez izan)?
Opor egunak sekulako eragozpena izan daitezke 'workaholic' batentzat
Lehenik eta behin, lanarekiko mendekotasunaren ezaugarria da gehiegi lan egitea eta denbora pertsonal asko ematea lanarekin lotutako zereginei, baita lanetik aldentzeko zailtasuna ere. "Kontuan izan behar dugu adikzio terminoa ez dela soilik substantzia psikoaktiboekiko (alkohola edo kokaina) mendekotasunari buruzkoa, baizik eta mendekotasun batzuek jarduera jakin batzuk egiteari uzteko ezintasuna ere badakartela, hala nola bideojokoetan aritzea, jatea, telefono mugikorra, Internet, lan egitea edo sexua", adierazi du Àngel Serra psikologo kliniko eta Bartzelonako Vic Unibertsitateko irakasleak.
Baliteke irakurleetako batzuk arestian aipatutako ezaugarriren batekin identifikatuta sentitzea, eta horrek sintomekin du zerikusia. Ordu asko lan egitea —baita asteburuetan edo jaiegunetan ere— edota lanetik mentalki eta emozionalki urruntzea zaila bihurtzea. Gainera, horietako askorentzat, opor egunak sekulako nahasmendu bihur daitezke. Etengabe mezu elektronikoak aztertu behar izaten dituzte, eta errudun edo larrituta sentitzen dira lanean ari ez direnean.
Hala ere, Serraren iritziz, "belaunaldi aldaketa gertatzen ari da, eta horrek lantokiarekiko harremana aldatzen du. Gazteek lanari garrantzia gutxiago emateko eta eremu pertsonalari denbora gehiago eskaintzeko borondatea dute". Horren adibide da, hainbat goi zuzendariek, Pepsicoko Europako hego-mendebaldeko zuzendari nagusi Pol Codinak esaterako, seme-alabak eskolara jasotzera joan eta arratsaldea beraiekin partekatu ahal izatea sustatu dutela, lanaldi laburraren barruan.
'Workaholic'-aren prototipoaz harago
Genetikoa al da lanarekiko menpekotasuna? Edo egoera jakin baten ondorioz sor daiteke? Vic Unibertsitateko adituak argi dauka workaholic izatea ez dela berez gertatzen, pixkanaka baizik, faktore biologiko, emozional, psikologiko eta sozialek esku hartzen baitute. Adibidez, lorpenen bat dugun bakoitzean, dela lan-lana, dela helburu pertsonala, gure garunak dopamina askatzen du. Are gehiago, perfekzionista izateak gehiegizko lana ekar dezake, autoestimu arazoekin batera, lana balioztatzea bilatzen baitute.
Lan-murgiltze bizia eragin dezakeen beste efektu bat arazo pertsonal edo emozional zailak izan daitezke, hala nola lotura bat haustea edo oso hurbileko norbait hiltzea. Serrak argi dauka kultura askotan "beti lanpetuta" daudenekiko miresmena dagoela, enpresarekin etengabe konprometituta egotearen ideia, Japoniako gizartearen zati handi baten kasuan bezala. Horregatik, lanpostuari uko egiten laguntzen dieten agentziei ere ordaintzen zaie.
Egunerokoa 'workaholic' batekin partekatzeko arriskua
Lanerako mendekotasuna duenak asmo onak izan ditzake, baina mendekotasunak ondoeza eragin diezaioke norbanakoari eta erakundeari. Langilearen inguruko harremanak ere pairatzen dute eta bere lan inplikazio maila "desegokia" kutsatu daitezke, adituaren arabera.
Gainera, Maite Moreno Bartzelonako EAE Business School giza baliabideen masterraren zuzendariak zehaztu duenez, pertsona bera gaixotu daiteke eta ondorioak izan ditzake enpresaren eraginkortasunean eta produktibitatean. "Workaholic-a da bulegora iristen lehena, eta azkena joaten; gainera, kosta egiten zaie lantaldeak mantentzea, sentitzen baitute eurek bakarrik egiten dituztela eskatutako lanak, eta zaila egiten zaie delegatzea", nabarmendu du. Horregatik, azkenean, zuzendariak badira, helarazten duten mezua zera da: "ez diete langileei hazten edo fidelizatzen laguntzen".
Moreno: "'Workaholic' da bulegora iristen lehena, eta azkenetako bat joaten; kosta egiten zaie lantaldeak mantentzea, beraiek bakarrik ondo egiten dutela sentitzen dutelako eta delegatzea kostatzen zaielako"
Morenorentzat, norbaitek "mendekotasun horiek pairatzen dituen eta sufrimendua eragiten dion nagusi batekin topo egiten badu, ekiteko unea da". "Larunbat gauetan eta ordutegitik kanpo whatsapp mezuak jasotzeari utzi eta deskonexio digitalaren legea betetzeko unea da". Halaber, giza baliabideetako lankideei egoeraren berri ematea komeni den baloratu behar da, nagusiarekin elkarreraginean dagoen egunerokoan, lehentasunak zein diren galdetzea, mugak ezartzea eta "lan-araudia zure alde" dagoela kontuan hartzea.
Enpresaburuaren rola: eredu ona izatea
Azkenik, enpresaburu batek lanarekiko mendekotasuna duen langile bati lagun diezaioke, haren ekarpenak baloratuz, baina baita eguneroko zereginak lehenesten lagunduz ere. Era berean, langileak aparteko ordurik ez egitera animatzea, lan-kargei buruz zintzo hitz egin dezaten, eredu ona susta dezaten eta asteburuetan eta jaiegunetan langile guztiei atsedenerako aukera eman diezaieten. Eta Serraren azken ondorio bat, kontuan hartzeko: "norbera zaintzea da sekreturik emankorrena".
Artikulu hau VIA Empresa hedabiderako idatzi da, eta bertatik itzuli eta egokitu da.