Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa (BIEMH) atzo hasi arren gaur abiatu dira BIEMH Talks konferentziak. Gaurtik eta ekainaren 6ra bitartean, eskaintza zabala izango da, Estatu mailako zein nazioarteko adituak bilduko dituena, automatizazio eta robotika, fabrikazio gehigarri eta digitalizazio arloetako joera, erronka eta konponbideetan sakontzeko.
Horrela, gaurko hitzaldiek digitalizazioa izango dute ardatz. Digital Talks izenpean, BECeko laugarren pabiloiko konferentzien aretoan egingo den jardunaldia aukera bikaina izango da industriari aplikatutako eraldaketa digitalaren arloko azken joerak eta 4.0 teknologiak ezagutzeko. Era berean, interes berezikoak izango dira, bereziki, produkzio-prozesuak hobetu eta bizkortu nahi dituzten ekipo industrialen enpresa erabiltzaileentzat.
Jardunaldia 10:00etan hasi da BECeko zuzendaria den Xabier Basañez, eta AFMeko zuzendari nagusia den Xabier Ortuetaren eskutik. Eta 10:30etan lehen ponentzia hasiko da, AFMko teknologian espezializatua den Jon Nuñezen eskutik. Ponentzia honetan AFMk eta STECH enpresak fabrikazioari aplikatutako adimen artifizialaren esparruan egiten ari diren ekimenak aurkeztuko dira. Hitzaldiaren ondoren, atsedenaldia egingo dute eta ondoren hiru arrakasta kasu azalduko dira: Manipulazio-robot baten biki digitala eta adimen artifizialean oinarritutako software kontrolatzaile bat erabiltzea, puztu bidezko moldekatze-makinen ingurumen-aldaketak konpentsatzeko; balio-katearen plangintza, sekuentziazioa eta sinkronizazioa automobilgintzaren industrian; eta datuetatik haratago, berrikuntza Cometel eta Digitalentu enpresetan. Arratsaldean, beste ponentzia bat egongo da eta egunari amaiera emango zaio 17:00etan.
Biharko egunean, aldiz, robotika eta automatizazioari buruz jardungo dute. Industriari aplikatutako robotikaren eta automatizazioaren arloko azken teknologiak eta garapenak ezagutzeko aukera izango dute izena ematen duten guztiek. Goizean, 10:40ean hasita bi ponentzia egingo dira, robotika eta adimen artifizialaren inguruan bata, eta robotika mugikorreko adimen artifizialari esker, logistikako malgutasuna maximizatuz bestea. Hauek amaitzean, mahai-inguru bat egingo da. Konferentzien bigarren egun hau, asteartekoa baino laburragoa izango da, eta horrela eguerdian amaituko da, 14:00etan.
Azkenik, hirugarren eta azken egunean fabrikazio gehigarriko arrakasta kasuak, aplikazioak eta joerei buruz jardungo dira. Eguneko hasierako hitzaldiak fabrikazio gehigarriaren etorkizunean jarriko du fokua, besteak beste, eskulanaren talentua, teknologiaren joerak eta negozioaren berrikuntzan. Ondoren, ohi bezala, ponentzien eta arrakasta kasuen txanda izango da. Bukatzeko, mahai-inguru baten bitartez, sektoreko adituek fabrikazio gehigarriaren teknologiak industrializatzeko eta eskalatzeko estrategiak partekatuko dituzte, euren ikuspegi estrategikoa emanez eta prozesu horretan aurkitzen ari diren erronkei eta oztopoei nola heltzen ari diren azalduz.
Lehen enplegua, euskaraz
Bestalde, WorkINN Lanean azokaren testuinguruan, NIRE LEHEN ENPLEGUA industria-sektorea tailerrean euskaraz parte hartzeko aukera izango da 10:00etatik 11:00etara, 1 pabilioiean. Aipaturiko tailerra lan aukerak bilatzen ari diren gazteei edo lan merkatura itzuli nahi duten langileei zuzenduta dago.
Horrela, lau tailer ezberdin izango dira: Lehena, Nire lehen enplegua industria-sektorea deiturikoa; bigarrena Enplegu emergenteak 2030 Digitala eta Teknologikoa; hirugarrena Industria-sektorea eta senior profesionalak; eta laugarrena Arauak hautsiz: Emakumeak sektore maskulinizatuetan. Tailerrak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.
23 herrialdetatik iritsitako erosleak
Bestalde, dagoeneko Bilbao Exhibition Centerren daude BIEMHeko Hosted Buyers’ Programmeko lehen ordezkariak. Munduko hainbat herrialdetatik iritsitakoak dira, besteak beste Estatu Batuak, Frantzia, Alemania, Italia, Erresuma Batua, Portugal, Turkia, Kanada, India, Txina edo Mexiko. Guztiek harrera ofiziala jaso zuten azokan aurkeztutako erakusketa-eskaintzari buruzko informazioarekin eta gure herrialdean jarduera industrialak bizi duen egoerari buruzko datuekin.
Mundu mailan liderrak diren enpresetan erabakiak hartzeko ahalmena duten 300 goi kargudun inguru bilduko ditu programak. Datu horrek agerian uzten du ekimen hori erakundeak egindako apustu arrakastatsua eta egokia izan dela. Enpresa horietako asko (70 baino gehiago) Mexikotik, BIEMHeko 32. edizioko herrialde gonbidatutik, iritsitakoak dira.