
Bizkaiko Foru Aldundiak aldaketak onartu ditu Pertsona Fisikoen Gaineko Errentaren Araudian eta Sozietateen Gaineko Zergarenean.
Pertsona Fisikoen Gaineko Errentari buruzko Araudian bi aldaketa nagusi txertatu ditu Aldundiak. Bata, Emantzipa programari loturikoa. 25 eta 29 urte bitarteko gazteen emantzipaziorako dirulaguntzak salbuespena izango du errenta aitorpenean. Laguntza horiek gehienez ere 24 hilabetez jaso daitezke. Aipatutako erregelamenduek 4/2024 Foru Araua, abenduaren 27koa, garatzen dute, hainbat zerga-aldaketa txertatuta.
Bestea, jarduera artistikoei loturikoa da. Tratamendu berezi bat izango dute erregimen horren pean sartzen diren artisten etekinek. Erregimen orokorrean, behin diru-sarrerei gastuak kenduta, amortizazioengatiko, narriadura-galerengatiko eta justifikatzeko zailak diren gastuekiko kenkaria %10ekoa da gehienez ere. Artisten kasuan %40era bitartekoa izango da neurri berriari esker. Aurreikusi dutenez, 800 bat artistei eragingo die, sektore horretan dagoen %65i, tartean sorkuntza plastikoa, bisuala zein zuzeneko arteena egiten dutenei, edota halako jarduerak garatzeko beharrezkoak diren esparru teknikoko langileei ere. Neurria 2025eko ekitaldian aplikatuko da.
Bizkaiak 2023an hartu zituen erabakiak lehen aldiz artisten sektoreari eragingo zizkioten araudi aldaketa egiteko, eta 15.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenentzako atxikimendua %7koa izan zedin, %15ekoa izan ordez. 2024an, Bertsolaritzako profesionalen kasua ere gaineratu zen azpiatal baten.