Genero berdintasuna industrian txertatzeko gogoeta espazioa izango da lehen aldiz Biurtekoan

'Women in Industry' izenburupean, eztabaidarako gunea ere eskaini nahi dute makina-erremintari buruzko erreferentziazko azokan

Tamara Yagüe FVEMeko presidenteak mahai-inguruetako bat moderatuko du | Argazkia: Bilboko Ganbara Tamara Yagüe FVEMeko presidenteak mahai-inguruetako bat moderatuko du | Argazkia: Bilboko Ganbara

Hilabete baino gutxiago geratzen da Makina-erremintaren Biurtekoak berriro ere ateak zabaldu ditzan Bilbao Exhibition Centerren. 1.300 enpresa erakusketarik baino gehiagok baieztatu dute dagoeneko bertan izango direla, sektoreko erreferentziazko ferian. Aurtengo espazio berrietako bat izango da 'Women in Industry' konferentzia programa, AFM klusterrak, BECek eta Professional Women´s Network sareak antolatutakoa. Espazio honetan, genero arrakalari eta berdintasuna bultzatzeko beharrari buruzko gogoetak eta eztabaidak partekatuko dira. Horretarako, hainbat mahai-inguru eta hitzaldi egingo dituzte, zeinetan hainbat profesionalek euren esperientziak lehen pertsonan partekatuko dituzten. Horiekin batera, erronkak eta proposamenak eskaintzeko espazio bat ere izango da.

Biurtekoa ekainaren 13an hasi eta 17an bukatuko bada ere, Women in Industry 14tik 16ra izango da. Lehen jardunaldiaren izenburua da, Berrikuntza, Sormena eta Generoa, eta egun horretan bertan izango da Industriako erronka teknologiko berriak mahai-ingurua ere. 15ean, berriz, Industriarako emakume liderrak trebatzen hitzaldia eskainiko du Celia del Anca Centro de Diversidad del Instituto de Empresa enpresako arduradunak, eta Prestakuntza eta enplegagarritasuna industriaren sektorean mahai-ingurua izango da. 16an, azkenik, 50 urte baino gehiagoko emakumeen egoera izango du hizpide Talent Seniorreko Montse Pichotek Senior talentua: nola kudeatu genero-aniztasuna eta belaunaldi mailako aniztasuna hitzaldian. Konferentzia programaren azken bi mahai-inguruak dira Emakumea eta Industria. Esperientziatik abiatutako gakoak eta Nola erakarri gizonezkoak. Berdintasunaren aldeko lankidetza.

Aipatutako hizlariez gain, gainontzeko mahai-inguruetan parte hartuko dute, besteak beste Tamara Yagüe PWN Bilbaoko presidenteorde, FVEMeko presidente eta Tecuniko zuzendari orokorrak, eta Ana Andueza PWN Bilbaoko presidenteak, baita Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak eta Teresa Laespada Bizkaiko Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun arloko foru-diputatuak ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK