• EKONOMIA
  • Errenta+ aplikazioa abiatu du Gipuzkoako Foru Ogasunak

Errenta+ aplikazioa abiatu du Gipuzkoako Foru Ogasunak

Gipuzkoarrek autolikidazio proposamena ikusi eta onartu ahalko dute tresna berriaren bitartez, baita aurrez aurreko hitzorduak eskatu ere

2024ko errenta kanpaina aurkeztu dute gaur | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
2024ko errenta kanpaina aurkeztu dute gaur | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
2025eko martxoaren 25a
Eg. 2025eko martxoaren 25a

Errenta+ aplikazioa jarri du martxan gaur Gipuzkoako Foru Ogasunak, hain zuzen, 2024ko errenta kanpainaren xehetasunak aurkeztu dituen egunean. Zenbait berritasun ditu kanpaina berriak, eta horietako bat da jada mugikor zein tabletetan deskarga daitekeen aplikazioa.

 

Errenta+ app-aren bitartez, partikularrek aukera edukiko dute kanpainako autolikidazio proposamena onartzeko. Gainera, aplikaziotik bertatik informazio fiskala kontsulta daiteke, aurrez aurreko hitzordua eska daiteke, eta jakinarazpen garrantzitsuak zein kanpainarekin lotutako albisteak jasotzeko aukera ere badago. Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatuak azaldu du tresna berria baliagarria izango dela zergadunen eta Foru Ogasunaren arteko komunikazioa hobetzeko, eta zergadunak animatu ditu aplikazioa deskargatzera, hala, “errenta izapideak telefono mugikorretik eroso egiteko”.

Aplikazioaz gain beste aldaketa batzuk ere iragarri ditu Agirrek, besteak beste, oinarrizko tarifaren %2,5eko deflaktazioa, 35.000 eurotik beherako errententzat 200 euroko gutxitzea, eta “langile autonomoei zuzendutako neurri bereziak”. Gainera, erregimen berezi berria aplikatuko zaie enpresa berritzaile eta start-upen sortzaileei: “laneko errendimenduaren %30erainoko salbuespena hamar ekitalditan gehienez, eta ondarearen gaineko zergan salbuespena ekarpen edo partaidetzetarako”. Bestalde, %10etik %25era handituko da oinarri orokorrean ondareen galera konpentsazio-muga.

 

Orotara, Foru Ogasunak 285.595 proposamen prestatu ditu, hau da, iaz baino 9.695 gehiago (+%3,5); proposamenak 326.116 zergadunei bideratuta daude.

Azkenik, diputatuari galdegin diote Gipuzkoan zergatik ez den Bizkaiko eredua jarraituko alokairuari dagokionez. Izan ere, Bizkaian alokairuen egun-kopurua adierazteko laukitxoa gehituko da, helburu izanik alokairuaren egunei buruzko informazioa izatea, erreferentziazko prezioen indizeak egiteko zenbateko horiekin. Gipuzkoan, ordea, ez da laukitxo hori gehituko, Agirreren hitzetan erreferentzia indizea berme berberekin egin daitekeelako soilik Eustatekin lankidetza eginda eta estatistika iturri desberdinak erabilita. Gaineratu du “ez dutela beharrezkoa ikusten” informazio gehigarri horretarako laukitxoa gehitzea.

Errenta kanpainaren datak

Gaurtik aurrera ikusgai dago autolikidazio-proposamena, baina soilik astelehenetik aurrera (martxoaren 31) onartu ahalko da proposamena. Errenta aitorpen telematikoa apirilaren 3an hasiko da, Zergabidea plataformaren bitartez; gune horretan bertan egin ahal izango da ondarearen eta aberastasun handien gaineko zergaren aitorpena.

Apirilaren 4tik aurrera irekiko da aukera hitzordua eskatzeko, hain zuzen, aitorpenak aurrez aurre egiteko, baina hitzordu horiek apirilaren 8tik aurrera gauzatuko dira. Azkenik, ekainaren 30ean amaituko da epea aitorpenak egiteko.