
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Oreka Berdea sailak 1.765.340 euro banatu ditu lurraldeko 692 nekazaritza-ustiategiren artean. Gaur egindako gobernu kontseiluan azaldu dutenez, nekazaritza nahiz abeltzaintza eredu jasangarriagoak bultzatzea du helburu laguntzak.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, dirulaguntza horiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko departamentuaren eta Europako Batzordearen Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) aurrekontuen bidez finantzatu dira. "Finantzaketa horrek indartu egiten du Europako erakundeek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak nekazaritza sektorea praktika iraunkorragotarako trantsizioan babesteko duten konpromisoa", adierazi du.
Jasotako diruarekin ustiategiek aukera izango dute laborantza ekologikoa, biodibertsitatean oinarritutako erlezaintza, larreen kudeaketa jasangarria edota bestela jarduera batzuk garatzeko. "Jarduera horiek lehen sektorearen iraunkortasuna sendotzeaz gain, mundu mailako erronkei aurre egiten lagunduko dute, klima aldaketari edo biodibertsitatearen galerari, esaterako”, gaineratu du Berasaluzek.