Gipuzkoako Aldundiko langileen belaunaldi aldaketa sustatzeko akordioa egin dute

LAB eta CCOOk babestuta, errelebo kontratua bultzatzeko zenbait neurri adostu dituzte aldundiko langile batzordeak eta foru gobernuak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ataria | Argazkia: iStock Gipuzkoako Foru Aldundiaren ataria | Argazkia: iStock

Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen batzordeak eta foru gobernuak akordioa sinatu dute langileen belaunaldi erreleboa sustatzeko. LAB eta CCOO sindikatuen laguntzarekin negoziatu dute, eta 2010etik Foru Aldundian egin den lehen lan itun orokorra dela nabarmendu du langileen batzordeak.

Araban eta Bizkaian errelebo kontratua bultzatzeko zenbait neurri badira jada, baina Gipuzkoan ez zen halakorik. "Foru lantaldea zahartzen ari denean, eta sektore publikoan enpresa pribatuetako langileentzat aplikatzen den errelebo kontraturik ez dagoenez, plan berri honek belaunaldien arteko erreleboa sustatzen du, enplegua banatuz eta langileek metatutako ezagutzaren transferentzia bermatuz", adierazi du langile batzordeak ohar batean.

Hainbat neurri jasotzen dira akordioan, besteak beste erretiroa hartzera doazen langileek aldundiaren Partekatuz programan parte hartzeko aukera izango dute. Lan bizitza bukaeran urte erdi sabatikoa hartu ahal izango dute, betiere bost urtez %98 kobratu eta kotizatuko badute. Urtebetera luzatu ahal izango dute hori, baina bost urtean %85 kobratuz eta kotizatuz. Gainera, pizgarridun lanaldi murrizketa bat eskatu ahal izango dute, eta soldatarik gabeko baimenak sei hilabetera arte luzatzeko eskubidea izango dute.

LAB eta CCOOren ustetan, akordioa “positiboa” da belaunaldi errelebo “ordenatu” bat eta lanaren banaketa egin ahal izateko, eta akordioa erreferentzia garrantzitsua izango dela uste dute lurraldeko gainerako administrazio erakundeentzat.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK