
Gipuzkoako Merkataritza Ganberak aurreikusi du lurraldeko ekonomia %2,1 haziko dela aurten. Turismoa eta esportazioak jo ditu hazkundearen motor nagusi, eta lurraldeko enpresen "egokitzeko gaitasuna eta sendotasuna" jo ditu gakotzat, atzerrian lehiakor jarrai dezaten.
Gaur Donostian egindako prentsaurrean ekonomiaren gaineko analisia eta etorkizunera begirako aurreikuspenak biltzen dituen txostena aurkeztu du ganberak. Bertan izan dira Mauricio Arregui presidentea eta Javier Zubia zuzendari nagusia. Gipuzkoako 400 bat enpresek parte hartu dute txostenean egindako inkestetan, eta Arreguik zehaztu du enpresen %46k euren kanpo salmentak handitzea espero dutela 2025ean.
Txostenaren arabera, industria sektoreko enpresen %12k euren esportazioak murriztuko dituzte. Zerbitzuen sektorean, aldiz, baikorragoak dira; enpresen %54k kanpo salmentak handituko dituztela uste baitute.
Ganberako presidenteak adierazi du emaitza hauek “enpresa ehunak izandako jarduera egokiaren ondorio direla, zeinak jakin duen Europako merkatuaren beherakadari aurre egiten. “Honek gure ekonomiaren lehiakortasuna agerian jartzen du, bai eta gure dibertsifikazio estrategiaren arrakasta”, gehitu du.
Halaber, Gipuzkoako ganberak neurtu du BPGa %2,2 hazi zela iaz Gipuzkoan, Euskal Autonomia Erkidegoan baino gehiago (%2,1). Zubiaren esanetan, kopuru hori 2023koaren antzekoa da. "Gipuzkoak bere dinamismo esportatzailea sendotu du nazioarteko merkatuetan, nahiz eta Europako merkatu nagusietan (Frantzia, Alemania eta Italia) eskariaren ahultasuna handia izan", azaldu du.
Lurraldeko beste adierazle ekonomiko batzuk ere aipatu ditu Zubiak, hala nola Gizarte Segurantzan izena emanda dauden pertsonen kopurua. 338.000 pertsona baino gehiago zeuden izena emanda 2024aren amaieran, inoizko kopururik handiena.