• EKONOMIA
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak errenta aitorpena euskaraz aurkeztera animatu ditu herritarrak

Gipuzkoako Foru Aldundiak errenta aitorpena euskaraz aurkeztera animatu ditu herritarrak

Egun, ia 84.000 herritarrek eskatu dute Ogasunarekin euskaraz aritzea. 2023rako 100.000ko helburua lortu nahi du Aldundiak.

 (Argazkia: iStock)
(Argazkia: iStock)
2022eko apirilaren 20a
Eg. 2025eko apirilaren 4a

Apirilaren 4ean hasi zen Gipuzkoan 2021eko errenta proposamenak onartzeko epea. Orain arte telematikoki egiteko aukera zegoen, eta gaur irekiko dira errenta kanpainako modalitate mekanizatua egiteko bulegoak. Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu duenez, guztira 62.000 aitorpen jasotzea espero da bigarren modalitate honen bidez.

 

Gipuzkoako Ogasunak hamaika bulego ditu, bederatzi herritan banatuta, eta 120 pertsonako lan taldea ari da berauetan lanean. Hitzordua web orriaren bitartez edo 943 11 30 00 telefonora deituta hartu daiteke. “Baliabide propioekin, kalitate oso altuko zerbitzua ematen dugu, herritarrek ere asebetetze inkestetan nota bikainekin baloratzen dutena”, gaineratu du.

Errenta kanpainari orokorrean begiratuta, Peronak esan du “normaltasunez” hasi dela modalitate guztietan. “Kanpaina honetan ere, nabarmentzekoa da bide teknologikoen alde egiten dugu apustua. Eta honekin batera, aurrez aurreko arretari eusten diogu, ez dugulako nahi ez arrakala digitala handitzerik, ez inor atzean uzterik”, borobildu du foru diputatuak.

 

Errenta kanpaina ekainaren 30era arte luzatuko da. Ogasunaren aurreikuspenen arabera, 387.000 aitorpen aurkeztu dira kanpainan, eta foru erakundeak 280 milioi euro itzuliko dizkie gipuzkoarrei, eta beste 276,5 milioi euro jaso.

Modalitate mekanizatua aurkezteko bulegoen irekiera baliatu nahi izan du foru diputatuak errenta kanpainan euskararen aldeko hautua egiteko. Pasa den urteko kanpainan 68.700 herritarrek aurkeztu zuten errenta aitorpena euskaraz, aurreko kanpainan baino % 5,7 gehiagok.