Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak erretiro edo baliaezintasun-pentsioa jasotzen duten pertsona guztiei dagokien murrizketa kalkulatuko die, baldin eta 1967 baino lehen lan egin badute eta lan-mutualitate batean kotizatu badute. Hala erabaki du Auzitegi Gorenaren 255/2023 epaiak. Hala, Foru Ogasunak kalkulua aldatuko du epaia aplikagarria den kasuetan, eta dagokion itzulketa egingo du uztailaren 2tik aurrera.
Zenbateko hori itzultzeko, egungo kanpainan aurkezten ari diren 2023ko Errentaren aitorpenen kasuan, Foru Erakundeak automatikoki egingo du kalkulua, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako informazioa erreferentziatzat hartuta, eta itzulketa hori irizpen berriak eragindako pertsonei jakinaraziko die.
Horrela, zuzenketa hori kanpaina amaitu ondoren egingo zaie. Hori dela eta, Foru Ogasunak "lasaitasunerako" deia egiten du eta eragindako zergadunei aitorpenak orain arte bezala aurkezten jarraitzeko eskatzen die, une honetan eskura duten informazioarekin. Hala, Ogasunak autolikidazio-proposamen bat egin badu, onartzea gomendatzen da, eta proposamenik ez badu, aitorpena Internet bidez edo mekanizazio-bulegoetan aurkeztea, horrek ez baitu eragotziko epai hau aplikatzea.
Preskribatu gabeko ekitaldiei dagokienez (2019, 2020, 2021 eta 2022), zuzenketa eskatzeko prozedura orain arteko bera izango da.