Elma Saiz Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak azaldu duenez, gutxieneko pentsioak %5 eta %7 artean handituko dira 2024an. Oro har, pentsioak %3,8 igoko dira datorren urtean, behin azaroko behin betiko KPIa jakinda. Izan ere, zenbateko hori izan da Espainiako azken hamabi hilabeteetako batez besteko inflazioa, eta horren arabera eguneratzen dira pentsioak.
Saizek, ordea, %3,8 horretatik gora eguneratuko dituztela iragarri du. Kotizaziorik gabeko pentsioak %6,9 handituko dira eta familia bere kargu duten alargunena %14,1. Hots, 906 eurotik 1.033 eurora igaroko da hilean.
Elma Saizek CCOO eta UGT eta CEOE eta Cepymeko ordezkariekin elkartzeko asmoa du datorren astean. Espainiako Gobernuak 2024 eta 2027 artean pentsiorik txikienak inflazioaren gainetik handitzea adostu zuen sindikatuekin aurreko legealdian.