Gutxieneko soldata adosteko mahaia eratuko da gaur

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin elkartuko da Confebask Lan Harremanen Kontseiluak Bilbon duen egoitzan

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak Confebaskekin elkartuko dira gaur, eta negoziazio mahaia jarriko dute abian, Euskal Autonomia Erkidegoan gutxieneko soldata ezarriko duen lanbide arteko akordio bat lortzeko.

Lan Harremanen Kontseiluak (LHK) Bilbon duen egoitzan egingo dute bilera goizeko 11:00etan. Sindikatuek ohiko zatiketak gainditu, eta indarrak batu dituzte negoziazioa bultzatzeko. Nolanahi ere, sindikatu bakoitzak bere proposamen eta ikuspegiarekin helduko dio negoziazioari.

ELAk adierazi duenez, Espainiako gutxieneko soldatak ez du balio Hego Euskal Herrian aberastasuna banatzeko tresna gisa, “egitura ekonomiko desberdina duelako”, eta lanbide arteko gutxieneko soldata BPG per capita nominalaren %65 izatea defendatzen du; beraz, hilean 1.795 eurokoa izango litzateke, 14 ordainsaritan banatuta.

Bestalde, LABek uste du "klase urgentzia" dela lanbide arteko gutxieneko soldata izatea Euskal Herrian, eta 1.600 eurokoa izan beharko lukeela dio.

CCOO "pentsamolde irekiarekin eta marra gorririk gabe" joango da, eta ez du aurreikusita lehen bilera horretara gutxieneko soldata horrren gaineko zifra zehatzik eramatea, nahiz eta helburu duen gutxieneko soldata Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko soldataren %60 ingurukoa izatea. UGTk, bestalde, “euskal errealitate sozioekonomikoaren isla leiala" izango den gutxieneko soldata aldarrikatu du.

Confebaskek mahai inguruan parte hartzea onartu badu ere, Tamara Yagüe presidenteak duela aste batzuk adierazi zuen beharrezkoa dela “errealistak” izatea, eta ezin direla arriskuan jarri enpresen iraunkortasuna eta lehiakortasuna, eta, beraz, proposamen sindikalak koherenteak izatea espero duela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK