
Espainiako Gobernuko Lan eta Osasun Ministerioak elkar negoziatzen aritu dira azken egunetan lanbide arteko gutxieneko soldataren inguruan. Sumar eta PSOE dira ministerio horien atzean dauden alderdiak eta zenbait desadostasun izan dituzte zerga politika adosterako orduan.
Yolanda Diaz lan ministroa eta Maria Jesus Montero ogasun ministroa aritu dira negoziatzen, eta gaur adostu dute lanbide arteko gutxieneko soldata kobratzen duten pertsonek PFEZa ez ordaintzea 2025eko ekitaldian.
Ogasun Ministerioak PFEZaren kuotan kenkari bat sartuz gauzatuko da neurria, baina 2025 ekitaldira soilik adostu dute. 2026an lanbide arteko soldata igotzeko negoziazioak hasten direnean, berriz adostu beharko baitute zer erabaki hartu. Monteroren esanetan, kenkari hori ezartzeak 200 milioi euro baino gehiagoko kostua ekarriko dio gobernuari.
Diazek, bestalde, argudiatu du lanbide arteko gutxieneko soldata Espainiako Estatuko batez besteko soldata garbiaren %60 izan behar duela, eta PFEZa ez ordaintzeko kopuru minimoa ez bada igotzen ehuneko hori ez dela beteko azpimarratu du.