Hauteskunde garaian, telebistan nahiz gainerako hedabideetan, inkesta, galdetegi eta sondeoen grafika ugari ikus ditzakegu. Datu metaketa honen atzean, ordea, analisia egin beharra dago. Zein alderdi politikoak irabaziko ditu hauteskundeak? Zenbatekoa da zalantzati dauden herritarren ehunekoa? Markak edo pertsonak gailenduko al dira? Zer balorazio dute alderdietako liderrek?
Galdera guzti horiei erantzuten saiatzen da Silvan & Miracle enpresa, Eva Silvan politologo madrildarrak pandemia garaian sortutako “gai publikoetako aholkularitza etxea”. Zehazki, iazko otsailetik egiten dute lan EITB taldearentzat. Orduan hasi baitziren maiatzeko udal eta foru hauteskundeen inkesta eta datuen analisi eta estudioak egiten. “EITB Focus-en mikrodatuak aztertzen ditugu. EITBk egindako transparentzia prozesu bat da, eta herritarrei hauteskunde inkesten tripak eskaini nahi dizkie”, dio Silvanek.
Eva Silvan: “EITB Focus-en mikrodatuak aztertzen ditugu. EITBk egindako transparentzia prozesu bat da, eta herritarrei hauteskunde inkesten tripak eskaini nahi dizkie”
Datu hauen analisia egiteak, euskal iritzi publikoaren bilakaera nolakoa den ezagutzeko aukera ematen dio Silvan & Miracle enpresari, eta errealitate hortaz jabetzea funtsezkoa da euren jardunean, izan ere, proiektuaren zeregin nagusia eragin politiko eta publikoko estrategiak garatzea da, bai enpresa, profesional, mugimendu sozial eta bestelako antolakuntzentzat.
Erakundeen "sona" eta "ospea" areagotzen
“Gai publikoetako enpresek askotariko estrategiak garatzen dituzte, beren bezeroak diren erakunde desberdinei eragiten dieten aferetan nolabait eragiteko asmoz. Hala, gure ezagutza eta eskarmentua antolakuntza hauen esku uzten dugu”, azaldu du Silvanek.
Pandemian sortu zen Silvan & Miracle, “agenda politikoak gainezka egin zuenean”. Izan ere, pandemiak araudi asko ekarri zuen, bai neurri politikoen aldetik bai ekonomia nahiz gizarte arloko hainbat sektoretik ere. Testuinguru horretan, erakunde ugarik erabaki asko hartu behar izan zituzten, eta horiek azaltzeko komunikazio bideak eraiki. Ekintza horietan dihardu Silvanen enpresak.
Euren bezeroen “sona eta garrantzia” areagotzea dute helburu, eta modu honetara, erregulazio esparruan nahiz politika publikoetan eragin nahi dute. “Estrategia instituzionalak zehazten ditugu eragile politikoekin eta konfiantza erlazioak eraikitzen ditugu, gure bezeroen interesak ordezkatuz, eta ordezkaritza horrek agenda politikoaren lotura du, hau da, interes publikoarekin”.
Eva Silvan: “Estrategia instituzionalak zehazten ditugu eragile politikoekin eta konfiantza erlazioak eraikitzen ditugu, gure bezeroen interesak ordezkatuz"
Hartara, hiru arlotan bereizten dituzte jorratutako estrategiak: lehenengoa, datuen analisia eta estudioak egitea litzateke, tartean EITBrekin duten akordioa. Bigarrena, araudiaren jarraipena eta harreman instituzionalak dira, eta hirugarrena garrantzia eta sona handitzeko estrategiak garatzea. Hala, edozein sektoreko enpresekin egiten dute lan, besteak beste, komunikazioan, energia sektorean edota digitalizazioan. “Sektore emergenteetan sartu gara batik bat”.
Narratibak eraiki
Nolanahi ere, datuetan nahiz diskurtso eta narratiben eraikuntzan espezializatu direla aitortu du Silvanek. Egun, bost pertsonako lantaldea osatzen dute, zeinak gehienak politologoak diren, eta honek gaur-gaurko politika instituzionalaren egoera ondo ezagutzea ahalbidetzen die. Halaber, ezagutza honek “une desberdinak” dituela uste du, eta horietako bat hauteskundeak dira, zeinetan “hurrengo lau urteak ezaugarrituko dituen, agenda berri bat eraikitzen den”.
Hauteskunde garaian alderdi politikoen hautagai berriak plazaratzen dira eta hauteskunde programak egiten dira. “Gure bezero diren enpresentzat une garrantzitsua da, hautagaiekin bilerak egiten baitituzte, besteak beste, eta hauteskunde programak diseinatzeko informazio onena eskuratzeko baliatzen dute”. Silvan & Miracle-k testuinguru honen ezagutza altua behar du, eztabaida publikoaren kalitatea maila handiena lortzeko helburuarekin. “Eztabaida politikoaren kalitatea areagotzeko datuak eta zorroztasuna eskaini behar ditugu, eta hori dela eta, gure espezialitatea da datu kopuru handien analisi zorrotza”, gehitu du.
Eva Silvan: “Eztabaida politikoaren kalitatea areagotzeko datuak eta zorroztasuna eskaini behar ditugu, eta hori dela eta, gure espezialitatea da datu kopuru handien analisi zorrotza”
Testuinguru guzti hau hiru agendetan banatzen du aholkularitza etxeak: politikoa, soziala eta mediatikoa. “Hiru agenda hauen bidegurutzeak gure bezeroen estrategiak garatzea ahalbidetzen digu”, dio politologoak. Hala, iritzi publikoaren bilakaera segmentu desberdinetan (adina, generoa, lan egoera), hedabideen lerro editorialak eta lehentasun politikoak edota aktualitate politikoaren azken berriak ondo baino hobeto identifikatuta izan behar ditu Silvan & Miracle-k.
Hiru eszenatoki posible
Hainbeste datu, grafiko eta informazio aztertuta, Silvan eta bere lankideek badute gaurko hauteskundeetan zer gertatuko den aurreikusteko nahikoa ezagutza. Proiektuaren fundatzailearen hitzetan, azken inkesten arabera, “berdinketa tekniko” bat egon liteke EH Bildu eta EAJren artean, beraz, zaila ikusten du hauteskundeak zein alderdik irabaziko dituen aurreikustea.
Hala, hiru eszenatoki nagusi irudikatzen ditu adituak. Lehena, eta Silvanen iritziz gertagarriena, EAJren garaipena bozketan, baina EH Bilduren aulkietan litzateke. “Inkesten arabera, EAJk Bizkaian irabazi dezake, biztanle gehien dituen lurraldean, baina EH Bilduk parlamentuko ordezkaritzan irabazi lezake, Araban eta Gipuzkoan lehen indarra izan baitaiteke”. Bigarrena, EAJ alderdi bozkatuena izatea, eta boto eta aulki gehien ere eskuratzea. Hirugarren eszenatokia, EH Bilduk bai boto eta bai aulkietan irabaztea litzateke.
Hala, EAEko bi alderdi nagusiek ez dute gehiengo absoluturik lortuko, “hori seguru dakigu”, eta beraz, hirugarren indar politiko bat beharko da gobernua eratzeko. “interesgarria izango da hori, bi alderdi abertzaleen arteko distantzia ikusi beharko da, eta baita Alderdi Sozialistak zenbat aulki lortzen dituen ere”.