Health Care Lab, hamar urtez zahartzea ikertuz

Urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute gaur Bilbon

Argazkia: EnpresaBIDEA Argazkia: EnpresaBIDEA

Europako batezbestekoaren gainetik zahartzen ari gara Euskadin, baina hori esateak ez du inor harritzen honezkero. Joera ezaguna da eta erronka demografikoaren neurrietako bat ematen du, jaiotze-tasa txikiarekin batera.

Edonola ere, ongi zahartzen ari gara, adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagun dezaketen osasun-, partaidetza- eta segurtasun-aukerak aztertzen dituen indizean Europako eta Estatuko batez bestekoaren gainetik kokatuta gaude, Europar Batasuneko 28 herrialdeen artean, hamaikagarren postuan dago, zehazki.

Zahartzea erronka eta aukera da gurean, eta horretan diharduten enpresa- erakunde eta ikerketa-eragileak gaur elkartu dira Bilbon, Health Care Lab (HCL) delakoaren 10. urteurrena ospatzeko.

Zerbitzu-enpresa batek ikerketa unitatea abian jartzea ez da ohikoa izaten, are gutxiago zerbitzu horiek gizarte-beharrak asetzera, adineko pertsonak artatzera eta etxeko laguntza eskaintzera zuzentzen direnean. Bada, SSI, Grupo Servicios Sociales Integrados kooperatibak horixe egin zuen duela hamar urte, HCL unitatea sortu, geroztik HCL izeneko unitatea Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sarean homologatuta dagoena. Karmele Acedo SSI kooperatibako kudeatzailea da eta bertan azpimarratu duenez, “erronka berrien aurrean, bakarka baina, elkarrekin egin behar dugu aurrera eta beraz, berrikuntza kooperatiboa da bidea. Ezagutza sortu eta partekatuz lortu dugu zerbitzu eta produktu berriak eskaintzea, premia berriak dituen gizarte adindu honen bizitza-itxaropena eta kalitatea bermatuz”.

BBK Kuna aretoan ospatu du bere urteurrena HCLk, eta bertan elkartu dira ikerketa, garapena eta berrikuntzaren ekosisteman diharduten enpresa eta erakundeak. Sergio Murillo, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako Foru Diputatua eta Marian Olabarrieta, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendaria bertan ziren.

Zahartzeari lotutako produktu eta zerbitzuen testeoa

Health Care Labek ikerketaren esparruan lan egiten du, teknologiaren eta zerbitzu-berrikuntzaren esparruan. Laborategi hitza entzunda ulertzen dugun dena delako hori bada, hortaz, baina ez bakarrik hori. Living Lab Europako ikerketa-metodologiaren bidez, produktu eta zerbitzuen testeoa egiteko gunea ere eskaintzen die zahartzearen arlan lan egiten duten enpresa eta eragilei. Gune fisikoa da, hots, laborategi eta saialdirako espazioa du, baina horrez gain sarea ere bada, Bizkaiko hainbat udalerritan adinekoak, gaixotasun kronikoa edo mendekotasuna duten 2.200 pertsona ingururi arreta emateko zerbitzuak eskaintzen dituzten etxeak eta programak ere bertan txertatzen baitira. Laborategi bizia da, hortaz, garapen teknologikoa, enpresariala eta soziala uztartu egiten dituena.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Adinberri egitasmoko zuzendaria Rakel San Sebastian, Orkestrako Mari Jose Aranguren zuzendaria eta Fernando Fantova gizarte-aholkularia solaskide zirela, zahartzearen erronkari berrikuntzaren bidez nola heldu eta aurrera begirako joerak eta gogoetak partekatu dituzte.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK