
INE Espainiako Estatistika Erakundeak argitaratu dituen datuen arabera, gora egin dute prezio industrialek urtebetean Hego Euskal Herrian, 2025eko urtarrilean. Zehazki, %4,0 handitu dira prezioak Nafarroan eta %2,3 EAEn, aurreko urteko urtarrilaren aldean. Abenduko hilabeteko prezioekin alderatuta, ordea, joera ezberdinak azter daitezke: prezioak jaitsi egin dira Nafarroan (-%0,2), baina igo EAEn (%1,7).
Industria-sektore handien arabera sailkatuz gero, kontsumo-ondasunen prezioak duela urtebete baino altuagoak dira: %2,2 EAEn eta %1,9 Nafarroan. Abenduarekin konparatuta ere antzerakoa gertatu da: %1,2 hazi dira prezioak EAEn eta %0,4 Nafarroan.
Kontsumo-ondasunak iraunkorren eta ez-iraunkorren artean banatzean, ordea, ikus daiteke igoera (batik bat) ez-iraunkorrengatik gertatu dela. Izan ere, kontsumo-ondasun iraunkorren prezioek %4,6ko beherakada izan dute Nafarroan urtebetean, eta %2,4koa abenduaren aldean; EAEn, prezioak aurreko urtean baino %1,1 garestiagoak izan arren, %0,4 txikitu dira abenduaren aldean. Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioak, aldiz, gora egin du Hego Euskal Herrian. Aurreko urtean baino %2,3 eta %2,4 altuagoak dira prezioak, hurrenez hurren, Nafarroan eta EAEn; abenduarekin konparatuta ere, %0,5 eta %1,5 hazi dira (hurrenkera bera jarraituta).
Bestalde, ekipo-ondasunen prezioek ere gora egin dute: %1,7 Nafarroan eta %3,0 EAEn, 2024ko urtarrilaren aldean; bitarteko-ondasunen prezioak Nafarroan %1,5 jaitsi diren arren, gorakada izan dute EAEn, zehazki, %0,3koa. Azkenik, energiari dagokionez prezioa nabarmen handitu da Nafarroan, hots, %19,3ko hazkundea urtebetean. EAEn ere gora egin arren, igoera apalagoa izan da, %4,6koa.