
Etxebizitzen prezioak nabarmen egin du gora Hego Euskal Herrian. Hirugarren hiruhilekoan, EAEko etxebizitzen prezioak %8,4 igo dira, aurreko urteko epe beraren aldean. Nafarroa izan da, ordea, Espainiako estatuan prezioak gehien igo diren autonomia erkidegoa, hots: %10,7 handitu dira. Datuak INE Espainiako estatistika institutuak argitaratu ditu.
Urteko lehen bederatzi hilabeteak kontuan hartuta ere gorakada izan da prezioetan Hego Euskal Herrian: EAEn %10,0koa eta Nafarroan %13,0koa.
Hala, Hego Euskal Herriko prezioen hazkundea handiagoa izan da Espainiako estatuko batez bestekoa baino. Izan ere, Espainian ere gorakada izan arren, txikiagoa izan da: %8,1 urte artean, eta %9,3 2024ko lehen bederatzi hilabeteetan.
Aurreko hiruhilekoaren aldean, EAEn %2,9 hazi dira prezioak, eta Nafarroan hamarreko bat gutxiago. Espainiako estatuko batez bestekoa Nafarroakoaren bera da, hala (%2,8).
Etxebizitza motaren arabera berriak eta bigarren eskukoak sailka daitezke. Horrela, etxebizitza berriei dagokienez, hirugarren hiruhilekoan %14,3 eta %14,7 igo dira prezioak EAEn eta Nafarroan, hurrenz hurren, aurreko urteko epe beraren aldean. Prezioen hazkundea are nabarmenagoa izan da 2024ko urtarriletik irailera: %15,0 igo dira prezioak EAEn, eta %17,9 Nafarroan.
Bigarren eskuko etxebizitzen kostua ere hazi egin da, baina pixka bat gutxiago. Urte artean %7,1 EAEn eta %8,5 Nafarroan; 2024ko lehen bederatzi hilabeteetan, gorakada %9,0koa izan da EAEn eta %10,5ekoa Nafarroan.