Atunaren sektoreak, une honetan, bi erronka nagusi ditu: batetik, hornikuntza katearen jasangarritasun integrala lortzea, ekonomia, gizarte eta ingurumen ikuspegitik; eta, bestetik, atun lata baten atzean dagoena jendeari ezagutaraztea, sentsibiliza eta kontzientzia daitezen. Bi helburu horiek lortu asmoz sortu dute Bermeo Tuna Forum, Bilbon eta Bermeon izango den eztabaidagunea. Halaber, Atunaren Hirien Aliantza sinatuko dute, inoizko lehena. Helena Orella eta Ignacio Serrats, Bermeo Tuna Forumeko zuzendariak eta Bermeo Tuna World Capitaleko presidenteak azaldu dituzte aliantza horren garrantziaren nondik norakoak.
Bermeo Tuna Forum sortu duzue atunaren sektoreko jasangarritasuna hobetu asmoz. Nola bermatzen da jasangarritasun hori?
Helena Orella: Atunaren sektoreak ondorio zuzena du ekonomian, ingurumenean eta gizartean, eta hiru arlo horietan eragiten ditugun inpaktuak ezagutzea ezinbestekoa delakoan gaude, horrexek ahalbidetuko digulako arrasto horiek saihestu, arindu eta konpontzeko mekanismoak aurkitzea. Horregatik sortu dugu Bermeo Tuna Forum, jasangarritasunaren inguruan eztabaidatu eta hausnarketa egiteko foroa, munduko arrantza baliabide garrantzitsuenaren lidergo garen aldetik, sektorearen jasangarritasuna hobetu asmoz.
Ignacio Serrats: Funtsezkoa da kontsumitzen ditugun produktuen jatorriaren trazabilitatea eta gardentasuna bermatzea. Hala, sektorearen beste erronka nagusia lortuko genuke: kontsumitzaileei erosketa arduratsu eta iraunkor bat egiteko aukerak ematea. Baina, hautu arduratsu eta iraunkor hori egin ahal izateko, kontsumitzaileek kontsumitzen dituzten produktuen jatorria zein den jakin behar dute eta hori gure ardura da. Foro honekin sektoreari bultzada garrantzitsua emango diogulakoan gaude.
Presazkoa da jasangarritasunaren inguruko hausnarketa eta eztabaida hori egitea?
H. O.: Guztiz. Pentsa, 2020an 95 milioi tona arrain inguru arrantzatu ziren, eta horietatik 5,3 milioi tona tunidoen espezie nagusienetarikoak ziren (atungorria, hegaluzea, atun moja, marraduna eta hegal horia bezalako espezie tropikalak). Atun espezie nagusiak munduko arrantzaren %20 dira, eta munduan merkaturatzen diren itsasoko produktu guztien %8tik gora. Halaber, munduko biztanleria hazi egingo dela aurreikusten da, eta klima aldaketa kontuan hartuta, beste faktore batzuen artean, atunaren per capita kontsumoa nabarmen handitzea espero da, baina zaila izango da denen eskaria asetzea.
Helena Orella: “Ez daukagu etorkizuneko marjinarik atunaren harrapaketa handitu eta, aldi berean, arrainaren ustiaketa baldintza jasangarrietan bermatzeko. Beraz, erantzukizunez lan egiteak presa du, bai, eta etxetik hasi behar dugu lanean”
Arrantza Erakunde Erregionalek atun populazioari buruz egiten dituzten ebaluazioen arabera, egun harrapatzen diren 5,3 tonarekin Gehieneko Errendimendu Jasangarriaren %86 arrantzatzen ariko ginateke, hau da, ez daukagu etorkizuneko marjinarik atunaren harrapaketa handitu eta, aldi berean, arrainaren ustiaketa baldintza jasangarrietan bermatzeko. Beraz, erantzukizunez lan egiteak presa du, bai, eta etxetik hasi behar dugu lanean.
Atunaren sektorean Bermeoren lidergotza aipatu duzue.
H.O.: Bermeoko flotak munduko atun harrapaketa guztiaren %10 egiten du. Horrexegatik da arrantzaren eta atunaren sektoreko eragilea. Sektorean, jardunbide egokien eta jasangarritasunaren aldeko mugimenduaren buru izan nahi du flota horrek, eta eredugarria da itsasoaren eta bertako baliabideen erabilera jasangarrian. Kontuan izan behar da, 6.000 lanpostu zuzen eta zeharkako baino gehiago sortzen dituela atunaren sektoreak Bermeoko herrian. Horrenbestez, beharrezkoa iruditzen zaigu jasangarritasunari lotutako arau horiek nazioartera begira ezartzea, guztiok helburu berarekin lan egiteko.
Hain zuzen ere, foroa sortu aurretik ere bazenuten Bermeo Tuna World Capital Elkartea ere. Zer nolako helburuak ditu?
I.S.: Bermeo Tuna World Capital elkarteak erronka argia du: munduan atunaren kudeaketa jasangarria sustatzea, baliabide naturala den aldetik, jardunbide egokien ezagutzan eta lidergoan oinarrituta. Aliantza publiko-pribatu baten emaitza da, atunaren balio kateko funtsezko eragile guztiak tartean sartu nahi dituena.
39 bazkide ditu egun: erauzketako, kontserbako eta merkaturatzeko enpresak; arloko elkarteak; AZTI zentro teknologikoa, eta Bermeoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, edota Eusko Jaurlaritza bezalako zenbait erakunde. Zientziaren eta arrantzaren, eta ezagutzaren eta berrikuntzaren arteko lankidetza sustatzea du helburu, ondare historikoa berreskuratzearekin, kudeatzearekin eta zabaltzearekin batera. Orain, foroaren bidez hausnarketa eta eztabaida bultzatuko ditugu.
Maiatzaren 2an eta 3an izango dira Bermeo Tuna Forumeko bi hitzordu nagusiak.
I.S.: Maiatzaren 2an Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da foroaren lehendabiziko zatia. Bertan mundu osotik etorritako ikertzaile eta adituen hitzaldi eta solasaldiak izango ditugu, zenbait erakunde eta enpresetako ordezkarirekin batera. Bertako eztabaida eta hausnarketek, atunaren balio katean parte hartzen duten eragile guztien artean sinergiak sortzeko balioko du, eta horixe da sektore iraunkorra lortzeko behar dena.
Maiatzaren 3an Bermeon izango gara eta atunaren sektorean garrantzitsuak diren munduko zenbait hirik, tartean, Bermeok, Atunaren Munduko Hirien Aliantza sinatuko dugu, denok elkarrekin iraunkortasunaren aldeko bide horretan lan egin dezagun.
Bermeoz gain, zein hirik hartuko dute parte aliantza horretan?
H.O: Sinaduran nazioarteko zazpi hirik hartuko dute parte: Bermeok, Mantak (Ekuador), Concarneauk (Frantzia), Victoriak (Seychelles), General Santos Hiriak (Filipinak), Pago Pagok (Samoa Estatubatuarra), eta Majurok (Marshall Uharteak). Udal gehiago ere aliantzaren parte izango dira, baina denek ez dute sinadurara etortzerik izango. Ez da beti erraza San Diegoko alkatearentzat Bermeora etortzea.
Ignacio Serrats: “Egingo den lehen ituna da, bai. Aitzindariak gara, hori da onena, eta atuna eta bere ekosistemak babesteko balioko du”
Aliantza garrantzitsua da, beraz, egingo den lehena. Zer hartuko du kontuan?
I.S: Egingo den lehen ituna da, bai. Aitzindariak gara, hori da onena, eta atuna eta bere ekosistemak babesteko balioko du. Konpromisoen artean jarri ditugu, esaterako, atunaren iraunkortasuna modu integralean lantzea; artisau arrantza eta arrantza arduratsuko komunitateak babestea; atunaren balio nutrizionala elikagai iturri osasuntsu moduan sustatzea; ingurumeneko eraginak gutxitzea; informazioa eta datuak hobetzeko lankidetzan aritzea; edota jasangarritasunaren eta kudeaketa eta ustiapeneko praktika onen ziurtagiriak sustatzea. Azken batean, jasangarritasunerako bidean, balio kate osoa hartu nahi dugu barne, izan ontziolak, fabrikatzaileak, banaketa, kontserba fabrikak, baxurako arrantza, zientzia, zein erakundeak. Bermeo Tuna Forumen lotuko dira, lehen aldiz, Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) eta arrantza sektoreko jasangarritasuna.
H.O.: Azken batean, giza garapen iraunkor baten aldeko ituna da, Bermeotik, Euskal Autonomia Erkidegotik, mundurako egingo dena. Gure herriak jasangarritasun gaiekin duen konpromisoaren adibide garbia da, eta atunaren jasangarritasunaren erreferentziazko dokumentua izango da sektorearentzat.