Herri bazkariak, Euskal Parrillan

Herriko festetako bazkariak kudeatzen dituzten enpresek gero eta eskari handiagoa dute, eta lan zama handia izaten dute asteburuetan batik bat. Euskal Parrilla da enpresa horietako bat

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Pasta entsalada, oilaskoa patatekin eta postrerako izozkia, uda aldeko egun beroetan aproposa den herri bazkaria. Herriko biztanleen topagunea bilakatu dira honakoak, urteko joan-etorriez hitz egiteko espazio berezia, lagunkoia. Herritarrak eroso sentiarazteko, baina, udalek zein festa elkarteek lan handia izaten dute honakoak antolatzen, plazak betetzen baitira beti jaialdietan. Izan udalak zein festa elkarteak, urteko jaien egitarau guztia prestatzeko lan handia izaten dute, eta, testuinguru honetan, herri bazkariak prestatzeko erabakia hirugarrenen menpe uzten dute. Badira hainbat enpresa bazkariak prestatzeko zerbitzuak eskaintzen dituztenak, Euskal Parrilla kasu.

2006an hasi zuten ibilbidea, pintxo dastaketak egiten, baina 2012an ekin zioten herri bazkariak prestatzeari. Urtero hiruzpalau ekitaldi egiten zituzten orduan, baina aurreko urtean 230 bat jaialdi prestatu zituzten orotara, horietatik 160 bat herri bazkariak izanik. Ibilbide eta esperientzia handiarekin, ezkontzetan zein bestelako ekitaldietan ere zerbitzuak eskaintzen dituzte, betiere parrilla etxeko berezitasun gisa aurkeztuta. Euskal Parrillako arduradunetako bat den Ander Atorrasagasti enpresaren bilakaeraren inguruan aritu da: “urtero gero eta ekitaldi gehiago egiten aritu gara”.

Ander Atorrasagasti: “Hilabete batzuk lehenago lehen kontaktua izaten dugu antolatzaileekin, eta gero, behin menuak ikusita, eguna erreserbatzen dugu”

Herri bazkariak kontratatzeko prozesua urtarrilean edo otsailean hasten dela dio Atorrasagastik, uda alderako dena prest izateko. “Hilabete batzuk lehenago lehen kontaktua izaten dugu antolatzaileekin, eta gero, behin menuak ikusita, eguna erreserbatzen dugu”, argitu du. Berez, hainbat menu ezberdin eskaintzen dituzte Euskal Parrillan, bai helduentzako zein haurrentzako. Helduen prezioa 17€ eta 35€ artekoak izaten dira, baina enpresako arduradunak dio herri bazkarietan prezio merkeko aukeretara jotzen dela. Herriko jaietan antolatzaileak jendea hurbiltzea nahi dutelako, prezioa “ekonomikoagoa” dela dio arduradunak. Dieta bereziak dituzten menuak ere eskaintzen dituzte.

Behin eguna eta menu aukera adostuta, bazkaria baino aste bat arinago berriz ere kontaktuan jartzen da Euskal Parrilla interesdunekin. Pertsona kopurua, intolerantziarik badagoen, mahairik edota aulkien beharra eta bestelako kontuak kudeatzen dituzte orduan. “Behin honakoa adostuta, bazkaria egiten dugu, eta gero faktura bidali antolatzaileari”, nabarmendu du Atorrasagastik.

Bazkarietako gorabeherak

Faktura bazkari egunaren ostean gauzatzen da: “herri guztian egoten dira gorabeherak; pertsona gehiago datozela, gutxiago, menuak aldatu beharra dagoela eta horrelakoak”. Era berean, azken faktura horren kopuru osoa antolatzaileari bidaltzen zaio, ez da banaka ordaintzen. “Ez dugu jatetxeetan bezala kobratzen banaka. Guri azkenean kontratatu egiten gaituzte, eta, beraz, zerbitzu osoa ematen dugu azken faktura bat kobratuz”, azaldu du arduradunak. Hori bai, zerbitzu guztia herriko ohiturak mantentzeko ahaleginarekin egiten dutela dio, berezitasunetara moldatzen direlako. “Adibidez, herri batean beti jaten badute oilaskoa jaiegunean, menua horretara moldatzen dugu, nahiz eta parrillako jakiak beti ditugun gure espezialitatea direlako”, azpimarratu du.

WhatsApp Image 2023 07 24 at 17.46.05
Argazkia: Euskal Parrilla

Kopuru bat, herrirako

Euskal Parrillak azken faktura bat bidaltzen dio kasuan kasuko antolatzaileari, baina pertsonako menu prezioa azken honek adosten du. Festa elkarteek zein udalek, askotan, dirua biltzen dutenean ez dute menuaren kopuru bera jasotzen. Diru gehiago eska dezakete elkartearen kostuetarako, adibidez, eta marjin horrekin bazkariaren kopuru bat finantzatu. Era berean, banakako menuaren kostua merkeagoa egiten duten elkarteak zein udalak ere badaude, bazkariaren kostua biztanleentzako merketu nahi dutelako. “Gu hurbiltzen gara eta zerbitzua ematen dugu, ez gara kudeaketa horietan sartzen, baina honako kasuak ohikoak izaten dira”, mahaigaineratu du Atorrasagastik.

Ander Atorrasagasti: “Herri txikietara joaten garenean, eta bazkarian herri ia guztia ikusten dugunean, poztasuna ematen digu”

Jai giro horretan murgiltzea benetan “polita” dela dio, kasu “kuriosoak” eratzen baitira haren aburuz. “Herri txikietara joaten garenean, eta bazkarian herri ia guztia ikusten dugunean, poztasuna ematen digu”. Gainera, Atorrasagastik dio antolatzaile zein elkarte ezberdinak betiere laguntzeko prest agertzen direla. “Eskuzabalak izaten dira gurekin herriko antolatzaileak. Oso jatorrak izaten dira eta honako festa giroa oso polita da guretzat”. Hala ere, Euskal Parrilla bezalako enpresek lan handia izaten dute egun gutxitan kontzentratua.

Bazkariak beti asteburuetan

Asteburuetan ospatzen dira batez ere herriko jaiak, eta lan zama “izugarria” izaten dutela dio Atorrasagastik udako hilabeteetan. “Festarik festa gabiltzanok ezagutzen gara, eta egoera berdinean gaude, lan handiarekin”, adierazi du du. Hori dela eta, erronka ugari dituztela nabarmendu du, etorkizunera begira zerbitzuaren zein herriko jaien ongizatea mantentzeko hobetu beharrekoak: “bezero askori ezetz esan behar izaten diegu”.

Ander Atorrasagasti: “urte hasieran memoria bat egiten dugu, behin egunak bezeroekin adosten hasten garenean, ostera egutegia kudeatzen joateko”

Auzia indartzeko helburuarekin, urte osoko egitarau bat gauzatzea du xede Atorrasagastik: “urte hasieran memoria bat egiten dugu, behin egunak bezeroekin adosten hasten garenean, ostera egutegia kudeatzen joateko”. Herri bazkarien eskaria oso handia dela dio, jaiak antolatzean lana erraztu nahi izaten delako. Finean, festetan herriko jendea murgiltzeko hirugarrenetara hurbiltzen dira, nahiz eta lana handitu: “egun batean zortzi ekitaldi batera ere egin izan ditugu”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK