Inkestek iragarritakoa beteta, RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdia gailendu zen pasa den igandean Frantziako Asanblearako hauteskundeen lehen itzulian, botoen %33 eskuratuta. Bigarren indarra NFP Fronte Popular Berria ezkerreko alderdien aliantza (%28), eta Ensemble koalizioa, Emmanuel Macron presidentearen alderdia izan zen hirugarren (%21). Gaur egingo da bigarren itzulia, eta ultraeskuinaren aurka egiteko “bat egite demokratiko eta errepublikano” batera deitu dute aste honetan NFPk zein Macronek.
Asko du jokoan hexagonoak hauteskunde hauetan, eta horren erakusle da 1997az geroztik Asanblearako hauteskunde batzuen lehen itzuliko parte hartzen handiena (%66,7) izan zela orain zortzi. Macronek hauteskundeak iragarri izanak ziurgabetasun finantzario eta politikoa eragin du herrialdean. Izan ere, ultra eskuina boterera iristea desafio galanta litzateke Europako Batasunarentzat, herrialdeko kontu publikoak oso larri diren testuinguru batean. %110,7ko zor publikoa du egun Frantziak, eta arau fiskalak apurtzeagatik zigorrak martxan jartzear da Brusela.
EBko bigarren ekonomiak, iaz, 2.803.100 milioi euroko BPGa eta 40.800 euroko per capita errenta izan zuen. Europar Batasunak, baina, begiz jota ditu herrialdeko finantzak, kontuak orekatzeko zailtasun handiak baititu, gastu publikoa diru-sarrerak baino handiagoak dira, eta defizita BPGaren %5,5 izan zen 2023an. Gainera, aurtengo aurreikuspenak ere ez dira oso itxaropentsuak hexagonoarentzat, defizita soilik bi hamarren jaistea aurreikusten baita. Europar Batasunak %3ko defizita du ezarrita mugatzat.
Europar Batasunak, baina, begiz jota ditu herrialdeko finantzak, kontuak orekatzeko zailtasun handiak baititu, gastu publikoa diru-sarrerak baino handiagoak dira, eta defizita BPGaren %5,5 izan zen 2023an
Hori gutxi balitz, herrialdearen zor publikoak gora egin du 2024ko lehen hiruhilekoan. INSEE Frantziako estatistika eta ekonomia ikerketarako nazio institutuaren arabera, 3,16 bilioi eurokoa da egun (lehen aipatutako BPGaren %110). Urte amaieran %112tik gorakoa izango dela uste dute adituek, eta EBren arau fiskalek %60tik behera izatea eskatzen dute. Honek guztiak zergen igoera handi bat ekar dezake herrialdean.
Defizitari nola aurre egin
Ez dirudi bigarren itzulian RN Batasun Nazionalak gehiengo osoa lortu duenik. 577 diputatu daude jokoan eta RNk 289 lortu beharko lituzke horretarako. Azken estimazioen arabera, 230 eta 280 artean lortuko ditu. Hori bai, parlamentuan gehiengo nahiko sendo bat erdietsiko duela nahiko ziurra dirudi.
Joan den ekainaren 9an, Macronek Europako Parlamenturako hauteskunde gauean aurreratu zituen bozak, RNren emaitza onak ikusita. Erabakia, ordea, ez zaio bereziki ondo atera, bere alderdia hirugarren indarra izatera igaro baita, botoen %21 erdietsiz. Eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko estrategia oker atera zaio beraz. Martxoan, Macronen gobernuak 10.000 milioi euroko gastu publikoaren murrizketa iragarri zuen, eta 2025ean 20.000 milioi eurokoa, defizita %3aren azpitik kokatzeko 2027an.
Martxoan, Macronen gobernuak 10.000 milioi euroko gastu publikoaren murrizketa iragarri zuen, eta 2025ean 20.000 milioi eurokoa, defizita %3aren azpitik kokatzeko 2027an
2022ko hauteskunde presidentzialak irabazita, Macronen agintaldia 2027an amaitzen da. Aitzitik, bere politiken aurkako aldarriak gero eta ozenagoak dira Frantziako karriketan. Bizitzaren garestitzeak arrabotsa sortu du, eta azken urteotan mobilizazioak areagotu dira herrialdean. Besteak beste, aurten nekazarien protestak nabarmendu dira, baita erretreten erreformaren aurkakoak ere iaz, 2030tik aurrera 62tik 64ra igotzea ahalbidetzen zuen legea aurrera atera baitzuen.
Herrialdearen BPG aurreikuspenak ere ez dira oso baikorrak. Hazkunde apala espero da aurten, %0,9koa, iaz bezala. Europako herrialde gehienen gisan, industria makal dabil eta zerbitzuen sektorea ez da gai izaten ari herrialdeko ekonomia zuzentzeko.
Finantza merkatuen lasaitua
Eskuin muturraren garaipena ekiditeko, Macronen Ensemblek hautesbarrutietan hirugarren geratu diren bere diputatugaiei eskatuko die hautagaitzarik ez aurkezteko bigarren itzulian, eta arduraz jokatzeko deia egin die gainerako alderdiei. Jean Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko liderrak ere antzerako aldarrikapena egin du egunotan, errepublika eta bere balioak jokoan daudela gogoraraziz.
Ez RNk ez beste alderdiek gehiengo osora ez iristea da litekeena, eta beraz, zaila izango da osatzeke den parlamentuan pisuzko erabaki ekonomikoak aurrera ateratzea. Konstituzioaren 49.3 artikulua aplikatu beharko lukete lege berriren bat aurrera ateratzeko, lehenago Macronek erretreten erreforma onartzeko erabili duena. Hartara, nolabaiteko status quo bat mantentzea espero da. Pasa den igandeko emaitzak ezagututa, eta bai eskuin bai ezkerreko alderdiak gehiengo osora ailegatzeko aukera gutxi dituztela ondorioztatuta, merkatuak lasaitua hartu du. Frantziako burtsak %1,09ko igoera izan zuen, 7.561,13 puntutaraino, eta arrisku-primak baherantz egin zuen, hamar puntu jaitsi baitzen astebetean, 85 puntutik 75ra.
Frantziako burtsak %1,09ko igoera izan zuen, 7.561,13 puntutaraino, eta arrisku-primak baherantz egin zuen, hamar puntu jaitsi baitzen astebetean, 85 puntutik 75ra
Bigarren itzulira begira beraz, merkatuko tentsioa apaldu egin da. Parlamentuan izango den ordezkari banaketak zaildu egingo du gobernu berriak gastua handitzeko erabakia babestea, besteak beste. Dena den, lehen itzuliko emaitzak ezagututa, burtsak izan duen igoera, hauteskundeen aurretik etorritako jaitsieraren osteko errekuperazioa izan daitekeela diote adituek.
Parlamentuan eman daitekeen blokeo politikoak defizitari aurre egiteko erreformak gauzatzea ere oztopa dezake. Finean, Frantziaren egoera politiko ezegonkorraz ez da fio merkatua, eta EBren aurkako parlamentu bat aterako balitz, merkatuaren mesfidantza areagotu egingo litzateke.