Hitzarmen kolektiboa indarrean duten langileek %3,36 gehiago irabaziko dute aurten

Enplegu Erregulazioko Espedienteek eragindako langileen kopurua %20,6 igo da urtarriletik abuztura bitartean

Ehungintza merkataritzako langileak hitzarmen duina eskatzeko protesta batean | Argazkia: ELA Ehungintza merkataritzako langileak hitzarmen duina eskatzeko protesta batean | Argazkia: ELA

2024ko bigarren hiruhilekoan EAEko BPGa %1,8 hazi da, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Sektore guztiek urte arteko hazkunde positiboak izan dituzten arren, hazkunderik handienak lehen sektorekoak (%2,8), zerbitzuetakoak (%2,3) eta eraikuntzakoak (%1,5) izan dira; industria, berriz, %0,4 hazi da bigarren hiruhilekoan.

LHK Lan Harremanen kontseiluak gaur emandako datuak dira hauek, uztaileko eta abuztuko datu soziolaboralak hain zuzen. Negoziazio kolektiboaren bilakaerari dagokionez, abuztuaren amaieran langileen %61,5ek beren hitzarmenak eguneratuta zituzten (ekaina bukaeran %60,1 ziren), eta beren hitzarmenak iraungita zituzten soldatapekoen kopurua, berriz, kasik ez da aldatu. Indarrean dauden hitzarmenetan 2024rako adostutako batez besteko igoera %3,36koa da: %3,58koa EAEn negoziatutako hitzarmenen kasuan, eta %2,86koa EAEn eragina duten estatu mailako hitzarmenen kasuan.

Halaber, uztailean eta abuztuan 35 hitzarmen berri adostu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietako sei sektorekoak izan dira; bi, erkidegoan negoziatutakoak, eta lau, Madrilen eginak.

Azkenik, Enplegu Erregulazioko Espedienteek eragindako langileen kopurua %20,6 igo da urtarriletik abuztura bitartean, eta greben ondorioz lan egin gabeko lanaldien kopurua lehen seihilekoan, berriz, %28,9 jaitsi da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK