Hizkuntzen kudeaketa enpresen lehiakortasunerako faktore dela ziurtatu zuen bart Imanol Pradales lehendakariak Kursaalen (Donostia) egindako Hizkuntzen Irabazia izeneko kongresuan. FUEN (Federal Union of European Nationalities) erakundeak eta Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak antolatu dute topaketa eta nazioarteko zein tokiko aditu asko bertaratu dira egunotan Gipuzkoako hiriburura.
Hizkuntzaren industriak ekonomiari ekar dakizkiokeen onuren gainean aritu ziren atzo. Ertz askotatik heldu zioten gaiari, eta eguneko azken hitzaldian hizkuntzen industriaren balio-kate osoari buruzko hainbat hausnarketa plazaratu zituzten Eli Pombo Iametzako zuzendariak, Izaro Navas ekonomialari eta egunkari honetako kolaboratzaileak eta Amaia Balda Emun kooperatibako koordinatzaile orokorrak.
Hizkuntzaren industriak lau azpisektore ditu: teknologia, irakaskuntza, itzulpengintza eta edukiak. Langune 2010az geroztik dabil industriaren balio-katea indartzen eta Iametza elkartearen parte da. “Zentro teknologikoek, aholkularitza etxeek edota formazio zentroek industriaren ikerketa, garapena eta berrikuntza gauzatu behar dute, ondoren hura enpresek aplikatu dezaten, eta azkenik, merkatura ateratzeko, hau da, hizkuntza kudeatu behar duen ororengana iristeko”, azaldu zuen Pombok bere hitzaldian.
Hizkuntzen teknologian dihardu batik bat Iametzak, eta hizkuntzaren industriako balio-katean zehar identifikatuko hainbat arazo zerrendatu zituen Pombok. “Sarritan ikusi dugu ikerketatik merkatura jausi bat dagoela, hau da, ikertzen den teknologia hori ez dela bezeroen beharretara egokitzen”. Era berean, adierazi zuen ez direla “bezeroen espektatibak betetzen”, funtsean, “teknologia hegemonikoen eredu eta erreferentziak” ditugulako. Azken faktore bat ere nabarmendu zuen: hizkuntzen kudeaketan inbertitzeko kultura falta, “doakotasunera ohituta" gaude eta.
Eli Pombo: “Sarritan ikusi dugu ikerketatik merkatura jausi bat dagoela, hau da, ikertzen den teknologia hori ez dela bezeroen beharretara egokitzen”
Balio-katean zehar aukerak ere badaude ordea. Euskarazko teknologiak aurrera egin dezan zentro teknologikoak egiten ari diren lana azpimarratu zuen Iametzako zuzendariak, “itzulpenak, transkribapenak eta ahots sintesiak lantzen”, eta ekimen kolektibo eta bolondresen lana jarri zuen mahai gainean, Common Voice proiektua horren adibide.
Bere ustetan, euskaraz bizi nahi duen komunitate bat egotea ere aukera da hizkuntzaren industriarentzat, izan ere, “merkaturik ez badago balio-katearen gaineko guztia soberan dago”.
Eta azkenik, software librearen erabilera aipatu zuen, “hizkuntza gutxituen aliatua” baita. Enpresa teknologiko handientzat hizkuntza gutxituak ez dira garrantzitsuak eta ez dituzte euren “negozio parametroetan” kokatzen. “Software librearen bidez aukera dugu hizkuntza komunitate desberdinen beharrei erantzuteko, kodearen gainean aldaketak egin ditzakegulako besteak beste, eta era berean, egindako ekarpenak komunitateari itzultzeko aukera dugulako".
Hizkuntzen balio ekonomikoa
Izaro Navas ekonomialariak bere Gradu Amaierako Lanaren xehetasunak eman zituen. Hizkuntzen balio ekonomikoaren azterketa konparatiboa burutu du Navasek, euskara, valentziera eta galiziera erkatuta. EAEn euskarak 56.142 lanpostu (guztikoaren %6,3) sortu dituela azaldu zuen Navasek, Nafarroan, aldiz, 8.265 (%2,9), hots, Hego Euskal Herrian euskarak 64.407 lanpostu sortzen ditu. 2.801 milioi euro lirateke BPGari dagokionez EAEn eta 390 milioi euro Nafarroan.
Hizkuntzen inpaktu neurtzeko hainbat sektore aztertu ditu, hala nola, hizkuntzaren industria, kultura eta hedabideena, hezkuntza eta administrazio publikoa, eta hainbat ondorio atera ditu. Besteak beste, hizkuntzaren industrian euskarak garrantzia handiagoa duela valentzierak edo galizierak baino. Kultura eta hedabideen industrian, aldiz, galizierak pisu gehiago du.
Hego Euskal Herrian euskarak 64.407 lanpostu sortzen ditu
Hezkuntzari dagokionez, galizierak, valentzierak eta euskarak eragin parekoa dute euren lurraldeetako ekonomian. Administrazio publikoan galizierak du garrantzia handiena.
Halaber, hizkuntzok lanpostuko sortzen duten balio erantsi gordina neurtu du ekonomialariak, eta ondorioztatu du Euskal Autonomia Erkidegoan euskarazko komunikabideak direla balio erantsi gehien sortzen dutenak, Nafarroan, aldiz, administrazio publikoa da lanpostuko balio erantsian nabarmenen eragiten duena.
Euskara planen ekarpena
Euskara planek enpresen lehiakortasunean egindako ekarpenaren inguruan mintzatu zen Amaia Balda Emun kooperatibako koordinatzaile orokorra. Gehi izeneko proiektuaren arduraduna da bera, zeinetan Eika, Ikerlan, Danobat eta Fagor Electronicak parte hartu duten. “Euskara planetan esperientzia luzea duten lau kooperatiba dira”, argitu zuen.
“Langileen parte hartzea, elkarlana, langileen ongizatea eta gogobetetzea, kolektibotasuna eta ludikotasuna eta gizarte erantzukizuna izan dira kooperatibek gehien azpimarratu dituzten ekarpenak”, azaldu zuen Baldak. Gaineratu zuen hizkuntza “gure izatearen eta identitatearen parte esanguratsua” dela, eta ondorioz, langileen gogobetetzean eragina duela eta enpresek uste dutela “badagokiela euskararen bizi berritzean parte hartzea”. Dena den, arlo jakin batzuetan euskara muga izan daitekeela uste du, talentuarenean, esaterako.
Amaia Balda: “Langileen parte hartzea, elkarlana, langileen ongizatea eta gogobetetzea, kolektibotasuna eta ludikotasuna eta gizarte erantzukizuna izan dira kooperatibek gehien azpimarratu dituzten ekarpenak”
“Orain 27 urte euskara planak martxan jarri genituenean, hizkuntzaren erabilera zerbitzu eta lan hizkuntza moduan garatzen ari ginela uste genuen, baina ikerketa honek erakutsi digu bestelako ekarpen batzuk ere egin dituela”, nabarmendu zuen Baldak, euskara planak enpresen erronkei aurre egiteko “aliatu garrantzitsu” izan daitezkeela aldarrikatuz.