Ia 5.000 milioi euro irabazi ditu BBVAk ekainera arte

Sei hilabeteko epe batean inoiz lorturiko emaitzarik onena da. %29 handitu ditu irabaziak, aurreko urteko epe berarekin alderatuta

BBVAren Madrilgo egoitza | Argazkia: iStock BBVAren Madrilgo egoitza | Argazkia: iStock

4.994 milioi euroko mozkin garbiak izan ditu BBVAk 2024ko lehen seihilekoan, eta iazko epe bereko irabaziak %29 handitu ditu. Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak (CNMV) eman du datuen berri, eta bankuak sei hilabeteko epe batean inoiz lorturiko emaitzarik onena da.

Jardueraren eta kredituaren "dinamismo handiak" eragin du etekinen gorakada, finantza erakundearen arabera. Hala, bigarren hiruhilekoa ere inoizko onena izan da BVVArentzat, 2.794 milioi euroko mozkinak lortuta (iazko epe berean baino % 38 gehiago).

Interesen marjina %20 handitu du (12.993 milioi euroraino), eta komisio garbietan jasotakoa, %35 (3.842 milioi euro). Bezeroen gordailuak %7,1 handitu ditu azken urtean, 611.959 milioi euroraino. Errentagarritasunean ere gora egin du, Rote kapitalaren gaineko errentagarritasuna %20ra igo baitu, martxoko %17,7tik.

Onur Genç BBVAren kontseilari delegatuak emaitza “apartak” lortu eta azken hiru urteetan ezarritako helburuak “erraz” gainditu dituztela adierazi du.

Sabadell bankua bereganatzeko prozesuan murgilduta dago BBVA. Bi bankuak elkartuz gero, hiru urtean 850 milioi euroren sinergiak lortuko liratekeela gehitu du, eta modu honetara, 300 milioi euro aurreztuko lituzketela pertsonal kostuak murriztuz. Erakunde "indartsuagoa eta errentagarriagoa" sortuko litzatekeela ere nabarmendu du kontseilari delegatuak. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK