Zerga bilketan metatuko datuek gora egin dute, aurreko urteko abuztuaren aldean, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Bizkaiaren kasuan %3ko hazkundea eman da, aurreko urtean baino 179,4 milioi euro gehiago bildu baitira; Araban, gorakada %1,4koa izan da, 2023an baino 23 milioi euro gehiagorekin; Gipuzkoan, iaz zerga bilketan metatutako datuak %1,6 baxuagoak izan baziren ere, aurten tasa positiboak lortu ditu, 3.656,5 milioi eurorekin, aurreko urteko aldi berean baino %1,1 gehiago.
2023ko aldi beraren aldean, eta zergak banan-bana aztertuta, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) bilketa garbiaren kasuan, Bizkaia eta Araban %4,1 eta %1,6 igo da zenbatekoa, 131,7 milioi euro eta 10,3 milioi euro gehiago, alegia. Gipuzkoaren kasuan, ordea, PFEZaren bilketa %2,8 jaitsi da, 41,2 milioi eurora arte. Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, diru-bilketak hazkundea izan du hiru lurraldeetan: Gipuzkoan %13,2, Bizkaian %11,3 eta Araban %4,5.
Gipuzkoako Ogasunak kudeatutako BEZari dagokionez, 919,2 milioi euro bildu dira, 2023an baino %1,5 gutxiago. Hidrokarburoen gaineko Zerga ere %1,7 jaitsi da, 4 milioi euro, alegia. Bizkaian eta Araban ere, BEZagatik iaz baino gutxiago bildu da: %8,1 eta %1,8, hurrenez hurren. Hidrokarburoen kasuan, Bizkaian %0,5 gehiago bildu da, eta Araban, aldiz, %7,3 murriztu da bildutako diru kopurua.