Donostiako Kofradia – Itsas Etxeak jakinarazi duenez, abuztura arte 9.840 hegaluze tona bildu dira Gipuzkoako portuetan, Getarian, Pasaian eta Hondarribian batik bat, iaz baino ia 4.000 gutxiago.
Kofradiaren arabera, Espainiako Estatuari dagokion kuotaren %41 soilik arrantzatu da oraingoz, iazko epe berean %73 bete zenean. Aurten kuota hori 24.495 tonakoa da, 2023koa baino %30 handiagoa. Hala, badirudi aurtengo kanpaina urrira arte luzatu daitekeela.
Kanpaina “normaltasunez” doala adierazi dute kofradiatik. Pasa den ekainean nahiko “eskas” hasi bazen ere, “erritmoa berreskuratzen” ari dela diote. Halaber, kanpaina urrira arte luzatzea azken zazpi urteetan ez dela gertatu gogoratu dute, izan ere, abuztuaren amaiera edota irailaren hasierarako jada bukatutzat ematen zen.
Hegaluzea lonjan saltzeko batez besteko prezioa kiloko 3,57 eurokoa da aurten, eta aurreko urteekin alderatuta, zertxobait jaitsi da prezioa.