II. Ituna Sarietarako izen-ematea zabalik

Itun Ekonomiko eta Foru Ogasunei buruzko MAL eta GRAL onenak sarituko dira

Argazkia: Ituna Saria Argazkia: Ituna Saria

Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Dokumentazio eta Ikerketa Zentroak II. Ituna Sarirako deialdia ireki du, Itun Ekonomiko eta Foru Ogasunen gaiekin zerikusia duten eta 2022an defendatutako master amaierako (MAL) eta gradu amaierako (GRAL) lan onenak saritzeko.

II. Ituna Saria jaso ahal izango dute 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean EHUn edo Euskadiko edo Espainiako goi-mailako edo ikerketa ofizialeko beste edozein ikastetxetan defendatu eta kalifikatutako MAL eta GRALek, baldin eta gutxienez 8ko kalifikazioa lortu badute, originalak badira, eta Sari honen xede diren gaiekin zerikusia badute. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez egindako lanak onartuko dira.

Lanek edozein ikuspegi edo diziplinatatik landu ahal izango dute gaia: fiskalitatea, historia, soziologia, zuzenbidea, ekonomia, didaktika, etab. Edozein fakultate, gradu eta jakintza-arlotako ikasleek jaso ahal izango dute saria, betiere lanek Sari honen xede diren gaiekin zerikusia badute.

MAL onenari 600 euro eta Ituna Diploma emango zaizkio, eta GRAL onenari 300 euro eta Ituna Diploma. Bi kategorietan, saritua mintegi akademiko batera deituko da. Mintegi horretan bere proiektua eta ikerketaren emaitzak aurkeztuko ditu, saria emateko jendaurreko saio batean. Proiektua jendaurreko bilkuran aurkeztea ezinbesteko baldintza izango da saria jasotzeko.

Era berean, Ad Concordiam Kontzertu Ekonomikoa Sustatu eta Zabaltzeko Elkartearekin egindako lankidetzari esker, saritutako lanak elkartearen Ikerketa Bilduman argitaratzeko aukera izango dute.

Lanak aurkezteko epea irekita dago jada eta 2023ko martxoaren 15era arte egongo da zabalik (egun hori barne). Izen-emate baldintzak eta informazio gehiago Itunaren atarian.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK