Ikus-entzunezko industriak 58,5 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan du Bizkaian

Bilbao Bizkaia Film Commissionen arabera, "aurrekaririk gabeko urtea" izan da. 151 ekoizpen filmatu eta 1.026 filmaketa egun izan dira 2023an lurraldean

Xabier Otxandiano eta Ainara Basurko | Argazkia: Europa Press Xabier Otxandiano eta Ainara Basurko | Argazkia: Europa Press

Bilbao Bizkaia Film Commissionek sustatutako ikus-entzunezko proiektuek 58,5 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan dute pasa den urtean. Kopuru hau 2021ekoa baino lau aldiz handiagoa da, eta sektorearentzat “aurrekaririk gabeko urtea” izan dela adierazi dute Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotziak eta Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustapen saileko foru diputatuak.

Bilbao Bizkaia Film Commissionek 2023an izandako jardueraren nondik norakoak aurkeztu dituzte gaur Bilbon, Zabalgune eraikinean. Denera, 151 ekoizpen egin dira, eta 1.026 filmaketa egun izan dira lurraldean, 2022an baino %74 filmaketa gehiago.

Ekoizpen guztietatik 76 euskaldunak izan dira, eta gainerako 75ak nazioartekoak. Jarduera guzti hau dela eta, 1.113 pertsona mugiarazi dira, bai ekipo teknikoak bai artistikoak erabili dituztelarik. 33 film labur, 21 dokumental, 31 telebista saio, zortzi bideoklip, bi webserie, 33 iragarki eta lau argazki saio egin dira orotara.

Basurkoren hitzetan, “urte bikaina” izan da ikus-entzunezko industriarentzat, eta baita Bilbao Bizkaia Film Commissionentzat ere. "Pizgarri fiskal berriak indarrean dauden lehenbiziko urtean, ikus-entzunezko industriaren lehentasunezko helmuga gisa finkatu dira Bilbo eta Bizkaia. Horren guztiaren ondorioz, lurraldeko 67 udalerritan filmatu dira ekoizpenak”, azaldu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK